BILBO ETA INGURUAK

Ezagutu Euskal Herriko hirigunerik handiena

FITXA

Euskal Herriko hiririk handiena eta kosmopolitena da Bilbo. Azken 25 urteetan hiri industrial eta iluna izatetik bizia eta modernoa izatera pasatu da. Itsasadarra da aldaketa horren lekuko: 70 eta 80ko hamarkadetako labe garaiek paseo eder eta Guggenheim museoa bezalako eraikin ikusgarriei pasa diete lekukoa.

  • Denbora: + 3 egun
  • Publikoa: familiak, bikoteak, bakarrik

AZALPENA

Bilboaldea, Bilbo hiriak eta inguruko hainbat herrik osatzen duten eskualdea, Euskal Herriko hirigunerik handiena da, ia milioi bat biztanlerekin. Nerbioi ibaiak antolatzen du eskualde hori: ezkerraldean garai batean industriagune eta langileriaren bizileku izan ziren herriak daude eta eskuinaldean, berriz, jauntxo eta ugazaben jauregi eta etxe ederrak. Ez daude elkarrengandik urruti, baina kontrastea ikusgarria da. Bizkaiko Zubia hartu eta alde batetik bestera igaroko zara, Portugaletetik Getxora. Bi herri horiek bisitatzera gonbidatzen zaitugu.

Inguru horretatik pixka bat aterata, baina urrutira joan gabe, Euskal Herriko baserririk ederrenak, herri xarmagarrienetakoak eta naturaz gozatzeko aukera apartak topatuko dituzu.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Bilbo Handia

Euskal Herriko hiririk handiena eta kosmopolitena da Bilbo. Azken urteetan hiri ilun eta industriala izatetik modernoa eta bizia izatera pasatu da, eta Guggenheim museoa da aldaketa horren ikurretako bat. Denboraren eta lanaren poderioz, Bilbo munduko hiri bisitatuenen (New York, Bartzelona…) zerrendan gora egiten ari da.

 

Bilbo bisitatzeko asmoa baduzu, honakoak dituzu galdu behar ez dituzun planak. Batetik, Guggenheim Bilbao eta arte ederren museoa. Athletic Club futbol taldearen zelai berria bisitatzera ere animatzen zaitugu, bertan haren historia eta euskal izaerarena ere ezagutzeko aukera izango duzulako. Ta ez galdu alde zaharreko 7 kaleetako eta, batez ere, Erriberako merkatuko giro aparta. Merkatuak 10.000 m2 ditu, eta Europako merkatu estali handiena da.

 

Portugaleteko Bizkaiko Zubia (UNESCOk Mundu Mailako Ondare izendatua) bisitatzeko goiz edo arratsalde bat hartzea ere merezi du. Eguna bukatzeko, Arriaga antzokian edo Euskalduna jauregian emanaldi bat ikustea ez da plan txarra. Udan hemen izango bazara, uztailean, Getxo Jazz eta, abuztuaren hirugarren astean, Bilboko Jaiak bizitzea ere aukera paregabeak dira.

Lekeitio

Euskal kostaldeko herririk politenetakoa da Lekeitio. Arrantza izan da bertako bizimoduaren motorra eta nabarmena da hori herrian. Santa Katalina itsasargian, arrantzari lotutako bizimoduari buruzko bisita gidatuak topatuko dituzu eta euskal kostaldeko bista paregabeez ere gozatu ahal izango duzu bertatik. Portuan paseotxo bat ematea ere ez da plan txarra arrantza-ontziak eta arrain salmenta ikusteko, eta bertako tabernaren batean arrain fresko-freskoa dastatzeko. Portutik gertu-gertu dagoen Andra Mariaren Zeruratzea basilikan sartu-irten bat egitea ere gomendatzen dizugu.

 

Bainutxo bat hartzeko, hor dituzu Karraspio eta Isuntza hondartzak, zein baino zein ederragoak. San Nikolas (Garraitz ere deitua) uhartea dute parez pare. Isuntzatik oinez joan zaitezke bertara marea baxua denean.

 

Festarako gogoz bazara, San Antolin jaiak gomendatzen dizkizugu irailaren aurrenean: antzar egunak (irailaren 5ean), aho zabalik utziko zaitu. Hori bai, arrantzalez jantzita joan zaitez atzerritar itxura izan nahi ez baduzu.

Elantxobe

Itsasoaren eta Ogoño itsasmuturraren artean harrapatuta dago Elantxobe. Bai, harrapatuta: ia itsasoan hasten da herria eta mendiaren magalean gora igotzen da. Etxeak eskaileran eraikita daudela dirudi eta edozein zabalgunetxo hartzen dute plazatzat. Autobusek eta ibilgailu handiek herriko plazan bakarrik har dezakete itzulia, eta plaza birakari bat erabiltzen dute horretarako. Ez dago esan beharrik: aldapa ederrak igo eta jaitsi behar dira herrian barrena ibili eta itsasoaz gozatzeko.

