20 urte beteko ditu EHZ festibalak aurten. 1996an Arrosan lehen edizioa eginez geroztik, urtez urte, Euskal Herriko kultura eta musika jaialdirik esanguratsuenetakoa izatera heldu da. Uztailaren 3tik 5era ospatuko da aurtengo edizioa Lekornen (Lapurdi), Baionatik 20 minutura dagoen herritxo batean.
Kultur, musika, arte... adierazpenen laguntza eta trukaketa plataforma bat izateko gogoz eta asmoz sortu zen EHZ festibala. 20 urtez bere izanari eta izaerari eustea lortu du, hala erabakitako bidea egin du, eta Euskal Herriko kultur eta musika jaialdi propio eta alternatibo esanguratsua izatera heldu da. 15.000 pertsona elkartzen dira bertan.
Musika jaialdi erraldoi komertzialetatik haratago, EHZ festibala musika ez beste adierazpen kultural mordoa ere biltzen duen jaialdia da, euskalduna eta euskal sortzaileei leku egiten diena, publizitateaz finantzatzen ez den Europako jaialdi ia bakarra. Euskal Herriko barnealdean ere gauza politak egin daitezkeela erakutsi nahi izan dute 3 eguneko jaialdi polit bat antolatuz, eta bai lortu ere. Gure zorionik beroenak egindako lanagatik!
Lekornen (Lapurdi) ospatuko da EHZ festibalaren 20 edizioa uztailaren 3tik 5era. Han egiten da 2012az geroztik. Betiko legez, jaialdia ez da bakarrik gaueko gertakari bat izango: ordutegi biziki zabala ukanez, animazioak goizeko 10:00etan hasten dira goizeko 4:00etan bukatzeko. Besteak beste, kaleko artea, haurren txokoa eta konferentziak izango dira bertan.
Aparkalekua eta akanpalekua urririk izaten dira. Akanpatu baino nahiago baduzu beste nonbait lo egin, Les Charmes nekazal etxea eta Ottandea landetxea gomendatzen dizkizugu guk, Lekornen bertan. Etchebarne jatetxera gertura zaitezke jatera. Autobusak izaten dira Bilbo, Hernani, Donostia, Iruñea, Maule, Hendaia, Biarritz eta Baionatik EHZ festibalera joateko.
Hortzak zorrozten hasteko, Berri Txarrak, Deluxe, Skip&Die eta Cotton Claw dituzue aurtengo 20. edizio honetan parte hartuko duten musika-taldeetako batzuk. Informazio luze eta zabala, www.ehz-festibala.eu webgunean.