BLOGA

AGENDA
2015(e)ko abe. 30(a)

Agenda: Urtea ondo bukatu eta hobeto hasi nahi duzu?

Agenda: Urtea ondo bukatu eta hobeto hasi nahi duzu?

Hona hemen urtea ondo bukatu eta hobeto hasteko agendan apuntatu beharreko proposamen batzuk.

 

* Beasaingo San Silvestre lasterketa (abenduak 31): Euskal Herriko hainbat herritan ospatzen dira San Silvestre lasterketa herrikoiak urtea agurtzeko. Sonatuena eta zaharrenetakoa Beasaingoa (Gipuzkoa) da. Mundu mailako korrikalariek parte hartu ohi dute bertan. Eta korri egitera joango ez bazara, zoaz festara. Giro ederra izaten da Beasainen urteko azken egunean! Gogoratu hori bai, lasterketa eguerdiko 12:00etan izaten dela; ez ilunabarrean, Euskal Herriko beste leku gehienetan egiten duten gisan.

 

* "Dios Te Salve" kopla kantari Lesakan (abenduak 31): Lesakan (Nafarroa), "Dios Te Salve" doinuekin eta kalejiran bukatzen dute urtea. Arratsaldean, herritarrak kalera ateratzen dira koplak kantatzera. Tradizioa eta euskal ohiturak maite badituzu, hitzordu polita duzu urtea bukatzeko.

 

* Aitzina Folk Festival Gasteizen (urtarrilak 3): Aitzinak Folk Festival-ak Calum Stewart flauta-jolearen, Heikki Bourgault musikari eta dantzariaren, eta Xabi Aburruzaga trikitilariaren kontzertuarekin ekingo dio urte berriari. Urtarrilaren 3an da hitzordua, Gasteizko Principal Antzokian.

 

Gasteizen folk musika-jaialdi bat egiteko asmoa Aitzina elkarteak sortu eta mamitua da. Aitzina taldea ataxia-telangiektasiak, gaixotasun arraro bat, eragindakoei laguntzeko sortu zen eta kontzertuan bildutako diru guztia gaixotasun horren gaineko ikerketa eta sendatzera bideratuko da.

 

* Biarritz Argiz jantzirik (urtarrilaren 3a arte): 10. edizioa du aurtengoa Biarritz Argiz Jantzirik ekimenak. Eguberri jaietan, egunero, arratsaldeko 18:00etatik 23:00etara, Biarritzeko (Lapurdi) eraikin eta ingururik esanguratsuenak eraldatu egiten dira: musikak eta argi jolasek magiaz betetzen dituzte.

 

Urtarrilaren 2an, linternen lasterketa izango da Biarritzen (Lapurdi). Lasterkariak bihurtuko dira linterna, gauez jokatuko baita lasterketa eta ahalik eta arropa fluoreszenteenarekin etortzeko eskatu baitute antolatzaileek. 6 kilometro izango ditu ibilbideak eta denbora-mugarik ez. 12 urtetik aurrerako edonork har dezake parte eta handik beherakoek, heldu baten laguntza beharko dute horretarako.

 

Ikusi hemen Biarritz Argiz Jantzirik 2015-eko programa osoa.

 

* Zinegabonak, haurrentzako zinema-jaialdia (urtarrilaren 3a arte): Zinegabonak egitasmoari esker, hirugarren urtez, Euskal Herriko zenbait aretoetan haurrek euskarazko filmak ikusteko aukera izango dute 1€-ren truke. Abenduaren 28tik urtarrilaren 3ra, animaziozko 11 filma ikusi ahal izango dira Donostia, Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Urruñan. Ikus hemen Zinegabonak 2015 -eko programa osoa.

 

* Gabonak Arte (urtarrilaren 3a arte): Azkuna Zentroak (Bilbo) Gabonak Arte egitasmo ludiko-hezigarriaren laugarren edizioa antolatu du Eguberrietarako, abenduaren 26tik urtarrilaren 3ra. Tailerrak, musika, antzerkia... izango dira bertan, familien gustagarri. Gabonak Arte ikuslea protagonista hartzen duten sormen-esperientzia multzoa da, harritzeko, esperimentatzeko eta bakoitzaren jakin-mina indartzeko aukera eskainiz. Ikus hemen Gabonak Arte 2015 -eko programa osoa.

 

* Errege Magoen Misterioa Zangotzan (urtarrilak 6): Zangotzan, urtero antzezten dute Errege Magoen etorrera. Anzotzarrek beraiek egiten duten antzerkia da, eta atari zabalean egiten da. Antzerkiak irudikatzen du Errege Magoak hirira heldu direla haurra gurtzera, eta Zangozako kaleetan gertatutako bizipen batzuk kontatzen ditu. Besteak beste, aingeruak erregearen asmo txarren berri ematen die.

 

* Dock of the Bay Festival-a Donostian (urtarrilak 9-16): 9. edizioa izango du aurtengoa Donostian ospatzen den Dock of the Bay jaialdiak, Donostiako Musika Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiak. Espainiko ekitaldi zinematografikoen urteko egutegia irekitzen duen zinema jaialdia da Dock of the Bay eta, zortzi ekitaldiren ondoren, musika dokumentalaren baitako erreferente bihurtu da Europa mailan. 2016ko edizioan, inoiz baino lan gehiago izango dira ikusgai, baita jarduera osagarri gehiago ere. Ikus hemen Dock of the Bay 2016 -ko programa.

 

* Henri Moore artistaren erakusketa aire librean Iruñean (urtarrilaren 10a arte): Henri Moore artista ingelesaren brontzezko 6 eskultura erraldoi jarri dituzte Iruñeako erdigunean, Pablo Sarasate etorbidean. Udalak bisita gidatuak ere antolatu ditu: urtarrilaren 2an eta 10ean, gazteleraz eta urtarrilaren 3 eta 9an, euskaraz. Hitzordua hartzeko 010 (948 420 100) telefono-zenbakira deitu behar da.

 

* Zuberoako maskaradak (urtarrilaren 10etik aurrera): Urtero legez, Zuberoako maskaradek inauterien etorrera iragarriko digute. Urtarrilaren 10an hasi eta lau hilabetez, Zuberoako 14 herritan arituko dira Söhutako gazteak maskaradak eskaintzen, aurten beraien ardura baita emanaldiak prestatzea.

 

* XXIII Sagardo Berriaren Eguna (urtarrilak 13): Txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio Hernaniko Zelaia sagardotegian egingo den sagardo berria dastatzeko ekitaldian. Aritz Aranburu surflari zarauztarrak izango du denboraldi berria irekitzeko ohorea.

 

Eta hortik aurrera Inauteriak, lagunak!

PARTEKATU POST-A