IRATIKO BASOA

Europako bigarren pagadirik handiena

FITXA

Irati Zuberoa, Behe Nafarroa eta Nafarroa elkartzen dituen oihan magikoa da. Europako pagadi handienetakoa da (17.300 hektarea), mendiaren eta naturaren maitaleentzat bisitatu beharreko lekua. Oso biztanle gutxiko gunea izanik, fauna eta flora nagusi dira Iratiko oihanean.

  • Denbora: + 5 egun
  • Publikoa: familiak, bikoteak, lagunartean

AZALPENA

Iratiko oihana Euskal Herri barnealdeko naturgune ederrenetakoa da. Zuberoa, Behe Nafarroa eta Nafarroa elkartzen ditu. Oihanera Zuberoatik helduz gero, Larrañe herritik barna sartuko gara. Aurrez, Kakuetako arroilan eta Holtzarteko zubian geldialdia egingo dugu. Donibane-Garazitik ere hel daiteke. Nafarroan bazaude, Orbaizeta, Otsagabia edo Izaba herrietatik gora eginda sartuko zara Iratiko oihanean.

Iratiko oihanean barneratzeko mugaz gaindiko lankidetzan sortutako BTT zentrora hurbiltzea gomendatzen dizugu. Maila desberdinetako 16 ibilbide dituzte prestatuak, hau da, 400 kilometro baino gehiagoko gozamena!

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Festak

Maskaradak: Maskaradak, inauteri garaian, Zuberoan ospatzen diren festa dira. Otsaila eta maiatza bitarte, igandero, Zuberoako herri batean izaten dira maskaradako kideak festarako eta dantzarako gogoz. Urtero, Zuberoako herri bateko gazteek hartzen dute maskarada antolatzeko ardura.

 

Maskaradan aktore eta dantzariak bi taldetan banatzen dira: Gorriak, dotore jantziak eta ordenan, eta Beltzak, ordenarik gabe, zikinak eta zakarrak. Goizean herrian barna ibiltzen dira, eta, dantza egin eta gero jendeak jakiak, freskagarriak eta likoreak ematen dizkiete. Pertsonaia garrantzitsuenek, Txerrero, Gathuzain, Zamaltzain, Kantiniertsa eta Banderari, dantza egiten dute txandaka Jauna eta Anderearen aurrean. Bitartean, beltzak, Kaldereroak eta Ijitoak, saltoka eta txantxetan ibiltzen dira segika eta herriko beste lagunak zirikatzen.

 

Pastoralak: Udaro, pertsonaia historiko ezagun baten bizitza kontatuz, zubereraz antzezten den tradiziozko antzerki generoa da. Urtero Zuberoako herri desberdin batek antzezten du.

 

Almadien eguna (Burgi): Almadien eguna Erronkari, Salazar eta Aezkoa bailaretako identitatearen sinboloetako bat bihurtu da. Urtero, maiatza hasieran, hainbat almadik 5 kilometroko ibilbidea egiten du Eska ibaian behera. Ibilbidea Burgin amaitzen da, ur-jauzian jauzi egin ostean. Egun osoan zehar, almadien jaitsiera hainbat kultur, kirol eta folklore ekitaldirekin osatzen da.

 

Fazeria hitzarmena: Uztaila amaieran, Azpegin eta Idopilen, Aezkoako eta Garaziko bailarek hitzarmena sinatzen dute bi ibarretako artzainek herri-lurrak partekatzeko. Usadio hori 1566. urteaz geroztik burutzen da. Gaur egun, ez dago hainbeste ganadu, baina balio du erreinuak eta mugak sortu aurretik euskaldunek tratuak nola egiten zituzten gogoratzeko. Antzinako euskal historiatik bizirik mantentzen den usadio polita da.

 

Espartinaren festa (Maule): Abuztuaren 15ero, festa antolatzen da Maulen espartinaren inguruan. Duela mende bat eta erditik gaur arte, espartinen ekoizpenak herrian izan duen garrantzia gogoratzeko egiten den festa da.

 

Orhipean, garai bateko bizimodura bidaia: Abuztuaren azken asteburuan, Otsagabia herri osoak denboran atzera-bidaia egiten du duela 100 urteko ofizio eta bizimodua erakusteko. Herri osoak hartzen du parte festan, eta zinez gomendagarria da egun-pasa eder bat egiteko. Ez galdu zerri-hilketa, arropa garbitzaileen lana edo artilea lantzeko ofizioak. Haurrek garai bateko jolasekin primeran pasatuko dute.

 

Muskildako dantzariak (Otsagabia): Irailaren 8an, dantzariek emanaldi berezia egiten dute Muskildako ermitan. Lau makila dantza egiten dituzte; Enperadorearena, Katxutxa, Dantza eta Modorro. Halaber, Pañuelo (zapia) izeneko zapi dantza eta Jota ere dantzatzen dituzte. Leku batetik bestera joateko Kalejira dantza egiten dute. Erritozko dantza horiek antzinatik mantendu dituzte gaur egun arte. Muskildako zortzi dantzarien emanaldia aipatzen duen lehen dokumentu idatzia 1695ekoa da.