Bermeo

Urdaibaiko biosferako herririk handiena da Bermeo, baita euskal kostaldean arrantzarako tradizio handienetakoa izan duena ere. Herrian bertan, Ertzilla dorrea (han dago Bermeoko arrantzale museoa), jauregi frantziar baten itxura duen kasinoa eta portua nabarmenduko genituzke.

 

Bermeok duen harribitxi nagusia, ordea, herrigunetik 8 kilometrora dago: Gaztelugatxe Bizkaiko kostaldeko arrokazko uhartetxoa da. Uhartetxora igotzeko, lurraren eta irlaren artean geratutako harkaitzen gainean eraikitako zubitxoa igaro behar da eta, ondoren, 231 eskaileratxo igo. Goian, Gaztelugatxeko Doniene edo San Juan Gaztelugatxekoa ermita dago. Ohituraren arabera, hara igotzen denak ezkila hiru aldiz jo behar du, eta desio bat eskatu. Ermitaren ondoan babesgune bat dago, mokadutxo bat eginez paisaia ederraz gozatzeko. Euskal Herriko interesgune turistiko garrantzitsua da eta 2014an, Internet bidezko herri bozketa batean Espainiako leku politena bezala izendatua izan da.

 

Bermeon bazaude, Mundakara joatea ere gomendatzen dizugu; batez ere, surfa atsegin baduzu. Ezaguna da oso Mundakako ezkerraldeko olatua eta mundu guztitik etortzen da jendea hori probatzera. Mundakako uretan nazioarteko surf txapelketak ere ospatzen dira. Nahi izanez gero, Bakion ere topatuko dituzu olatuak eta, bide batez, txakolin goxo-goxoa dastatzeko aukera izango duzu. Bizkaiko txakolinaren sehasketako bat da Bakio.

Gernika

Euskal Herriko historian pisu handia duen herria da Gernika. Izan ere, Espainiako Gerra Zibileko pasarterik latz eta beltzenetako baten lekuko izan zen. 1937ko apirilaren 26an, tropa alemaniarrek Frankoren tropei lana errazteko Gernika bonbardatu zuten. Merkatu eguna zenez, herria jendez gainezka zegoen eta ehunka zibil hil ziren. Pablo Picassoren Gernika artelanak gertakari latz hori islatzen du.

 

Gauza gutxi geratu zen orduan zutik eta horietako bat Gernikako arbola deitutako haritza izan zen, lehendik ere Bizkaiko Foruen sinbolo zena eta geroztik Euskal Herriko ikur ere bihurtu dena. Bakearen museoa eta parkea bisitatzea gomendatzen dizugu; azken honetan Eduardo Chillida eta Henry Moore eskulturgileen lanak ikusi ahal izango dituzu.

 

Gastronomikoki ere badu bere pisua Gernikak. Bertan ospatzen da astelehenero Bizkaiko azokarik garrantzitsuena. Urriko azken astelehenekoa da famatuena, Euskal Herriko txoko guztietatik gerturatzen da egun horretan jendea Gernikara. Jatekoa eta edatekoa, eta giro ona ziurtatuta egoten dira.

 

Gernikatik pixka bat aterata, Butroeko gaztelura irtenaldi bat egin dezakezu, batez ere haurrekin bazabiltza. Egun, kanpotik bakarrik ikus daitekeen arren, merezi du bertara gerturatzea. Zurrumurruak dio salmentan dagoela, ea erosteko modukoa iruditzen zaizun.

Interesgune naturalak

Haurrekin, bikotean edo taldean egiteko plan politak dituzu honakoak, eguraldiak pixka bat laguntzen badu.

 

Omako basoa (Kortezubi): Naturak eta arteak bat egiten duten baso sorgindua da. Agustin Ibarrola eskulturgile eta margolariaren artelan bat da, 1983-1991 bitartean margotua.

 

Urdaibai: Urdaibai Oka ibaiak sortzen duen padura da. Bizkaiko kostaldeko basa-ingurune garrantzitsuena da. Hegazti migratzaileak ikusteko leku pribilegiatua da eta harrigarria da ikustea ingurunea nola aldatzen den itsas gora eta beherarekin. 1984an, UNESCOk Biosfera erreserba izendatu zuen.

 

Pozalaguako leizea (Karrantza): Pozalaguako leizea munduan estalaktita eszentriko gehien dagoen lekua da. Estalaktitak elkar lotzen eta nahasten dira grabitateari muzin eginez, eta sortzen dituzten irudiak eta formak ikusgarriak dira benetan. Pozalaguako leizea 2013ko Espainiar estatuko txokorik politena izendatua izan zen Internet bidezko bozketa batean.

 

Gorbeiako parke naturala: Bizkaia eta Araba lotzen dituen mendi-lerroa da Gorbeia eta izen bereko mendi-muturra da altuena (Gorbeia, 1480 m.). Bertako metalezko gurutzea ezaguna da euskal mendizaleen artean.

 

Oinez, bizikletaz zein zaldiz ibil zaitezke bertan, bideak ondo seinaleztatuta daude. Bi interpretazio zentro daude: bat Bizkaian (Areatzako parketxea) eta bestea Araban (Baias interpretazio zentroa).