BLOGA

ONDAREA
2015(e)ko urr. 2(a)

Sakanako hariztiak, euskal ontzigintzaren bihotza

Sakanako hariztiak, euskal ontzigintzaren bihotza

Euskal Herria itsasoari lotutako lurraldea izan da hainbat mendez, eta erreferentzia ontzigintzan, Europan. Sektore garrantzitsua zen eta esan genezake, hein batean, garai haietan gizartea eta ekonomia ontzigintzaren baitan antolatzen zela, kostaldean zein barrualdean; itsasotik kilometro batzuetara, Pirinioetara heldu arte.

 

XVI. mendeko baleontziak, adibidez, sagardoz kargatuta joaten ziren Kanadara, erraz mantentzen zen edaria zelako eta alkohol-maila handiegia ez zuelako. Horrek hainbat sagardotegi sortzea ekarri zuen. Bueltan, kupeletan balea-koipea ekartzen zuten. Dirutza balio zuen upel bakoitzak, gaur egungo 4.000 dolar kanadar. Ontzi bakoitzean, 900-1000 barrika sartzen ziren eta, beraz, lau milioi dolarreko (2,5 milio euro pasatxo) merkantziaz ari gara. Euskal Herritik Europa osora komertzializatzen zen, lanparetarako. Monopolioa zuten euskaldunek eta, beraz, izugarrizko negozioa zen balea-koipearena.

 

Euskal Herriko hainbat baso ere ontzigintzara bideratzen ziren, Sakanakoak (Nafarroa) kasu. Kostaldeko hariztiak urritu ahala heldu zen ontzigintza Sakanara. XVIII. mendeko agiri batzuek diotenez, garai hartarako oso ohikoa zen inguru hartako basoak itsasontziak egiteko erabiltzea.

 

Historikoki, Sakanako basoetatik atera izan dira euskal ontzioletan erabiltzeko egurrezko piezak. Itsasontzien eraikuntza kalitate handikoa izan zedin haritz basoak landatu eta zaintzen ziren: haritz tantai zuzenak alde batetik eta ipinabarrak, bestetik, pieza kurboak egin ahal izateko, itsasontzien saihetsetarako. Teknika horiek ez zituzten ezagutzen Europan.

 

Itsasontzia egiteko erabiliko ziren piezak basoan bertan egiten ziren: pieza eramaten zen ontziolara, ez zuhaitza. Izan ere, pieza bat egiteko kostalderaino enbor osoa eramateak galera ekonomikoa zekarren. Horrela lan egiteak kalitate oneko itsasontziak egin ahal izatea ahalbidetzen zuen, nahiko estandarizatuak eta merkeak. Horrela esplikatzen da daukagun kostalde txikiarekin eta mendiekin (Aralarretik gora ez ziren joaten, oso garestia zen-eta egurra kostalderaino ekartzea) hain ontzigintza indartsua izatea.

 

Mandazainak ziren piezak kostaldera eramaten zituztenak, baita ontzietan ekarritako produktuak (elikagai berriak...) barnealdera ekartzen zituztenak ere. Galtzadak erabiltzen zituzten horretarako: Bernoako galtzada. Gipuzkoa (Ataun) eta Nafarroa (Iturmendi) lotzen ditu Bernoako galtzadak, eta bertan paseoan ibili daiteke, errekuperatze-lanak hasiak baitira bai Iturmendin, baita Ataunen ere. Horrez gain esan, ez dela kasualitatea Iturmendin, eta Burundako bailara osoan, XVI. eta XVIII. mendeen artean eraikitako arkitektura ederreko etxeak ikustea. Izan ere, mandazainek boterea eta dirua zuten eta, beraz, etxe-ederrak izateko aukera.  

 

Dantzalekuko hariztia (Altsasu)

 

Albaola Itsas Kultur Faktoria (Pasaia, Gipuzkoa) eta bertan eraikitzen ari diren XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika orain hainbat mende euskal ontzigintza-industriak izan zuen garrantziaren erakusleiho dira.

 

XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika egiteko Sakanako basoetako 200 haritz erabili dira eta garai hartan egiten zen gisan aritu dira lanean. Albaolako teknikariak baleontziaren piezen plantillekin izan dira basoan zuhaitzak aztertzen eta aukeratzen, eta euskal basogintzaren tradizioari jarraiki aukeratu dira Sakanako haritzak botatzeko egunak: neguko ilbeheran beti.

 

Dantzalekuko hariztian hori guztia azaltzen eta ilustratzen duen ibilbide bat dago eta jendeari antzina itsasontziak egiteko erabiltzen ziren basogintza-teknika aurreratuak erakusteko helburuarekin jarri zen martxan orain urtebete. Altsasuko erdigunetik 5 minutura dago oinez eta 700 bat metroko ibilbidea da, 30 bat minutuan bisitatzekoa. Bertan, ontzigintza-tradizionalerako erabiltzen ziren teknikak azaltzen dituzten hainbat informazio-panel daude, baita lanerako erabiltzen zituzten zura zatien hamar silueta ere, zuhaitz artean. Silueta horiek piezak egiteko zuhaitzaren zein zati erabiliko litzatekeen azaltzen dute, perspektiban begiratuz gero.

 

Euskal ontzigintzak Sakanan izan duen eragina eta historia ezagutzeko, egunpasa baterako proposamen polita duzu beraz honakoa: Dantzalekuko hariztia bisitatu, Bernoako galtzadan paseoan ibili eta Burunda haraneko mandazainen etxe ederrak ezagutu. Bazatoz?

 

Informazio gehiagorako: www.sakondusakana.com

PARTEKATU POST-A