ETA EURIA ARI BADU, ZER?

Mila gauza egin ditzakezu Euskal Herrian

FITXA

Ai, hain da berdea Euskal Herria! Inguru paregabeak ditu eskaintzeko, baina ezinbestean euri pixka bat egin behar du hain eder mantentzeko. Beraz, ez dituzu beti kalean lasai eta gozo ibiltzeko egunak izango, baina tira, badira barruan egiteko plan apartak ere.

  • Denbora: + 7 egun
  • Publikoa: bikoteak, familiak, bakarrik, lagunartean

AZALPENA

Euria ari badu, hiriburuetan ibiltzea proposatzen dizugu: beti topatuko duzu zerbait babesean egiteko. Museoak dituzu aukera bat eta esku-eskura dituzu, besteak beste: Artium museoa Vitoria-Gasteizen, Guggenheim Bilbao Museoa Bilbon eta San Telmo Museoa Donostian. Hiriburuetatik kanpo ibiltzea gustatzen bazaizu, jakin Euskal Herri osoan zehar ehunka museo etnografiko eta interpretazio zentro topatuko dituzula. Bereziki gomendatzen dizkizugu Baionako Euskal MuseoaJean Vier ekomuseoa (Donibane Lohitzune) eta, Sarako (Lapurdi) Ortillopitz eta Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) Ugartubeiti baserriak. Haurrekin bidaiatzen baduzu, berriz, hutsik egin gabe Donostiako Aquarium-era edo Biarritzeko Itsas Museora, Ozeanoaren Hirira eta Albaola Faktoriara (Pasaia) joatea gomendatzen dizugu.

Ondarea ezagutzeko ere aitzakia polita dituzu egun euritsuak. Su eta eltze arteko berora ere gerturatu zaitezke; bai pintxo jatera, bai esperientzia gastronomiko bat bizitzera. Maisor-en (Getaria, Gipuzkoa) antxoa-kontserbak egiten ikas dezakezu edo Oteiza, Belaun eta Ezkurtxerri euskal zerri ekoizleen etxeak bisitatu. Otordu berezi bat egiteko baliatu nahi baduzu, Euskal Herrian hainbat jatetxe on aurkituko duzu, eta bereziki gomendatzen dizugu sagardotegi edo upategi batetara joatea. 

Eta bestela, Euskal Herriaren hegoaldera joan zaitezke, han iparraldean baino dezentez euri gutxiago egiten du eta, Guardia eta Tutera bisitatzea dituzu gure gomendioak.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Vitoria-Gasteiz

NOLA IRITSI

Donostia eta Iruñeatik: autobusez, trenez edo autoz

Bilbo eta Baionatik: autobusez edo autoz

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Euskal Herriko hiriburu berde izendatuko genuke guk Vitoria-Gasteiz: besteak beste, bidegorriak eta bizikletak dira protagonistak bertan. Jakingo duzu, agian, 2012an Europako Hiriburu Berdea izan zela Vitoria-Gasteiz. Hiritik atera gabe naturaz gozatzeko eta familian bidaiatzeko asmotan bazabiltza, ez duzu helmuga txarra.

 

Hasi Ken Follet idazle ezaguna inspiratu zuen Santa Maria katedrala bisitatzetik eta pasatu arte modernoaren Artium museotik. Euriak etenaldirik badu, gozatu naturaz eta animaliez Gasteizko gerriko berdean. Gosea eta egarria ere egingo zaizu ordurako eta aprobetxatu txangoa tripa betetzeko. Jakizu, jada ez badakizu, Gasteiz 2014ko Espainiako gastronomia-hiriburua izan zela. Hona hemen Gasteizko jatetxeak.

 

Hiriburutik bertatik atera nahiko bazenu, gertu dituzu Arabar Errioxako mahastiak eta upategiak, baita Añanako gatzaga ere.

Bilbo

NOLA IRITSI

Donostiatik: autobusez, trenez edo autoz

Vitoria-Gasteiz, Iruñea eta Baionatik: autobusez edo autoz

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Euskal Herriko hiririk handiena eta kosmopolitena da Bilbo. Azken urte hauetan hiri ilun eta industriala izatetik modernoa eta bizia izatera pasatu da, eta Guggenheim museoa da aldaketa horren ikurretako bat. Denboraren eta lanaren poderioz, Bilbo munduko hiri bisitatuenen (New York, Bartzelona…) zerrendan gora egiten ari da.

 

Bilbo bisitatzeko asmoa baduzu, honakoak dituzu galdu behar ez dituzun planak. Batetik, Guggenheim Bilbao eta arte ederren museoa. Athletic Club futbol taldearen zelai berria bisitatzera ere animatzen zaitugu, bertan haren historia eta euskal izaerarena ere ezagutzeko aukera izango duzulako. Ta ez galdu alde zaharreko 7 kaleetako eta, batez ere, Erriberako merkatuko giro aparta. Merkatuak 10.000 m2 ditu, eta Europako merkatu estali handiena da.

 

Portugaleteko Bizkaiko Zubia (UNESCOk Mundu Mailako Ondare izendatua) bisitatzeko goiz edo arratsalde bat hartzea ere merezi du. Eguna bukatzeko, Arriaga antzokian edo Euskalduna jauregian emanaldi bat ikustea ez da plan txarra.

Donostia

NOLA IRITSI

Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Iruñeatik: autobusez, trenez edo autoz

Baionatik: autobusez edo autoz

Hendaiatik: trenez (topoa ordu erdi oro ateratzen da)

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Kantauri isurialdeko harribitxietako bat dugu Donostia. Garai bateko burgesiaren opor-lekua eta egun oraindik orduko tankera mantentzen duena. 2016an Europako kultur hiriburua izango da eta ordurako prestaketa-lanek xarma berezia eman diote hiriari.

 

Parte zaharreko edozein tabernatan pintxoak jateak sortzen duen plazerak ez du parekorik. Haurrekin bazabiltza, Aquarium-a bisitatzea proposatzen dizugu. Bisita kulturalak atsegin badituzu, berriz, San Telmo museoa eta Eduardo Chillida eskulturgile sonatuaren Haizearen Orrazia ikus ditzakezu; itsaso indartsuaren eta eskulturaren arteko jolasa ikusgarria da, zinez.

Bardeak

Euskal Herri osoan euria ari badu ere, baliteke Bardeetan, Euskal Herriko desertuan, ateri egotea. 1999an Parke Natural izendatu zuten eta, 2000an, UNESCOk, Biosfera erreserba. Euskal Herriko paisaiarik bereizienetakoa da. Oinez ibiltzeko kilometro askotxo izan daitezke, baina bizikletaz egiteko erabat da aproposa. Animatuko zara?

 

Abiapuntua Corral de los Aguilares da. Bardeetarantz abiatu, tiro-poligonoaren errepidetik. Tiro-poligonoan bertan ezkerretara doan pista hartu. Cabezo de las Cortinillas eta La Laguna pasa ondoren, 4 bat kilometrora, eskualdeko puntu ezagunenera helduko zara, Castildeterrara. Hor eskuinera hartu eta hurrengo bidegurutzeetan, egin beti aurrera. 29. kilometroan aurkituko duzun kuartel militarrean ezkerretara dagoen bide asfaltatua hartu berriz ere abiapuntura heltzeko. Euririk gabe eta bero handiegirik egiten ez duen egun baterako aproposa da honako ibilbide hau. Informazio gehiagorako: www.bardenasreales.es

 

Irailaren 18an Bardeen inguruan bazabiltza, El Paso-ra gerturatu eta iparraldeko bailaretatik datozen milaka ardi Bardeetan nola sartzen diren ikustea gomendatzen dizugu.

