BLOGA

ONDAREA
2015(e)ko eka. 11(a)

Añanako gatzaga, Euskal Herriko paisaia berezienetako bat

Añanako gatzaga, Euskal Herriko paisaia berezienetako bat

Añanako gatzaga Arabako Gesaltza herrian kokatua dago. Bertan, duela 6.500 urtetik ekoizten dute gatza, modu tradizional eta jasangarrian. Historikoki oso ekoizpen inportantea izan du, gatz-kontserbatzaile garrantzitsua izan baita urtetan zehar, baina 2000. urtean azken ekoizle bat baizik ez zen gelditzen. Añanako gatzagaren ondarea berreskuratzeko asmoz, 2009an fundazio bat sortu zuten eta biziki ibilbide polita egin du. Lan horren errekonzimentu gisa, Añanako Gatz Haranak Kultur Ondarearen Europako Batasuna saria | Europa Nostra 2015 saria jaso berri du.

 

Bisita-gidatuak

Bisita gidatuetan Añanako gatzagak izan duen bilakaera azaltzen dute, baita gatza nola egiten duten ere. Gatz-eremuaren gaineko aldean itsasoko ura baino 8-10 aldiz gaziagoak diren 3 iturburu daude. Ur hori gatzagako 2.000 terrazetara kanalizatzen dute grabitatearen bitartez eta bertako materiala soilik erabiliz, hau da, egurra, buztina eta harria. 120000 m2-ko eremua da, terraza bat bestearen gainean duena. Gatzaren kolore zuriak eta lurraren gorriak biziki kontraste polita egiten dute.

 

Bisitak euskaraz, gazteleraz, frantsesez zein ingelesez egin daitezke, goiz eta arratsaldez. Bisiten ordutegiak finkatuak daude eta, beraz, joan aurretik erreserba egin behar da telefonoz deituta. Erreserba egiteko lehen deitzen duen pertsonak aukeratzen du bisita horretako hizkuntza. Haurrentzat eta familientzat tailer bereziak ere antolatzen dituzte, udan. 

 

Gatz-ekoizpena

Añanako gatza forma tradizionalean ekoizten dute. Esan bezala, egurrezko kanalen bidez, ur gazia terrazetara bideratzen dute. Urak bi zentimetroko sakonera duenean, iturria itxi eta ura lurruntzen uzten da. Bi egunen buruan biltzen dute gatza eta biltegietan gordetzen. Azkenik, hautsa edo hostoak bezalako zikinkeria ttikiak eskuz kentzen dituzte.

 

Gatza udan baizik ez dute ekoizten eta, beraz, gomendagarriena bisita udan egitea da.

PARTEKATU POST-A