BLOGA

TRADIZIOA
2015(e)ko eka. 16(a)

San Joan gaua, urteko gaurik magikoena

San Joan gaua, urteko gaurik magikoena

Oso da antzinakoa udari ongietorria egitea, iluntasuna eta antzutasuna atzean utzi eta argitasunari eta oparotasunari ateak irekitzea. Gure arbasoek eguzkia lurraz erabat maiteminduta zegoela uste omen zuten eta horregatik ez omen zela joaten. Eta hori ospatzen hasi omen ziren.


 

Munduko mila tokitan ospatzen da udaren etorrera, eta Euskal Herrian ere bai. Sua da hango eta hemengo protagonista nagusia. Kristautasuna heldu aurreko garaietan udako solstizioarekin egiten omen zuen bat, urteko gaurik motzenarekin. Sua pizten omen zen eguzkiari indar emateko, ordutik aurrerako egunak gero eta motzagoak izango baitziren negu gorria berriz heltzen zen arte. Kristautasunak lotu zuen jaia San Joan egunarekin, hortik urteko gaurik motzena San Joan gaua dela hain zabalduta egotea.


 

Garbiketarekin ere badu zerikusirik San Joan gauak, barne-garbiketarekin. Kondairak omen dio suaren errautsek gaixotasunak ekiditen dituztela eta gainetik hiru jauzi egiteak ere zorte ona dakarrela. Urte guztiko penak eta desgraziak ere erretzen omen ditu San Joan gaueko su magikoak. Suaz gain, Euskal Herriko hainbat txokotan urak ere indar berezia izaten du San Joan egunez. Errekek, goizeko ihintzak eta iturriek gaixotasunak sendatzen omen dituzte. Hortik larru gorritan belarretan etzanda ihintzaren zain egoteko ohitura, katarroa sendatzeko erremediorik onena zelakoan.


 

Guk hemen gaur ilunabar eta gauerako proposamen batzuk dakarzkizuegu. Hala ere, Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotako protagonista izango dira gaur sua, dantza, eta batez ere, magia.


 

Tolosa (Gipuzkoa). Herriko jaietan izaten da Tolosa San Joanetan. San Joan gaua eta eguna ospatzeko hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Besteak beste, bordondantzarien desfilea, txistulariak, eskopeteroak eta herriko musika bandako kideak topatuko dituzu bertan.


 

Guardia (Araba). "Cachimorro" ateratzen da kalera dantzariekin; bere janzkera koloretsuagatik bereiziko duzu. Alkatearekin batera herriko plazara joaten dira eta bertan Guardiako bandera jaisten dute. Horren ondotik, bandera San Joan elizara eramaten dute eta amabirjinaren alboan utzi. Banderaren Tremolazioa deitzen diote ekitaldiari.


 

Bermeo (Bizkaia). Xarma berezia du Gaztelugatxen, Eneperin, egiten den San Joan suak; suaren magiari paisaiarena gehitzen baitzaio. Urtero urtero ikuskizun bat prestatzen dute San Joan gauerako eta aurtengoan lurra, sua, ura eta airea protagonista izango dituen emanaldiaz gozatu ahal izango da. 23:00etan hasiko da ikuskizuna. Jende andana biltzen da inguru haietara San Joan gauaz gozatzera: 2000 pertsonatik gora espero dituzte aurtengoan.


 

Torralba del Río (Nafarroa). Torralba del Ríon ere izaten da sua San Joan bezperan, baina ez da hori herriko festetako interesgune nagusia. Juan Lobo, herrian eskultura ere baduen bailara hartako Erdi Aroko bidelapur ezagun bat, nola harrapatu eta epaitu zuten antzezten dute herritarrek San Juan egunaren bueltan.


 

Zuberoako hainbat herritxo. San Joan gaua errekuperatzeko lanetan dabiltza Zuberoako hainbat elkarte eta herri. Besteak beste, honako herrietan piztuko da sua gaur: Atharratzen, Gotaine Irabarnen, Eskiulan, Muskildin eta Zalhagainako gainean. Mendialdean, muinoetan, piztuko dituzte suak.


 

Argazkia: www.berria.eus

PARTEKATU POST-A