Euskal Herria ez da handia, baina ziur oraindik badituzula leku eta txoko batzu-batzuk ezagutzeke. Gipuzkoa mendebaldeaz gozatzeko hiru egunetako txangoa duzu hemen, kostaldetik hasi eta Arabako mugaraino Bizkaiko mugan behera.
1. eguna: Getaria-Mutriku (kostaldea)
Oso kostalde labartsua da Gipuzkoa mendebaldekoa, hondartza gutxikoa, baina bista zoragarriak eskaintzen dituena eta interes geologiko handikoa. Getaria, Zumaia eta Mutriku dira kostaldeko herri xarmagarrietako batzuk.
Edertasun ikusgarriko kostaldea da. Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskaintzen du paisaia horretaz lurretik zein itsasoz gozatzeko aukera paregabea. Interes geologiko handia du Zumaiatik hasi eta Mutrikurainoko kostaldeak: 13 kilometroko itsaslabarrek haitz-geruza ikusgarria erakusten dute, Flysch deiturikoa eta Lurraren 60 milioi urteko historia erakusten diguna.
Getarian bazaude, honako esperientziak gomendatzen dizkizugu: Maisor artisau-lantegian antxoak kontserban prestatzen ikastea, Ezkurtxerrik zerriekin modu tradizionalean nola lan egiten duen ikusteko bisita gidatua (doakoa da) eta Cristobal Balentziaga jostun getariar handiaren museoa bisitatzea.
Kostaldetik pixka bat barruraxeago sartuta, Ekainberriko leizea eta Loiolako Santutegia dituzu. Lehena Ekaingo leizearen erreplika da. Zestoatik Ekainberrirako bidea oinez egin behar da. Mendi eta baserri arteko 20-30 bat minutuko paseo polita da.
Loiolako Santutegia Euskal Herriko eliza eta basilikarik ezagunenetakoa da, Jesuiten sortzaile izan zen Loiolako San Inaziori eskainia baita, haren jaiotetxearen inguruan eraikia.
* Jateko leku gomendagarriak: Elkano, Kaia eta Xixario erretegiak. Lehen biak Getarian eta hirugarrena Orion.
* Lotarako leku gomendagarriak: Saiaz, Arbe eta Zumalabe hotelak (lehena Getarian, bigarrena Deban eta hirugarrena Mutrikun), Epotx-etxea landetxea (Getaria) eta Getariano pentsioa (Getaria).
2. eguna: Mendaro-Leintz Gatzaga
Kostaldetik barrualdera abiatuko gara Bizkaiko mugan behera. Gastronomia gustuko dutenek, honakoak dituzte egin beharreko geldialdiak: Mendaro, Bergara eta Leintz Gatzaga. Mendaro ezaguna da bere txokolateagatik eta Bergaran, berriz, larunbatetako azokagatik. Bergaran bazaude, aprobetxatu eta eman bueltatxo bat herrian bertan, ederra da arkitektura eta hirigintza aldetik.
Leintz Gatzagan gatzaren ekomuseoa duzu, herritik 250 metrora, garai bateko Dorletako gazteluaren (egun santutegia) ondoan. Gaztelua herria eta bertako gatz-produkzioa babesteko eraiki zen.
Elgetak badu interesgune polit bat historia maite dutenentzat: Intxortako ibilbide tematikoa, hain justu. Espainikoa Gerra Zibileko euskal fronterik ezagunenetakoa izan zen Intxortakoa. Interpretazio zentroa egunero egoten da zabalik eta sarrera doakoa da. Fronteko bisita gidatuak hilabeteko lehen eta azken igandetan izaten dira. Norbere gisara ere egin daiteke bisita Elgeta Memoria app-aren bitartez.
Mendi-ibilaldiak maite dituztenei Eskoriatzako Aitzorrotzeko ermitara igotzea gomendatzen diegu. Bolibar auzotik igo behar da eta kilometro pare batera kotxea utzi hala adierazten den lekuan, baserri baten alboan. Handik aurrerako bidea oinez egin behar da: 2 bat kilometroko bide erraza da eta ez du galbiderik.
* Jateko leku gomendagarriak: Belaustegi jatetxea (Elgoibar), Kantabria jatetxea (Eibar/Arrate) eta Landa erretegia (Mendaro).
* Lotarako leku gomendagarriak: Zumeltzegi hotela (Oñati).
3. eguna: Oñati-Arantzazu
Oñati Euskal Herriko herririk interesgarrienetakoa da historia eta kultura aldetik. Herrian bertan hainbat interesgune daude eta mendian pixka bat gora abiatuta Arantzazuko santutegia eta Arrikrutzeko leizeak topatuko dituzu. Arantzazu, 750 metrora kokatua, mendiz eta naturaz ingururatua dago eta balio arkitektoniko eta artistiko handia du. Arrikrutzeko leizea 14 kilometro luzeko sistema da, Gipuzkoako barrunberik handiena.
Denbora pixka bat baldin baduzu, Urola Garaiko eskualdean geldialditxoa egin dezakezu eta Aikur erle-museoa, Antioko baseliza, Mirandaola edota Igartubeiti baserri museoa bisitatu.
* Jateko leku gomendagarriak: Zumeltzegi hotela (Oñati) eta Santa Barbara aterpetxea (Urretxu).