Tutera

Nafarroako hiririk garrantzitsuena Iruñearen ostean. 802. urtean sortu zuten islamiarrek Tutera eta haiek Europan eraikitako hiririk garrantzitsuenetakoa da. 400 urtez baino gehiagoz, arabiarrak, juduak eta mozarabiarrak elkarrekin bizi izan ziren Tuteran eta elkarbizitza horrek kultura eta arkitektura zinez aberatsa utzi dute hirian.

 

Tuterako altxor artistikoa Santa Maria katedrala da, 1180an mezkita zahar baten gainean eraikia. Sarrera eta klaustro erromaniko ederrak ditu, baita erdiko nabe gotiko argitsu bat ere. 1884an monumentu nazional izendatu zuten. Ebroko zubia ere polita da benetan. 360 m.-ko luzera du eta hiriaren bista panoramiko bikainaz gozatuko duzu bertatik. Tutera oinez bisitatzeko hiria dela esaten da, eta aipatutakoaz gain, hiriko kale eta plazetan galtzea proposatzen dizugu.

 

Gastronomiari dagokionez, Ebro ibaiaren bazterretako baratze emankorretako barazkiak probatu gabe ezin zara geratu. Batez ere, orburuak, zainzuriak eta piperrak dira ospe handia dutenak. Treintatrés jatetxera joatea gomendatzen dizugu guk. Zintzurra bustitzeko, jatorrizko izendapena duten ardo goxoak dastatzea baino aukera hoberik ez duzu.

 

Haurrekin bidaiatuko baduzu, Sendaviva parkera gertura zaitezke. Arguedasen dago (Tuteratik 15 bat kilometrora) eta bertan jolas parkea eta erdi libre ibiltzen diren animaliak topatuko dituzu.

 

Lasaitasun bila bazabiltza, Fitero leku aproposa da. Erromatarren garaiko termak dituzu zain han, gorputza eta arima biziberritzeko.

Guardia

Arabar Errioxa eta Guardia munduan dira ezagunak bertako ardo goxoei esker. Ardoak paregabeak direla argi dago, baina inguru haietara gerturatzen bazara, botilatik haratagoko esperientziak biziko dituzu. Mahatsondoz apaindutako paisaian, herritarren eguneroko bizimoduan eta bertako kulturan murgildu eta ardoa bizi egingo duzu.

 

Erdi Aroko herritxo honek liluratu egingo zaitu. Harresiko atea gurutzatu bezain pronto jabetuko zara zertaz ari garen: kale-zidor politak, eraikin ikusgarriak eta Ebro ibaiaren magaleko mahasti eta upategiak ikusteko leku apartak.

 

Bereziki gustatuko zaizkizu udaletxeko fatxada nagusiko erlojua (orduro Guardiako dantza dantzatzen duten panpinekin), ardoaren museoa eta ibilbidea, eta herri guztia zeharkatzen duten lur azpiko upategiak. Tarterik baldin baduzu, upategi bat bisitatzea ere esperientzia polita da: ardoa nola egiten duten ezagutu eta azken emaitza zein den dastatzeko aukera izango duzu.

Ondarea

Ondare arkitektonikoa

 

Leireko monasterioa: Nafarroako monumentu erromaniko ikusgarriena da eta historikoki ere balio handia du, bertan baitago Nafarroako lehen errege-erreginen panteoia.

 

Xabier gaztelua: Arroka gainean eraikitako X. mendeko gaztelua. Nafarroako garrantzitsuenetakoa, han jaio baitzen beren zaindari eta misiolari garrantzitsua izandako San Frantzisko Xabier.

 

Arantzazuko santutegia: 750 metrora kokatua, mendiz eta naturaz ingururatua dago eta balio arkitektoniko eta artistiko handia du, Jorge Oteiza eskulturgilea aritu baitzen han lanean.

 

Loiolako basilika: Jesuiten sortzaile izan zen Loiolako San Inazioren jaiotetxearen inguruan eraikitako basilika ederra.

