BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015(e)ko abu. 27(a)

Ekaiko zerrategia, Orbaizetako arma-fabrika, San Cristobalgo gotorlekua eta Aritzakun

Ekaiko zerrategia, Orbaizetako arma-fabrika, San Cristobalgo gotorlekua eta Aritzakun

Nafarroa omen da Euskal Herrian leku abandonatu gehien dagoen eskualdea. Leku abandonatuak toki triste, bakarti, hiltzat hartzen ditugu maiz, baina badute beren xarma ere; hala uste dugu guk behintzat. Hemen bisitatzea merezi duen Nafarroako lau leku eder abandonatu gomendatzen dizkizugu, lasai, zaratarik eta jendetzarik gabe gozatzeko lau leku.

 

Ekaiko zerratokia (Ekai-Longida). 1907an jarri zuen martxan Ekaiko zerratokia Domingo Elizondo Cajén nafarrak, urte batzuk Ameriketan pasa ondoren etxera bueltan etorri zen indianoak. Bere gisako beste hainbatek eskolak, elizak eta etxe ederrak eraikitzen zituzten bitartean, hark Iratiko basoko egurrean ikusi zuen aukera.

 

Iratiko egurra ibaian barrena Ekairano jaitsi eta handik Iruñea eta Zangotzara eramaten zuen trenez. Egur soberakinekin ikatza ere egiten zuen. Hainbat urtez, Ekaiko zerratokia Nafarroako lehen industrializazio-garaiko enpresarik indartsu eta garrantzitsuenetakoa izan da. 500 langile izatera ere heldu zen. Ekaiko zerratokia 50. hamarkadan hasi zen behera egiten, 80ko hamarkadan ateak erabat itxi zituen arte.

 

Orbaizetako arma-fabrika (Orbaizeta). Orbaizetako Arma eta Munizioen Errege Fabrika XVIII. mendean eraiki zen, Aezkoa mendiko ola zaharraren gainean. Inguruan egur anitz, burdin meatzeak eta ibaiak zeudenez, fabrika han jartzea erabaki zen. Helburua zen armada arma eta munizioz hornitzea. Koroari eman zioten ola, eta fabrikak ez zuen luze iraun. Mende batez lanean aritu ziren arren, gorabehera anitz izan ziren han. Muga hurbil izanik, etengabeak izan ziren arpilatzeak eta suteak. Hala ere, behin eta berriz lortu zuten fabrika eraikitzea, XIX. mendean behin betiko itxi zen arte.


Gaur egun, landaretzak estali du fabrika: geruza berde batek ezkutatzen ditu hango harriak, zaharberritze lanen zain. XVIII. mendeko industria arkeologiaren erakusgarri garrantzitsua denez, Interes Kulturaleko Ondasun izendatu dute.

San Cristobalgo gotorlekua (Iruñea). Ezkabako gainean dago San Cristobalgo gotorlekua, Iruñeatik oso gertu. Alfonso XII Espainiako erregeak eraiki zuen XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasiera artean, gerra karlistak amaitu ostean. Lehendik han zegoen gaztelu eta ermita batetik datorkio izena.

 

Gotorlekua inoiz ez zen erabili izan gotorleku gisa, bai ordea kartzela gisa Espainiako II. Errepublika garaitik 1945eko uztailera arte. Ehundaka preso hil ziren San Cristobalgo gotorlekuan garbitasun, elikadura, tortura... baldintza oso gogorretan. 1938ko maiatzean ihesaldia izan zen San Cristobalgo gotorlekuan eta Espainiako ihesaldirik ezagunenetakoa da, bai ihes egin zuten preso kopuruagatik, baita izan zituen ondorio lazgarriengatik ere.

 

Aritzakun (Baztan). 50. hamarkadan 35 bat familia bizi izan ziren Aritzakunen. XX. mende amaieran geratu zen abandonatuta. Egun, familia gutxi batzuk bizi dira oraindik han. Aritzakundar batzuek Baztanen behera egin zuten, beste batzuek Bidarrai/Itsasu aldera eta beste hainbatek Ameriketarako bidea hartu zuten. Urtero bazkari bat ere egiten dute han bizi izan zirenek.

 

Aritzakunen frontoia, eskola eta etxe gutxi batzuk daude (erdiak indianoenak eta beste erdiak kontrabandistenak. Bere garai onenetan, kontrabandoak indar handia izan zuen Aritzakunen: tabakoa, alkohola, kotxe-gurpilak, olioa, txokolatea…). Meatze batzuen arrastoak ere ikusten dira mendi errepidearen bazter batean. Eremua nahiko utzia dago, landarediak ia guztia hartu du, baina oraindik meatze lanen arrastoak ikus daitezke.

 

Kondairaren arabera, meatzaritza arrasto horiek erromatarrenak dira, handik urrea ateratzen omen zuten. Ez dago ezer frogatuta, baina erromatarrak hemen ibili izana posible litzateke, Bidarrai (Nafarroa Beherea) eta Erratzu (Baztan) lotzen zituen galtzada erromatar baten arrastoak egon bai baitaude. Urreputzu putzuak (izenak badu oraintxe aipatutakoarekin zerikusirik) ere badu bere istorioa: lamien gotorlekua omen zen.

 

Argazkia: www.arqueologiaypatrimonioindustrial.com

PARTEKATU POST-A