Espartinak, alpargatak, puri-purian daude azken urte hauetan. Ez da beti horrela izan, ordea. Maule, Zuberoako hiriburua, dugu horren adibide. XIX. eta XX. mendean herriko ekonomiaren motorra izan zen espartingintza, baina sektorearen gainbehera etorri zen ondoren. Ez dute erabat galdu ordea ofizioa eta besteak beste, urtero, abuztuaren 15ero, espartinaren festa ospatzen dute, bisitariei espartinaren mundua ezagutzera eman eta promozionatzeko asmoz.
Egun osoko festa izan ohi da eta espartin-azoka eta espartinak nola egiten dituzten ikusteko erakustaldiez gain, pilota-partiduak, herri kirolak eta Zuberoako dantzez gozatzeko aukera ere izaten da bertan.
Alpargataren festaren aitzakian izan gara Mauleko espartingintzaren historia ezagutzen. 150 urte baino gehiagoz izan da espartingintza Mauleko ekonomiaren motorra. Hasieran, etxean bertan edo artisau txikien tailerretan egiten zituzten alpargatak eta, nagusiki, zuberotarrek beraiek erabiltzen zituzten.
XIX. mendearen erdialdean, 1860. urtearen bueltan, hasi zen espartingintza indarra hartzen. Batetik, Ameriketara joan ziren euskaldunak espartinak eskatzen hasi ziren. Urte batzuetan, Maule eta inguruan egiten ziren alpargaten 5etik 4 Ameriketara bidaltzen ziren. Bestetik, garai beretsuan, Frantzia iparraldeko meategietako langileak espartinak eskatzen hasi ziren. Meatzari bakoitzak alpargata-parea behar zuen astero. Hara hor espartinaren urrezkoa aroa. Horren adibide garbia dugu, 1881ean, Maule izatea Frantzian argindarra izan zuen lehen herrietako bat.
Egun 300 bat herritar aritzen dira espartingintzan lanean, baina garai batean, 3000 pertsonak jarduten omen zuten horretan. Nafarroatik eta Aragoitik etortzen ziren neska gazteak espartin-fabriketara lanera. Urrian heltzen ziren Maulera eta udaberrian egiten zuten martxa. Piriniotan barrena, bi eguneko bidea egiten zuten oinez etxera iristeko. Batzuk ezkondu eta Maulen bertan geratu ziren. Mauleko etxeetan hartzen zuten ostatu neska gazte haiek eta oraindik mantentzen omen dira hainbat etxetan haiek ekarritako ohiturak, abestiak, errezetak…
XX. mendearen erdialdean, 50. hamarkadaren amaieran, heldu zen Mauleko espartingintzaren gainbehera. Lehenik, meatzariak espartinen ordez segurtasun-oinetakoak erabiltzen hasi zirelako eta geroxeago, 80ko hamarkadaren bueltan, atzerriko herrialdeetako konpetentzia iritsi zelako. Orain urte batzuetatik hona berpiztu eginda Mauleko espartingintza, beren egiteko modua belaunaldiz belaunaldi mantentzen eta produktua dibertsifikatzen jakin dutelako, garaian garaiko behar eta nahietara egokitzen. Azken urteetan kontsumitzaileek modu tradizionalean eta artisauan eta bertako jende eta materialekin egindako gauzekiko hartutako kontzientziak ere eraginik izan duela esango genuke.
Argazkia: www.kazeta.eus