 

Aezkoako eguna: Iraileko 3. asteburuan ospatzen dute, Aezkoa bailarako herri batean, txandaka.

Kirola

Irati Xtrem: Ekainaren 2. asteburuan egiten den martxa zikloturista ez-lehiakorra da. Ez dago sailkapenik, ezta irabazlerik ere. Irteera neutralizatua da lehenengo 3 kilometroetan, eta, jarraian, bakoitzak nahi edo ahal duen abiaduran egiten du ibilbidea. Ibilbideak Pirinioetako inguru honetako txoko ezezagunenetakoak zeharkatzen ditu, ia ibili gabeak, Iratiko oihanari itzulingurua eginez.

 

Larrañeko kronoeskalada: Irati Xtrem martxa zikloturistaren parte den lehia da. Pirinioetako mendate mitikoetako bat da Larrañe, 2007an, Frantziako Tourrak zeharkatu zuena. Bertan zeure indarrak neurtu eta profesionalekin alderatu ahalko dituzu. Kronometratua izan nahi baduzu, mendate hasierara iristean, Larrañe herrian berariaz jarritako alfonbraren gainetik pasa besterik ez duzu.

Iruñea

NOLA IRITSI

Bilbotik eta Baionatik: autobusez edo autoz (Baionatik autobusez, udan soilik)

Vitoria-Gasteiz eta Donostiatik: autobusez, trenez edo autoz

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Historia gustuko baduzu, Iruñea duzu zure hiriburua: kristo aurreko lehen milurtekoan baskoiak jada Iruñean bizi zirenaren aztarnak egon badira.

 

Nafarroako hiriburua leku estrategikoa izan da historian zehar. Izan ere, Frantziaren eta Iberiar Penintsularen arteko zubi gisa hartua izan da, eta haren kale, etxe, eraikin eta herritarren artean murgiltzen bazara, hainbat istorio, guda, borroka eta bizimoduren berri izango duzu.

 

Guk alde zaharra bisitatzea gomendatzen dizugu, eta, bereziki, harresia eta katedrala ikustea, eta San Fermin jaietako entzierroaren ibilbidea egitea. Haurrekin bazabiltza, planetarium-a bisitatzea plan polita izan daiteke.

 

Iruñeatik bertatik pixka bat ateratzeko aukera edo gogoa baduzu, Xabierko gaztelua eta Jorge Oteiza eskulturgile ezagunaren museoa ikustera animatzen zaitugu.

Maule

NOLA IRITSI

Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Iruñeatik: autoz

Baiona eta Donibane Garazitik: autobusez edo autoz

 

Maule da Euskal Herriko hiribururik birjinena: Pirinioak hortxe direla esaten duten mendiak, arroilak, ibaiak eta herritxoak dira errege gizakia txikia dela nabarmen uzten duten inguru haietan. Familian zein bikotean edo bakarrik, lasaitasuna, aire garbia eta gorputza pixka bat mugitzea bilatzen ari bazara, leku egokira heldu zara.

 

Kakuetako eta Holtzarteko arroilak ikusgarriak dituzu egun-pasa baterako. Lehena, erreka bazterretik egin dezakezu, eta bigarrena, ausartzen bazara, alde batetik bestera pasa dezakezu 140 m-ko altuera duen zubi eseki batetik. Iratiko oihana da Europako bigarren pagadirik handiena Alemaniako Oihan Beltzaren ostean, eta mila aukera eskaintzen dizkizu familian edo bakarrik, udan zein neguan edota oinez nahiz bizikletan ibiltzeko.

 

Pixka bat deskantsatu eta hiriburua bisitatzeko, Mauleko gaztelura joatea gomendatzen dizugu.

Donibane Garazi

NOLA IRITSI

Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Iruñeatik: autoz

Baionatik: autobusez, trenez edo autoz

Mauletik: autobusez edo autoz

 

Erdi Aroko herria da Donibane Garazi, eta garrantzitsua Done Jakue bidean, bertatik pasatzen delako Frantziatik Espainiarako bidea. Hitz ematen dizugu Donibane Garaziko harri gorrizko etxe eta kaleek liluratu egingo zaituztela.

 

Konbentzitu bazaitugu eta Donibane Garazira bazoaz edo jada han bazaude, bertako harresia bisitatzea gomendatzen dizugu, herria bera eta inguruko paraje menditsuez gozatzeko aukera paregabea baituzu hori. Behin herriko kaleetan murgilduta, gustatuko zaizu Andre Mariaren eliza, Zitadela eta Eiheraberriko zubia bisitatzea. Azken hau ikusiko duzu Donibane Garaziko ia argazki guztietan.

 

Kale zidorretan zabiltzala, hainbat merkatariren dendatxoak ikusiko dituzu, eta bertan sartzera gomitatuko zaituzte, gauza ederrak, jaki eta edari goxoak eta istorio politak poltsan hartuta aterako baitzara bertatik.

 

Donibane Garazitik pixka bat ateratzea erabakitzen baduzu, egizu bisitatxo bat Irulegira. Bertako ardoa da Iparraldean jatorrizko deitura duen bakarra.