EZ EGIN HUTSIK

Euskal Herrian ezinbestean bisitatu beharrekoa

FITXA

Paisaia eta txoko xarmagarriz jositako lurraldea da Euskal Herria. Itsasertzean zein barrualdean, iparraldean nahiz hegoaldean, zentzumen guztiak gozatu eta euskal historia eta kultura ezagutzeko aukera apartak izango dituzu parean. Hemen, ikusi eta disfrutatu gabe utzi ezin dituzun batzuk aurkeztuko dizkizugu.

  • Denbora: + 3 egun
  • Publikoa: bikoteak, familiak, bakarrik

AZALPENA

Ez da handia Euskal Herria, bi orduren bueltako bidaian iritsiko zara ia leku guztietara. Guggenheim Bilbao museoa duzu, dudarik gabe, hutsik egin gabe bisitatzeko lekuetako bat. Horrez gain, Bizkaiko Zubira eta Arantzazuko santutegira gerturatzea ere merezi du. Bata zein bestea dira interesgarriak historia, kultura zein arkitektura aldetik. Arnagako jauregia estilo neoeuskaldunean eraikitako lehenetakoa da eta lorategi ikusgarriak ditu kanpoaldean.

Natura eta paisaia aldetik, Iratiko basoa, Euskal kostaldeko geoparkea, Urdaibai, Elantxobe eta Bardeak bisitatzea gomendatzen dizugu. Familian, bikotean, lagunartean zein bakarrik joanda ere, gisa eta gustu guztietarako ekintzak egin ahalko dituzu inguru paregabean. Holtzarteko zubia, Kakuetako arroilak, Urederrako iturburua eta Añanako gatzaga leku oso gomendagarriak dira egun erdiko edo osoko txangoetarako.

Gustuko duzuna gastronomia bada, pintxo batzuk jateaz gain, Sagardotegi batera joatea ere zinez da esperientzia gomendagarria, are gehiago, Txotx! garaian. Zerbait berezia egin nahi baduzu, Maisor etxean antxoa-kontserbak egiten ikas dezakezu, Puyodebat txokolategira bisita egin dezakezu edo Oteiza, Belaun edo Ezkurtxerri etxeetan euskal txerriari buruzko guztia ikas dezakezu.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Iratiko basoa

Iratiko oihana Euskal Herri barnealdeko naturgune ederrenetakoa da. Zuberoa, Behe Nafarroa eta Nafarroa elkartzen ditu, eta Europako bigarren pagadirik handiena da Alemaniako Oihan Beltzaren ondoren. Oihanera Zuberoatik helduz gero, Larrañe herritik barna sartuko gara. Donibane-Garazitik ere hel daiteke. Nafarroan bazaude, Orbaizeta, Otsagabia edo Izaba herrietatik gora eginda sartuko zara Iratiko oihanean. Otsabagian, gainera, interpretazio zentroa dago, abiapuntu bikaina eremuari eta inguruari buruzko argibideak jasotzeko.

 

Eskia eta BTT zein oinez egiteko ibilbideak dira, agian, Iratiko basoan egin daitezkeen ekintzarik ezagunenak, baina ez dira bakarrak. Arrantza, mikologia, ornitologia edota zaldi gainean ibiltzea maite dutenentzat ere helmuga bikaina da. Iratiko basoa aproposa da lagunartean, bikotean, familian zein bakarrik lasai egotera joateko edo kirola egiteko.

 

Guk bereziki gomendatzen dizugu Erreka-Idorra interpretazio bidea. Iratiko ibaien artean orain dela makina bat belaunaldi ehotu ziren loturak sinbolizatzen ditu. Paseo erraz honetan Iratiko baso baliabideak nola erabiltzen ziren ikasiko duzu, mastak, arraunak, altzariak edo egur ikatza ekoizteko. Bertako flora eta faunaren aniztasuna ezagutuko duzu, baita basoetako natur aberastasunaren parte bat erauzteko erabiltzera iritsi ziren burdinbideak edo kable sistemak ere. Bizikletan bazatoz, mugaz gaindiko lankidetzan sortutako BTT zentrora hurbiltzea gomendatzen dizugu. Maila desberdinetako 16 ibilbide dituzte prestatuak, hau da, 400 kilometro baino gehiagoko gozamena! Eskiaz gozatzeko asmoz bazara, Abodiko zentroa eta Iratiko etxoletako estazioa dituzu aukeran. Iratiko etxolek, eski estazioaz gain, lotarako etxolak, jatetxea, alokairu-zerbitzua... ere eskaintzen dituzte.

Urdaibai

Urdaibai Oka ibaiak sortzen duen padura da. Bizkaiko kostaldeko basa-ingurune garrantzitsuena da. Harrigarria da ikustea ingurunea nola aldatzen den itsas gora eta beherarekin. 1984an, UNESCOk Biosfera erreserba izendatu zuen.

