MUSEOAK

Ezagutu Euskal Herriko artea eta ondarea

FITXA

Euskal Herriak museo-sare oparo eta zabala du. Hiriburuetan museo moderno erakargarriak aurkituko dituzu, zein baino zein bilduma interesgarriagoaren erakusleku. Hiriguneetatik aparte, berriz, museo tematikoak eta interpretazio zentroak dira nagusi, guztiak euskal ondarearen eta historiaren lekukotasunak jasotzen dituztenak.

  • Denbora: + 3 egun
  • Publikoa: bakarrik, familiak, bikoteak

AZALPENA

Euskal Herriko museo-sare oparo eta modernoan murgiltzea esperientzia berriak bizitzea da. Museora hurbiltzea jada ez da bertako bildumak ezagutzeko bisita egitera mugatzen. Museoek arkitektura modernoaz gozatzera, ikuskizun interaktiboetan parte hartzera edo kafetegian zerbait hartzera gonbidatzen dute.

Frank Gehry arkitekto ezagunak diseinatutako Guggenheim museoak (Bilbo) gerturatu ahala txundituko zaitu. Vitoria-Gasteizen erdigunean kokatutako arte garaikidearen Artium museoa edo Donostiako San Telmo museoa plaza publikoak bailiran agertzen dira.

Mundu-mailako errekonozimendua jaso izan duten euskal artisten bildumak jasotzen dituzten museoak ere badaude, Oteiza euskal eskultorearen obra biltzen duen museoa (Alzuza, Nafarroa) edo Cristobal Balenciaga museoa (Getaria), kasu.

Haurrekin bidaiatzen baduzu, hutsik egin gabe Donostiako Aquarium-era edo Biarritzeko Itsas Museora, Ozeanoaren Hirira eta Albaola Faktoriara (Pasaia) joatea gomendatzen dizugu.

Ospe handiko museo horiez gain, Euskal Herriko tradizioen eta historiaren erakusleiho diren 165 museo eta interpretazio zentro tematiko ere badaude. Bereziki gomendatzen dizkizugu Baionako Euskal Museoa, Jean Vier ekomuseoa eta Sarako (Lapurdi) Ortillopitz eta  Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) Ugartubeiti baserriak.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK