BLOGA

ONDAREA
2015(e)ko aza. 13(a)

Euskal kostaldea, itsasargiz itsasargi

Euskal kostaldea, itsasargiz itsasargi

Orain hilabete eskas jakin genuen Gipuzkoako lau itsasargi (Hondarribiakoa, Pasaiako Senokozulua, Donostiako Santa Clara uhartekoa eta Getariakoa) hotel txiki izateko gestio-lanetan omen dabiltzala.

 

Ez dakigu noiz helduko den hori, ezta euskal kostaldeko itsasargi gehiagok ere hartuko ote duen bide hori, baina kontua da aitzakia perfektua iruditu zaigula gure itsasbazterreko horietako hainbat bisitatzeko. Ez dugu hotel bihurtu artean itxaroten jardun beharrik itsasargiak ezagutu, balea eta kortsarioen istorio eta ipuinak entzun, eta paisaia paregabeez gozatzeko.

 

200 kilometroko kostalde gorabeheratsua eta mila aurpegi dituen Kantauri Itsasoa ditugu zain. Has gaitezen ekialdetik mendebaldera, Biarritzetik Gorlizera.

 

 

* Biarritzeko itsasargia: San Martin lurmuturrean dago Biarritzeko itsasargia. 1830. hamarkadaren hasieran eraiki zen. Ordura artean, sua pizten zuten itsaslabarretan lehenik eta beranduxeago, dorreak eraiki zituzten horretarako; horietako bat egun aquarium-a dagoen lekuan omen zegoen.

 

Biarritzeko itsasargia barrutik bisita daiteke (neguan asteburuetan egoten da zabalik, 14:00etatik 17:00etara). 2,5 euro balio du sarrerak eta 250 eskailera-maila igo behar dira tontorrera heltzeko. Hori bai, goitik ikusiko duzunak ez du parekorik, are gehiago ilunbarretan. 70 metro pasatxoko altueratik ekialdeko euskal kostaldearen zati handi bat ikusiko duzu, baita Landak ere. San Martin lurmuturra da euskal kostalde malkartsua eta Landetako itsasbazter lau eta zabalak banatzen dituen puntua; kontraste eta bista ederreko lurmuturra, ezbairik gabe.

 

 

* Higer itsasargia (Hondarribia): Bidasoako itsasadarraren zaintzaile da Higer-eko itsasargia, euskal kostaldeko altuenetakoa. XIX mendearen amaieran eraiki zen eta gerra karlistek 1874an suntsitu zutena ordezkatu zuen.

 

Hondarribiako camping-aren alboan, itsasargiagatik beragatik baino inguruagatik da ederra. Fraileen senadia du ondoan, hondartzatxo benetan polita. Ura baino lurra nahiago dutenei esan, Higer-eko itsasargiaren inguruan hainbat mendi-bide daudela. Horietako bat handik bertatik Guadalupeko gotorlekura heltzen dena, Jaizkibel mendiaren magaletik. 13 bat kilometroko joan-etorria da, zailtasunik gabea.

 

 

* Platako itsasargia (Pasai-San Pedro): Oinez joan behar da Platako itsasargira. Kotxea uzteko lekutik 2 kilometro eskasera dago eta bidea ez da zaila; ez dago aitzakiarik, beraz, hara joateko. XIX. mendearen erdialdean eraikia, hiru solairuko gaztelua dirudi, almena eta guzti. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko itsasargirik ederrenetarikoa da. Kostako Santiago Bidean bertan dago, hantxetik pasatzen dira Konpostela aldera doazen erromesak.

 

Platako itsasargiaren izenaren jatorriaz aritzean, Pasaiako portuak antzinatik mineralak ateratzeko zer garrantzia izan zuen eduki beharko genuke kontuan. Izan ere, Arditurriko meategietatik (Oiartzun) ateratzen ziren mineralak Pasaiatik esportatzen ziren. Baliteke izenak itsasargiaren kokapen paregabeari erantzutea ere, edota eguzki izpiek ur gainean sortzen dituzten zilar koloreko errainuei. 

 

Platako itsasargia ez dago lurmutur baten gainean eraikia, arroka baten magalean baizik. Eta horixe du beste berezitasunetako bat. Eraikitze-lanak askoz zailagoak izan baziren ere, gisa horretan farozainak denboraleetatik eta ekaitzetatik askoz babestuago egotea lortu zen.

 

 

* Getariako itsasargia: San Anton lurmuturraren kaskoan (Getariako Arratoia bezala ezagunagoa) dago Getariako itsasargia. Herritik lurmuturrerako bidean ez da ibilgailurik ibiltzen eta familian, haurrekin, egiteko paseo zinez polita da; San Anton mendia jolas eta aisialdi gunea baita orain.  

 

Getariako itsasargia XIX. mendearen erdialdean eraiki zen, San Anton ermitaren gainean. Itsasargiaren inguruan talaia baten aztarnak ere badira. Garai bateko baleazaleek Getarian eraikitako talaia sistemaren zati bat da, hain justu.

 

 

* Santa Katalina itsasargia (Lekeitio): Paraje ikusgarrian egoteaz gain, Lekeitioko Santa Katalina itsasargiak badu beste ezaugarri interesgarri bat: Nabigazioaren Interpretazio Zentroa. Farozainaren etxea, haren ordezkoarena, biltegia eta Otoio mendiko antzinako baleazaleen talaia ere bisitatu ahal izango dituzu, beraz. Horrez gain, nabigazioarekin eta itsasoko denboraleekin lotutako sentsazioak ere ezagutu ahal izango dira, “Goizeko Izarra” arrantza-ontziaren zeharkaldi-simulagailuari esker.

 

 

* Gorlizko itsasargia: Gorlizko itsasargira joan egin behar da, ez da inorako bidean geratzen. Itsasargia bera oso berria da, 90. hamarkadan eraiki zuten, baina inguruan historia eta istorio asko ezkutatzen dira. Alde batetik, Villano uhartea dago, Plentzian eraikitzen ziren galeoi komertzialak arpilatzeko asmoz inguruko itsaslabar eta senadietan ezkutatzen ziren pirata eta gaizkileen omenez. Gorlizko itsasargiaren inguruan Espainiko Gerra Zibileko hainbat bunker, lurpeko pasadizo eta kanoi ere badira. Frankistek eraiki zituzten II. Mundu Gerrako inoiz iritsi ez ziren aliatuen erasoetatik babesteko.

PARTEKATU POST-A