 

Arnagako jauregiaestilo neoeskaldunean egindako etxeetan lehenetakoa da. Egun-erdi bat pasatzeko bisita atsegina da eta lorategi ikusgarriak ditu.

 

Ospitalepeko elizaOspitalepeko eliza erromanikoa (Zuberoa), XII. mendean eraiki ospitale baten azken aztarna da. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen eta Monumentu Historiko izendapena ere jaso zuen.

 

 

Ondare naturala

 

Sarako leizeak: Euskal Herriko leizerik ezagunenetakoak. Lotura handia dute euskal mitologiarekin, batez ere, sorginekin. Zugarramurdiko leizeekin lotura estua dute, han ere ospatzen ziren eta sorginen akelarreak.

 

Isturitz eta Otsozelaiko leizeak: Euskal Herriko leizerik politenetakoak; 1953az geroztik, monumentu historiko izendatuak. Lascaux eta Altamira artean, Kantauri isurialdeko Piriniotako kobazulorik garrantzitsuenetakoak dira Isturitz eta Otsozelaiko leizeak.

 

Arrikrutz leizeak: Kareharriz eta dolomiz egindako barrunbea da Arrikrutz. 14 kilometro luzeko sistema da, sei solairutan banatuta, eta elkar lotzen diren galeriek osatzen dutena. Gipuzkoako barrunbe handiena da. 

 

Ekainberriko leizeak: Paleolitiko garaikoak dira, duela 14.500 eta 10.000 urteko bitartekoak. Ekaingo haitzuloan, 70 bat animali-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Aberastasun handia duen haitzuloa da Ekaingoa, eta UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuten 2008an.

Museoak

Hiriburuetako museo sonatuak gutxietsi gabe, Euskal Herriko beste hainbat museo txiki gomendatzen dizkizugu hemen:

 

Oteiza museoa: Jorge Oteiza eskulturgile ezagunaren bilduma pertsonala jasotzen da bertan. Artistaren 1.690 eskultura eta Klarion Laborategian sartutako lan esperimentaleko 2.000 pieza ditu, marrazki eta collage sorta zabal batekin batera. Museoa Altzuzan dago, Nafarroan, Iruñeatik 9 kilometrora.

 

Biarrizko aquarium-aBi aquarium daude Euskal Herrian, Biarrizkoa eta Donostiakoa. Biarrizko aquarium-aren ondoan "Cité de l'Océan" dago. Itsasoari buruzko museo didaktikoa da azken hau eta merezi du hara ere bisita txiki bat egitea. 

 

Txokolatearen museoaBaiona da Euskal Herriko txokolatearen hiriburua. Jaki goxo honen historia eta sekretuei buruz pixka bat gehiago ikasteko aukera polita da Baionako "L'Atelier du Chocolat".

 

Albaola Faktoria: Oso antzinakoa da Euskal Herriak itsasoarekin duen lotura eta hori azaltzen du museo interesgarri honek. Balea arrantzaleak izan dira euskaldunak urte askoan eta orduan Kanadako uretan hondoratutako San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen ari dira bertan. San Juan ontzia UNESCO-k itsas hondoko ondarearen ikurtzat hartua duen baleontzia da, hain justu.

 

Bakearen museoa: Gernikan dago museo hau. Gernikak pisu berezia du Euskal Herriko historian, besteak beste, Espainiako Gerra Zibilean jasandako bonbardaketa lazgarriengatik. Ez da kasualitatea beraz Euskal Herriko bakearen museo bakarra Gernikan egotea. Bakearen eta elkarbizitzaren gaineko gogoeta eragitea du helburu museo honek.

 

Ortillopitz: XVII. mendeko euskal baserrian murgiltzeko aukera polita da Ortillopitz. Garai hartako euskal baserriak nolakoak ziren eta nola funtzionatzen zuten bertatik bertara ikusteko aukera aparta duzu honakoa.