 

Hegazti migratzaileak ikusteko leku pribilegiatua da; Urdaibai Bird Center duzu horretarako leku aproposa. Ur-kirolak, oinezko eta bizikletentzako ibilbideak egiteko eta zetazeoak ikusteko ere aukerak egon badira. Inguru hauetan baldin bazabiltza, ezin duzu ikusi gabe utzi Gaztelugatxeko Doniene (Bermeo): uharte baten tontorreko ermita, lurrera 200 eskaileraz baino gehiagoz lotua dagoena. Artelan bihurtutako basoa duzu, berriz, Oma (Kortezubi). Urdaibaiko paduraz beraz gozatzeko, zoaz Laida zein Lagako hondartzetara edo, mendian bueltatxo bat eman nahiago baduzu, igo Ereñozarreko San Migelgo gainera. Busturialdeko herririk xarmagarrienak Elantxobe, Bermeo eta Gernika dituzu.

Bardeak

Nafarroako desertua deitzen zaio. 1999an Parke Natural izendatu zuten eta, 2000an, UNESCOk, Biosfera erreserba. Euskal Herriko paisaiarik bereizienetakoa da. Oinez ibiltzeko kilometro askotxo izan daitezke, baina bizikletaz egiteko erabat da aproposa. Guk hemen ibilbideetako bat proposatzen dizugu. Animatuko zara?

 

Abiapuntua Corral de los Aguilares da. Bardeetarantz abiatu, tiro-poligonoaren errepidetik. Tiro-poligonoan bertan ezkerretara doan pista hartu. Cabezo de las Cortinillas eta La Laguna pasa ondoren, 4 bat kilometrora, eskualdeko puntu ezagunenera helduko zara, Castildeterrara. Hor eskuinera hartu eta hurrengo bidegurutzeetan, egin beti aurrera. 29. kilometroan aurkituko duzun kuartel militarrean ezkerretara dagoen bide asfaltatua hartu berriz ere abiapuntura heltzeko. Euririk gabe eta bero handiegirik egiten ez duen egun baterako aproposa da honako ibilbide hau. Bizikleta ez baduzu gehiegi maite, segway-a ere modu aproposa da Bardeez gozateko.

 

Irailaren 18an Bardeen inguruan bazabiltza, El Paso-ra gerturatu eta iparraldeko bailaretatik datozen milaka ardi Bardeetan nola sartzen diren ikustea gomendatzen dizugu.

Holtzarteko zubia eta Kakuetako arroilak

Kakuetako arroilak eta Holtzarteko zubia, biak ala biak ikusgarriak eta egun berean ikusteko modukoak. Kakueta arroila bat barru barrutik ikusteko aukera aparta da. Eskailerak eta aldapak jaitsiz, konturatzerako arroila barruan izango zara. Harkaitzezko paretak izugarriak dira eta ura ezin garbiagoa. Tunela igaro eta errekaren alde batera eta bestera eramango zaituzten hainbat zubi ere zeharkatuko dituzu. Amaieran, ur jauzi eta kobazulo eder batera iritsiko zara. Nahiz arroilak aurrera jarraitzen duen, prestatutako bidea hemen bukatzen da. 

 

Holtzarteko zubira joatea ere merezi du. Holtzarteko zubia 70 m. luze, 1,5 m. zabal eta 170 m. gora den zubi zintzilikaria da. Bertara joateko Larraine-ra doan bidean gora hasi baino lehen, Logibar ostatuaren ondoan autoa utzi behar da. Bide seinalatu eta erabilian gora eginez iritsiko zara 180 metroko altuera duen Holtzarteko zubira. Ibilbide aldapatsua da, baina ez oso luzea. Holtzarteko zubiak zahar eta gazte liluratzen ditu. Kontuan izan Holtzarteko zubia Iratiko baso ederraren magalean dagoela. Behin hara joanez gero, zinez merezi du pagoartean beste txango bat egitea. Irati Europako bigarren pagadi handiena da, Alemaniako oihan beltzaren ostean.

Urederrako iturburua

Nafarroako naturgunerik politenetakoa, Urbasa-Andiako natur-parkean. 1987an natur-erreserba izendatua izan zen. 700 m-ko arroila batean sortzen da eta 100 m-ko urjauzia utziko dizu begien gozamenerako opari. Bisitak mugatuak dira eta aldez aurretik erreserba egitea komeni da.

 

Kotxez joan behar da Bakedaoraino (Lizarrako errepidea, Urbasako mendatea jaitsita). Ibilbide zoragarria da, landare eder eta putzu gardenen artean. Ibilbide guztia itzaletik egiten da. Atondutako bidexketatik putzuak, ur-lasterrak eta ibaiaren bidean sortzen diren ur-jauziak ikus daitezke. Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu (joan-etorria). Distantzia: 6 km.