Haurrekin bidaiatzeko aukera mordoa dituzu Euskal Herrian
Euskal Herriak familia osoarentzat gustuko esperientziak bizitzeko aukera emango dizu. Jarduera fisiko pixka bat eginez haurrekin jolasteko eskaintza oso zabala da. Bidarrai aldean (Lapurdi) Arteka-ko lagunek rafting egiteko edo eskalada praktikatzeko aukera ematen dizute, natur parkeetan txango zoragarriak egin ditzakezu eta itsasoa maite baduzu, ur kirolak praktikatu EVI nautika-ko (Ziburu) lagunekin edo itsasontzian txango bat egin Urdaibai On-eko (Mundaka, Bizkaia) lagunekin. Aukera zinez da zabala.
Naturaz gozatzea gustuko baduzue paisaia zoragarriak ikusi ahal izango dituzue batere zailtasunik gabeko mendi-txangoak eginez, bidegorrietan bizikletaz edo oinez ibiliz edo parke natural bat bisitatuz. Parke naturalez gain atrakzio parkeak ere eskura izatea ez dago gaizki. Donostia inguruan bazabiltza funikularrean Igeldoko parkera igotzea proposatzen dizugu eta atrakzioetan animalia artean ibili nahi baduzu, zoaz Sendaviva-ra.
Euskal Herriko kultura eta tradizioak barrutik ezagutu nahi badituzue, haurrentzako jarduerak antolatzen dituen museo tematiko batera gerturatzea edo baserri bat bisitzea gomendatzen dizugu. Bereziki gomendatzen dizkizugu Sarako (Lapurdi) Ortillopitz eta Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) Ugartubeiti baserriak, Biarritzeko Itsas Museoa, Ozeanoaren Hiria eta Albaola Faktoriara (Pasaia).
Azkenik, Euskal Herriak aurrehistoriako leize interesgarriak ere baditu. Besteak beste, Sarako leizeak (Lapurdi), Isturitz eta Otsozelaiako leizeak (Lapurdi) eta Ekainberri leizeak (Zestoa, Gipuzkoa), Arrikrutz leizeak (Oñati, Gipuzkoa) eta Pozalaguako leizea (Bizkaia) bisitatzea gomendatzen dizugu. Bisita horiek guztiz gomendagarriak dira haurrekin egiteko.