BLOGA

ONDAREA
2015(e)ko api. 16(a)

Kultur Ondarearen Europako Batasuna saria | Europa Nostra 2015 saria Añanako Gatz Haranarentzat

Kultur Ondarearen Europako Batasuna saria | Europa Nostra 2015 saria Añanako Gatz Haranarentzat

Añanako Gatz Haranak Kultur Ondarearen Europako Batasuna saria | Europa Nostra 2015 saria jaso du, kultur ondareari Europan eskaintzen zaion aitorpenik handiena. Europa guztiko 250etik gora proiekturen artean 28k jaso dute jaso dute saria eta horietako bat izan da Añanako Gatz Harana. Sariaren sustatzaileak Europako Batzordea eta Europa Nostra dira eta euren esanetan, “proiektuaren tamainak txundituta” geratu dira eta “ondarea osorik leheneratzeko adibide berritzaile gisa” saritu dute Gatz Harana.

 

Epaimahaiak nabarmendutako beste alderdi bat Gatz Haranaren nazioarteko oihartzuna izan da, leheneratze integralari esker eskuratua, besteak beste Añanako gatzaren esportazioaren bitartez -25 herrialdetan baino gehiagotan merkaturatzen da-, “Euskal Herriko sukalde entzutetsuenetan ez ezik, nazioartean ere balioetsita dagoena”. Horrez gain, gatzagen errekuperazioak inguruari ekartzen ari zaion garapen sozial, kultural, ekonomiko eta turistikoa ere azpimarratu nahi izan dute.

 

Kultur Ondarearen Europako Batasuna saria | Europa Nostra 2015 saria banatzeko ekitaldia ekainaren 11n izango da Oslon. Han, sarituak izan diren proiektuetako zazpik Sari Nagusia eskuratuko dute, hamar milana euroko saria. Horietako batek Publikoaren Saria ere jasoko du, Europa Nostraren webgunearen bitartez bozkaz aukeratuko dena.

 

Añanako gatzaga, 6.500 urteko harribitxia

 

Gesaltza Añanako udalerrian dago Añanako gatzaga, Vitoria-Gasteiztik 30 bat kilometrora. Munduan bakarra den paisaia hau 6000 urtetik honako lanaren fruitua da.

 

Belaunaldiz belaunaldi, eskualde horretako gizon eta emakumeek inguruko iturburuak aprobetxatzen jakin izan dute gizateriarentzat ezinbestekoa den “urre zuria”, gatza, lortzeko. Horretarako, eskuz eta zentzuak agindu bezala, eskulan profesional eta espezializaturik gabe, egungo azpiegitura guztia eraikitzen joan dira. Ura iturburuetatik putzuetara ekartzeko lau kilometro luzeko egurrezko kanalak daude. Terrazak eskailera moduan eraikita daude, harria, egurra eta buztina erabiliz eta, azpian, gatza gordetzeko biltegiak dituzte. Azpiegitura ezohiko, ezezagun, herrikoi eta tradizional moduan defini daiteke.

 

Egun oraindik martxan dago eta zinez animatzen zaitugu bertaratu eta gatz-gizonak lanean ikustera. Nahi izanez gero, bisita gidatuak ere badira.

PARTEKATU POST-A