BLOGA

KULTURA
2015(e)ko aza. 1(a)

Jorge Oteiza museoa

Jorge Oteiza museoa

Altzuza herrixka Iruñea (Nafarroa) ondoko herrixka bat da, bista zoragarriak dituen gain batean kokatua dagoen herrixka. Gain hartara abiatuta, bidean gora goazela, herriaren sarreran bertan eraikin ikusgarria aurkituko dugu, Jorge Oteiza euskal artista handiaren museoa. Eraikina bera ikusgarria da, baina are ederragoa da barruan aurkituko duguna: magiaz beteriko Jorge Oteizaren laneko tokia eta bere obraren zati handia jasotzen duen museoa, hain zuzen ere.

 

Jorge Oteiza (1908-2003) Orion jaio bazen ere, 1975 urteaz geroztik, Altzuzan bizi izan zen bere emazte Itziar Carreñorekin. Hain zuzen ere, Itziaren anaia Altzuzan zegoen apaiz eta berari esker ezagutu zuten herria eta abandonatuta zegoen etxe horretara joatea erabaki zuten. Gaur egun, senar-emazteak Altzuzan bertan hilobiratuak daude.

 

Esaten dutenez, Jorge Oteizak 'mundutik' urruntzeko zuen borondatearen eszenategi bilakatu zen Altzuza, bertan aurkitu baitzuen poetika eta saiakera-sormena lantzeko zein ikerketa lanean aritzeko behar zuen bakardadea. Hala ere, Oteizarekin harremanetan zegoen komunitate intelektualarentzat elkargune ere izan zen Altzuza.

 

Etxea eta museoa, biak bat 

 

Jorge Oteizaren museoa zerbaitengatik berezia bada, bere lantokian bertan egindako museoa delako da. Izan ere, museoak bi zati ditu: batetik, Jorge Oteizaren lan-lekua eta bestetik, bere obrak biltzen dituen museoa bera. 

 

Artista handiak azken urteetan lantoki izan zuen gunera sartzea, gune magiko batera sartzea bezala da. Bertan, bere idazmahaia, betaurrekoak, liburuak, obren zirriborroak etabar-ekin egingo dugu topo. Gune berezia da, bertara sartuta halako lasaitasun bat eta, aldi berean, inoren etxean sartu izanaren sentsazioa transmititzen duena. Bigarren gunean, Jorge Oteizaren obra gehientsuenak biltzen dituen bilduma iraunkorra aurkituko dugu. 

 

Erakusketa hau artistaren sorkuntza ibilbideko gakoen ikuspegi osoa emateko sortu zen. Guztira 150 eskultura eta Klarion Laborategiko 300 pieza daude ikusgai. Horrez gain, orain arte erakutsi gabeko 40 marrazki eta collage eta Jorge Oteizaren hainbat agiri eta eskuizkribu ere erakusten dira. Dokumentazio horrek Oteizaren obrara hurbiltzeko aukera ematen du jatorrizko agirietan artistak berak emandako testigantza, komentario eta azalpenen bitartez.

 

Fundazioaren funtsak 1.662 eskultura, Klarion Laborategiko 2.138 maketa, 700 marrazki, 4.000 liburu (Oteizak eginiko oharrez aberastuak asko eta asko), eta 2.425 eskutitz dauzka sailkatuta. 

 

Eraikina bera ere ikusgarria

 

Jorge Oteiza museoa Francisco Sáenz de Oizak diseinatu zuen, nahiz lanak amaitu baino lehen zendu zen. Arkitektoak, hasieratik, eduki eta edukitzailearen arteko oreka mantendu nahi izan du. Arkitektoak berak behin adierazi zuen moduan, “Fundazioak ez du eskultura bat egin behar eskulturak gordetzeko, hori kontraesana izango bailitzateke. Eraikina zenbat eta bakun eta sinpleago izan hainbat eta monumentalagoak izango dira barruan dauden eskulturak”. 

 

Esan bezala, eraikinaren beste ezaugarri bat da artistaren etxebizitza originalarekin dagoen komunikazioa da. Etxe-lantegia eta museoa elkarri lotuta daude beirazko galeria batekin; etxebizitzaren fatxada eta barrualdea zeuden zeudenean gorde dira, Oteiza herri horretan bizi izan zeneko urteen lekukotasun gisa. Bi egitura arkitektoniko horien arteko komunikazioa modu harmoniatsuan gertatzen da, eta bistan gelditzen da patio txiki bat, eskultorearen hasierako lantegiaren oroitzapena gordetzen duena.

PARTEKATU POST-A