BLOGA

BESTE
2016(e)ko urt. 22(a)

Kaxilda, liburu-denda & jatetxea

Kaxilda, liburu-denda & jatetxea

Liburutegian isilik ibili behar da, baxu hitz egin behar da eta ezin da jan. Mundua mundu eta liburutegiak liburutegi direnetik, horrela izan da hori. Arauak puskatzeko daude, ordea.

 

Kaxilda ez da ohiko liburu-denda bat; hobeto esanda, ez da liburu-denda soil bat: liburu-denda, liburutegia, jatetxea eta kafetegia da. Beraz, liburuak eros daitezke, liburuak irakurri daitezke, hitz egin eta eztabaida daiteke, eta, nola ez, jan ere egin daiteke.

 

2012an jarri zuten martxan Kaxilda liburu-denda & jatetxea Josean, Esteban eta Dariok; arkitekto iruindar, filosofo txiletar eta antropologo italiar batek. Bartzelonan ezagutu zuten elkar mugimendu sozialetan buru-belarri zebiltzala eta krisia hasi berritan, eta Donostian bukatu dute liburu-denda & jatetxe alternatibo bat gobernatzen.

 

Amara Zaharrean dago Kaxilda liburu-denda alternatibo eta jatetxe begetarianoa, kale zidor batean, erdi gordeta. Kasualitateak eramaten baldin bazaitu, ondo; eta bestela, joan egin beharko duzu hara. Kanpotik erakarriko zaitu lehenik, ez duzu eta jakingo ondo zer den: menuaren arbela kale izkinan, “Kaxilda” dioen neoi gorrizko errotulua atean eta kafetegiko mahaiak eta liburu-dendetako apalak kristalezko leiho handiez bestalde. Egiguzu kasu, sar zaitez barrura.

 

180 m2ko gunea, irekia eta minimalista. Mahaiak parez pare, beirate eder baten atzean kalean pasatzen den ororen testigu, eta haien atzean, altxor bat bailitzan, liburu-denda. Liburu-denda goxo eta xarmanta, egurrezko apal, eskuz egindako bereizgailu, argi goxo eta sabai baxuduna, barruan irakurketa-gune txiki bat gordetzen duena.

 

Argazki bat ikusi genuen han, irakurketa-gunean, bankuaren alboan, paretaren kontra. Kaxilda zen, liburu-denda eta jatetxe eder honi izen ematen dion emakume donostiar borrokalari amorratua. Primo de Rivera diktadoreak sartu zuen kartzelan eta II. Errepublikan libre geratu ostean, Frankismoan, diktaduratik hiesi zabiltzanei aterpea eskaini zien Iparraldeko bere etxean.

 

Kaxilda, liburu-denda alternatiboa & jatetxe begetarianoa

 

Hiriko beste liburu-dendetan topatzen ez diren liburuak daude Kaxildan; kultura, artea eta politikaren gaineko lan alternatiboak, ez-komertzialak. Euskarazko zein gaztelerazko lanak, gisa guztietako generoak eta adin guztietarako aukerak.

 

Jatetxea begetarianoa da, nahiz egunero arrain edo haragi aukera bat ere izaten duten, denak kontent izateko. Bertako produktu ekologikoak erabiltzen dituzte menua prestatzeko. Aukerak? Platera bakarrak (10€) edo menua (15€ astean eta 20€ asteburuan).

 

Kaxilda liburuak erosi eta otordutarako leku bat izateaz gain, topagune bat izatea nahi dute sortzaileek, eztabaidarako, gogoetarako, kritikarako, denbora-pasarako, harremanetarako topagune bat. Kontzertuak, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, erakusketak… antolatzen dituzte bertan. Zer diozu, joango gara kafe bat hartzera liburutegira?

 

 

 

Kaxilda · Arroka kalea 2 baxua. 20006 Donostia · Tel.: 943 57 19 87 · Facebook · Twitter

PARTEKATU POST-A