BLOGA

ONDAREA
2016(e)ko eka. 3(a)

Villa Arnaga, altxor ezkutu bat Kanbon

Villa Arnaga, altxor ezkutu bat Kanbon

Gaur Kanbo (Lapurdi) aldera egingo dugu. Kanbo sonatua da, besteak beste, Euskal Pastelaren sorleku izateagatik eta Euskal Herriko herririk ezagunenetakoa delako bere ur termalengatik. Baina gaur ez dugu bisitatuko ez bainuetxerik ezta gozotegirik ere.

 

Gaur Kanboko beste altxor polit batez jardungo dugu: Villa Arnagaz, hain justu. Villa Arnaga ia eraiki zenean bezalaxe mantentzen den estilo neo-euskalduneko etxe eder (jauregi ere esan dezakegu) bat da. Bere euskal pareta zuri eta ate gorri tradizionalak guratzatu bezain pronto Frantziako Belle Époque garaira eramango gaituen jauregi xarmant bat; atetik Euskal Herrian sartu eta Parisko aristokraziaren etxe dotore batera helduko bagina bezala.

 

Frantses- eta ingeles-estiloko lorategi zabalak ere baditu eta asteburu honetan inoiz baino ederrago egongo dira, gainera. Bertan ospatuko da Villa Arnagako lore eta landare azokaren 10. edizioa, gisa horretako Iparraldeko azokarik jendetsu eta handienetakoa.

 

Villa Arnaga Edmond Rostand poeta eta antzerkigile neoerromantiko frantziarrak eraiki zuen XX. mendearen hasieran. Rostand Marsellako familia dirudun bateko semea zen eta han bizi izan zen zuzenbide-ikasketak egitera Parisa joan zen arte. Bide batez esango dugu inoiz ez zela abokatu lanetan aritu: literatura zen bere pasioa. Bergerac-eko Cyranoren gainean idatzi zuen antzerki obragatik da ezaguna Edmond Rostand. Hasiera hasieratik izan zuen arrakasta lanak eta Frantziako antzerki obra klasikoen zerrendan egoteko ohorea ere badu. Hizkuntza askotara izan da itzulia eta zineman ere ikusi dugu hainbatetan.

 

Edmond Rostand ur-termalengatik heldu zen Kanbora, pleuresia sendatzera. Klima eta bizimodua gustatuta, bertan geratzea erabaki zuen (Paris eta Kanbo artean bizi izan zen familiarekin) eta arrazoi horrexegatik eraiki zuen Villa Arnaga, itxuraz euskal etxe tradizional eder bat. Eta itxuraz diogu itxuraz delako, ez izatez.

 

Eskualdeko arkitektura oinarri hartuta, Villa Arnaga arkitektura-korronte berri bateko lehen eraikinetako bat da Euskal Herrian. Estilo neo-euskaldunaz ari gara. Izan ere, arkitektura-korronte berri bat heldu zen Frantziara XX. mendearen hasieran. Garaiko beharrak zein aurrerapen teknologikoak eta lekuan lekuko eraikin estiloak uztartzean zetzan kontua. Itxuraz etxe tradizionalak ziruditen eraikin apain, goxo eta erosoagoak eraikitzean, alegia. Eta Villa Arnaga horrexen isla da.

 

Euskal etxe tradizional eder bat, beraz, kanpotik. Eta barruan zer? Egongela zabal-zabalak artelan eta beirate ederrekin, gela borobilak Japonia eta inguruko irudietan oinarritutako margo eta altzariekin, ur beroa eta berogailua zuten bainugelak edota hidroterapia gela bat. Hau da, garai hartan jende oso gutxiren eskura zeuden luxuak.

 

Villa Arnagaren beste altxorretako bat bere lorategiak dira. Versallesekoak gogora ekarriko dizkiguten ingeles- eta frantses-estiloko lorategi zabal-zabalak. Edmond Rostand-ek berak diseinatu zituen langileei, besteak beste, zuhaitz zaharrak behar zituela eskatuz. Poetaren esanetan, ez zituen nahi “udaberriro zentimetro eskas haziko ziren zuhaitxoak”.

 

Rostand-ek arbolatzarrak nahi zituen eta lortu zituen: inguruko basoetatik ekarri zituen, ipurditik atera eta Arnagara eraman zituen. Inguruko baserritarrak harri eta zur uzten zituen ikuskizunak, ez baitzen ohikoa, baratzetik letxugak bailiran, zuhaitzak ipurditik atera eta batetik bestera eramatea.

 

* Informazio praktikoa:

     - Bisita-motak: bisita librea /  bisita gidatua /  bisita gidatu teatralizatua (udan)

     - Ordutegia: martxoaren 19tik azaroaren 2ra, egunero irekita

     - Prezioa: Helduak: 8€ / gazteak (13-18 urte): 4€ / Haurrak (7-12 urte): 2,5€ / 7 urtez beherako haurrak: doan. (Bisita gidatua: +1€. Bisita teatralizatua: kontsultatu)

     - Iraupena: 45 minutu (Bisita teatralizatuak: 1:30). Gomendagarria da 1:30 ordu hartzea etxea bera eta lorategiak ikusteko.

 

Villa Arnaga · Camino Route du Docteur. 64250 Kanbo · Tel.: 33 (0) 5 59 29 83 92 · contact@arnaga.fr · www.arnaga.com

PARTEKATU POST-A