BLOGA

ONDAREA
2016(e)ko uzt. 13(a)

Bargotako Joanes, laino gainean ibiltzen zen Euskal Herriko aztia

Bargotako Joanes, laino gainean ibiltzen zen Euskal Herriko aztia

Ez gara orain gu hasiko Euskal Herriko sorginen historia eta istorioak azaleratzen. Mila dira han eta hemen, antza, botere bereziak eta “ez hain onak” eduki izan dituztenak.

 

Kontuak kontu, gaur horietako azti baten aipamena egin nahiko genuke; Bargotako (Nafarroa) Joanesena, hain justu. Pertsona eta pertsonaia ezaguna da herrian zein inguruko bazterretan. Nafarroako aztirik ezagunenetakoa dela esaten ere ausartuko ginateke.

 

Bargotako Joanesen omenez, Sorginkeriaren Astea ospatzen dute herrian urtero. Harako gonbidatu duzu honakoa eta, bide batez, Bargotako Joanes gehixeago ezagutzeko aukera.

 

Eta nor zen ba Bargotako Joanes? Asko du kondairatik eta ez hainbeste historia dokumentatutik, antza denez. Mila kontakizun, beraz, Bargotako Joanesen inguruan.

 

XVI. mendean jaio omen zen Joanes, familia dirudun xamar batean. Bargotatik Salamancara joan zen erlijio-ikasketak egitera eta han murgildu ei zen magiaren munduan, Salamanca leize famatuan; deabruak eskolak ematen omen zituen kobazulo hartan. Handik bueltan, Bargotako apaiz izan zen Joanes eta gustatzen omen zitzaion familiak Viana eta Logroño aldean zituen lurretan ere aritzea.

 

Batetik bestera laino gainean ibiltzen zela eta gorputz-atalak libre uzteko gaitasuna zuela dio kondairak. Kapapean bere burua desagerrarazteko gauza ere ba omen zen.

 

Errioxako Ocako mendigainetatik etortzen zen meza ematera, abuztuko egun beroenetan ere, txapela eta kapa elurrez lepo zituela. Batzuetan Madrilera ere joaten omen zen zezenetara, San Isidrotan. Baita Erromara ere.

 

Garai hartako Aita Sainduari hil egingo zutela jakinaraztera joan zen Joanes Erromara. Antza denez, Aita Saindua kortesanoren baten emaztearekin ibiltzen zen eta haren hilketa prestatzen zebilen senarra. Joanesi deabruak eman omen zion guztiaren berri, eta horrela salbatu zuen bizia Aita Sainduak.

 

Eta Joanesek berea Inkisizioaren atzaparretatik. Izan ere, Inkisizioak Logroñon epaitu zuen Joanes 1610ean, Zugarramurdiko sorginekin batera. Baina Joanesek azken horiek baino patu hobea izan zuela esan genezake: kartzelaldia eta penitentzia izan ziren bere zigorra.

 

Bueltan Bargotan, ordea, Joanes ez omen zen sekula lehengoa izan. Begirada galduta, triste, isil ibiltzen omen zen; magiarik gabeko gizona. Arao eta konjuruak utzi, eta karitate- eta erruki-etxean egoten zen Joanes, herritarrei laguntzen jarduten zen “apaiz prestua” ordurako.

 

Bargotan bertan hil zen, 65 bat urterekin. Haren etxea, 4 bat mendetan, hutsik egon omen zen gero. Inork ez omen zuen harekin ezer jakin nahi. Bere garaian Joanesek berak eraiki omen zuen, gau batean eta teilatutik hasita. Egun oraindik zutik darrai herrian Joanesen etxeak eta jendea ere bizi da. Baina XX. mendean bizilagun berriak bizitzera sartu aurretik, armarria kendu egin omen zioten, badaezpada.

 

Argazkia: www.joaquinmayayo.com

PARTEKATU POST-A