BLOGA

BESTE
2016(e)ko eka. 30(a)

Nafarroa, aire libreko zinema aretoa

Nafarroa, aire libreko zinema aretoa

Altxor ugari gordetzen ditu Nafarroak, hasi iparraldeko mendialdeetatik eta hegoaldeko deserturaino, Iruñeatik pasatuta. Badu halako xarma, karisma edo magia berezia euskaldunon artean, atzerritik etorritako bisitariek ere maite dute eta, antza denez, zinemagile eta telebista munduko zuzendariek ere ikusi diote zerbait.

 

Pasa den mendeko 60. hamarkadatik hona, Euskal Herriko zein nazioarteko zinemagile ugari aritu dira Nafarroan lanean, izan Baztanen edo Errege Bardean; han eta hemen, Nafarroako hainbat txokotan.

 

Nafarroako hainbat eta hainbat txoko betikotu, hilezkortu, ditu zinemak. Eta ez hori bakarrik, bisita-leku bihurtu ere bai; bai baitu halako xarma berezia filmetan ikusi ditugun lekuak bertatik bertara ezagutzeak edota ezagutzen ditugunak pantaila handian ikusteak.

 

Nafarroako Zinemaren Bidea

 

23 pelikularen bitartez eskualde guztian barrenako 13 agertoki garrantzitsuenak edo ezagunenetakoak ezagutzeko bidea da Nafarroako Zinemaren Bidea. Zugarramurdi, Baztan, Leitza, Lekunberri, Orbaizeta, Salazar eta Erronkariko ibarrak, Iruñea, Urbasa-Andiako mendialdea, Perdón-go gaina, Erdi Aroko Artaxoa eta Olite, eta Errege Bardea dira aukeratutako antzeztokiak.

 

Inguru horietan, bisitariak pelikulen gaineko informazio-panelak topatuko ditu. Filmaren oinarrizko datuez gain, taulek lekuan bertan filmatutako eszenak ikusteko aukera ematen dute, errealitate gehituari esker. Horretarako, hori bai, eskuko telefonoan “Navarra de Cine” aplikazioa eduki behar dugu (Android zein IOS sistemetarako dago eskuragarri eta doakoa da).

 

“Aktore egun batez” bisitak, udako aparteko esperientzia

 

Filmak egin diren lekuak ezagutu eta eszenak bertan ikusteko aukeraz gain, filmetako protagonista izateko aukera ere izango du hala nahi duenak, uda honetan.

 

Izan ere, uztailaren 2tik urriaren 2ra bitarteko asteburuetan, asteburuero, Nafarroako Zinemaren Bideko hainbat geldialditan (Zugarramurdin, Leitzan, Iratiko basoan, Iruñean, Urbasa Andiako natura parkean, Artaxoako itxituran eta Errege Bardean) izango diren filmazioetan parte hartzeko aukera izango du hala nahi duenak.

 

Besteak beste, “Robin and Marian”, “Anacleto, Agente Secreto”, “Eraztunen Jauna”, “Zugarramurdiko Sorginak” edota “8 Apellidos Vascos” filmetako agerraldiak grabatuko dira. Hala, aktore lanetan murgildu eta akelarre batean parte hartzeko, Erdi Aroko Artaxoan printzesa bat erreskatatzeko, “Sherwood” basoan zaldi gainean ibiltzeko, Sanferminetako entzierroan lasterka egiteko edota Iratiko basoan hobbit izateko aukera duzue hau.

 

Grabaketaren ostean, materiala editatu eta bakoitzari bere filma bidaliko zaio. Ez da plan txarra, ezta?

 

Nafarroako gobernuak antolatu eta finantzatutako egitasmoa da eta bisitak doakoak izango dira. Hori bai, taldeetako pertsona-kopurua mugatua izango denez, aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da. “Aktore egun batez” bisiten gaineko eskuorri bat bada Nafarroako turismo-webgunean eta han azaltzen da noiz, non eta zer filmatuko den, baita, interesik izanez gero, erreserba zein telefono-zenbakitan egin behar den ere.

 

Informazio gehiagorako: www.turismo.navarra.es

 

Argazkia: www.navarra.com

PARTEKATU POST-A