Baserria, Natur Eskola Bizia Goierrialdeko 8 baserrik orain 20 urte martxan jarritako egitasmoa da eta baserriko bizimodua, ohiturak, lanak eta ofizioak bertatik bertara ezagutu eta bizitzeko asmoz abiatu zen. Proiektuan parte hartzen duten 8 baserriak bizi dira baserritik eta egiten duten hori erakusteaz gain, bisitariari horretan aritzeko aukera ere ematen diote. Egun, ez dago horretarako aukera handirik Euskal Herrian.
Horixe da beren berezitasuna eta aitzindariak dira horretan. Oscos-Eo -ko eskualdea (Asturias) bisitatzen izan ziren batean asko harritu zituen nola bertako baserritar eta artisauek beren etxeetako ateak ireki eta bisitariak barrura sartzera gonbidatzen zituzten, egiten zuten hori bertatik bertara ikus zezaten. Lanean jarduten zuten lekuan bertan ikus zitezkeen jardunean baserritar eta artisauak. Hori Euskal Herrian pentsaezina zela konturatu ziren. Ez da ohikoa oraindik ere bisitariak etxe barrura sartu eta bertakoak zertan aritzen diren ikustea. Museo eta interpretazio-zentroak daude horretarako.
Ideia polita irudituta, Baserria, Natur Eskola Bizia egitasmoa jarri zuten martxan Goierrialdeko 8 baserri horiek. Baserria eta baserritarrak egungo jendarte urbano eta hiritarrera gerturatzea da helburua. Baserriak eta baserritarrek egungo jendartean beren lekua eta funtzioa izan badute eta hori ezagutaraztea du xede Baserria, Natur Eskola Biziak, ikuspegi produktibotik zein pedagogikotik. Baserriak eta baserritarrek errekonozimendu soziala izatea dakar horrek, jendeak gauzen gaineko kontzientzia handiagoa hartzen baitu hori bere begiz ikusi eta eskuz egiten duenean.
Aipatu bezala, baserria ezagutzeaz gain bizitzeko aukera ere ematea da Baserria, Natur Eskola Bizia proiektuaren berezitasuna. Bisitariak baserritarra bere egunerokoan aritzen den horretan jarduteko aukera du eta egindakoa etxera eramatekoa, bukatutakoan.
"Baserria, Natur Eskola Bizia", nagusiki eskolei zuzendutako egitasmoa
Baserria, Natur Eskola Bizia proiektua eskolei zuzenduta dago, bereziki. Egungo eskolaren eginkizun eta helburuak zabaltzen ari dira, metodologiak ere parte-hartzaileagoak dira, eta beraz, ikasgelak “txiki” gelditzen dira natura, elikadura orekatua, baserria, garaian garaiko produktuak… bezalako gaiak landu ahal izateko.
Haurrak eta gaztetxoak eskolan momentuan momentuko gaia landu ostean egiten dituzte bisitak baserrietara (Baserria, Natur Eskola Biziak horretarako material pedagogikoa du) eta behin etortzen diren ikastetxeek errepikatu egin ohi dute txangoa urtero, baserri ezberdinak bisitatuz adin ezberdinetako ikasleekin. Teorian irakurri eta entzundakoa praktikan jartzeko aukera ematen du Baserria, Natur Eskola Biziak; benetan ikastekoa. Ezin aipatu gabe utzi, nagusiki, haurrak direla bisitan joaten direnak eta 12 urtetik gorako gaztetxoentzat ere irtenaldi oso interesgarria dela azpimarratu nahiko genuke. Egun-pasarako asmoz etortzen diren eskolei bestelako ekintzak ere proposatzen zaizkie, baserriko bisitez gain.
3 orduko bisitak eskaintzen ditu Baserria, Natur Eskola Biziako baserri bakoitzak. Txango bakoitzean bat bisitatzea gomendatzen dute (ikuspegi pedagogikotik, batik bat) eta sei urterik gorako haur eta gaztetxoekin egiten dute lan. Hasiz geroztik, 80000 bat haur eta gaztetxo jaso dituzte, urtean 200 bat bisita.
Eskolez gain, antolatutako bestelako taldeekin ere aritzen dira Baserria, Natur Eskola Bizian. Besteak beste, euskaltegiekin, kontsumitzaile elkarteekin, familia-taldeekin… Erreserbak telefonoz, emailez edo webgunetik bertatik egin daitezke.
Baserriak eta beren jardunak
- Baztarrika (Gabiria): Idiazabal gaztagintza
- Haristizabal (Ezkio-Itsaso): ogigintza ekologikoa
- Haristizabal (Ezkio-Itsaso): frutazaintza ekologikoa
- Ordiziako azoka: garaian garaiko produktuak eta erosketak
- Aikur (Urretxu): erlezaintza
- Pott (Ezkio-Itsaso): keramika
- San Migel (Legazpi): barazkigintza ekologikoa
- Igartubeiti (Ezkio-Itsaso): baserri-eraikuntza
Baserria Natur Eskola Bizia: www.natureskolabizia.com · info@natureskolabizia.com · Tel.: 943 72 06 26 / 630 70 25 87