BLOGA

GASTRONOMIA
2016(e)ko api. 22(a)

Bizkaiko Txakolina & Gure Ahaleginak txakolindegia

Bizkaiko Txakolina & Gure Ahaleginak txakolindegia

Mahatsondoak eta ardoa aspaldian iritsi ziren Bizkaira. XII.-XIII. mendean, mahastiak jarri ziren norberaren eta tokian tokiko kontsumorako. Etimologikoki ere horretantxetik datorkio izena txakolinari: “etxako ain”, etxerako lain.

 

XX. mendearen hasieran industrializazioa eta atzerriko ardoak heldu baziren ere, Bizkaiko txakolinak orduantxe bizi izan zuen bere loraldirik handienetakoa “chacolines” tabernei esker. Txakolina soilik izaten zen taberna herrikoi haietan; eta jateko, txipiroiak, bakailoa eta angulak. 80. hamarkadara arteko bidea zaila izango da, ordea. Gerra zibilak, frankismoak, industrializazioak eta landa-eremuak husteak zaildu egin zuen guztia. Txakolinaren garai zailenez ari gara.

 

80. hamarkadan, ekoizle-talde txiki bat bildu zen mahastiak berreskuratu eta txakolingintza hobetzeko asmoz. Lan horri esker, 1994an heldu zen Bizkaiko Txakolina jatorrizko izendapena. Egun, ospe handiko ardoa da Bizkaiko txakolina. Folklorearekin lotutako ardoa izatetik, baserrietan egin eta edaten zena, Bizkaiko kalitate-marketako bat izatera igaro da.

 

Bizkaiko txakolinik hedatu eta ezagunena zuria bada ere, gorriak eta beltzak ere badira. Ondarribi mahats-barietatea erabiltzen da guztiak egiteko, txakolina beste ardo motetatik bereizten duen mahatsa. Ondarribi Zuri da entzunena, baina Ondarribi Beltza erabiltzeko tradizioa ere bada Bizkaian, txakolin gorri zein beltzak egin ahal izateko.

 

Bizkaiko txakolina probintzia guztian barrena ekoizten da, horixe beste berezitasunetako bat. Kostaldeko edaritzat hartzen da normalean txakolina, ohituta gaude mahastiak itsas bazterrean ikusten, baina Bizkaia barnealdeko zenbait eskualdetara ere aspaldi heldu zen tradizioa, Enkarterri edo Urduñara kasu. Eskualde bakoitzeko txakolinak berezitasun propioak ditu beraz lekuan lekuko orografia eta klimagatik, eta horrek ere badu bere xarma.

 

Kontuak kontu, Bizkaiko edozein txokotan izango dugu txakolindegi bat bisitatzeko aukera. Sar gaitezen batean.

 

Gure Ahaleginak txakolindegia (Urduña)

 

Mahastiak bisitatzeko garairik onena apiriletik irail artekoa da, mahatsondoak ernetzen direnetik mahatsa biltzen denera artekoa. Udaberritik aurrera, txakolin berria dastatzeko aukera ere izaten da. Urduñako Gure Ahaleginak familia-txakolindegia bisitatzeko gomendioa duzue gurea.

 

1987an hasi zen Larrazabal Durana familia txakolina egiten; beren aisialdian, ez modu profesionalean. Orduan jarri zuten beren lehen mahastia, “Gure Ahaleginak”, txakolindegiari eta beren txakolinik kuttunenari izena ematen diona. Geroztik beste bi mahasti ere jarri dituzte eta 2004an upeltegia berritu, jada txakolina egitetik bizitzeko asmoz.

 

Eta zer du xarmagarritik Gure Ahaleginak txakolindegiak? Txakolin guztia, zuria zein beltza, beren mahastietako mahatsarekin egiten dute: ez dute mahatsa ez saltzen, ez erosten.

 

Kokapena da Gure Ahaleginak txakolindegiaren beste berezitasunetako bat. Tenperatura-aldaketez ari gara, bortitzagoak barnealdean kostaldean baino. Gure Ahaleginak txakolindegia da, Bizkaiko Txakolina jatorrizko izendapena duten guztien artean, izozteen aurkako sistema duen bakarra. Osterantzean, martxoa, apirila edo maiatzeko zeropeko tenperaturekin, uzta galdu egingo lukete. Udako egun eta gauen arteko tenperatura-aldaketak, berriz, oso ondo etortzen zaizkie mahatsa ontzeko.

 

Aipamena baita ere Aiarako Txakolinaren Ibilbideari. Horixe da Euskal Herrian dugun txakolinaren ibilbide bakarra eta Gure Ahaleginak txakolindegia bertako partaide da. Leku aproposa, beraz, txakolinaren munduan erabat murgiltzeko.

 

 

Argazkia: Gure Ahaleginak txakolindegia

PARTEKATU POST-A