BLOGA

BESTE
2016(e)ko api. 15(a)

Intxortako borroka, zuzen-zuzenean

Intxortako borroka, zuzen-zuzenean

Denboran atzera egingo dugu gaur: 1936ra bidaiatuko dugu, Espainiako Gerra Zibilera; Intxortako borrokara, hain justu.

 

1936ko uztaila, gerra zibila eta 40 urteko diktadura ekarriko zuen altxamendua. Araba eta Nafarroa erresintentzia handirik gabe elkartu ziren errebeldeengana, eta Gipuzkoan sartzea ere ez zen lan zailegia izan. Bizkaiak eutsi egin zion.

 

1936ko urrian tropa frankistak Bizkaian sartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Intxortan izan zen hori, Elgeta eta inguruan antolatutako erresistentzia gogorrari esker. Azken erasoa ez zen 1937ko udaberria arte heldu. Izan ere, frankistek Madril bereganatzen jarri zituzten beren indarrak, baina hainbat porroten ostean, 1937ko udaberrian, errebeldeek momentuz Madril utzi eta iparraldeko fronteari ekitea erabaki zuten; tartean, Euskal Herrian falta zutena bereganatuz: Bizkaia.

 

Testuinguru horretan ulertu behar dugu Intxortako borroka, Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian izan zuen pasarterik gogor eta erabakigarrienetakoa.

 

Intxortako azken erasoa 1937ko apirilaren 20an heldu zen, eta lau egunez luzatu. Borroka gogor eta hildako zein zauritu ugariren ostean, hilaren 23an Mola eta García Valiño generalek Elorrion sartzea lortu zuten, eta Solana eta Alonso Vega militarrek Intxorta bereganatzeko saiakera egin zuten, hegazkin alemaniarren laguntzaz. Horixe izan zen historian tropak hegazkinez erasotu ziren lehen aldia. Apirilaren 24an, inguratuta zeudela eta egoera eutsiezina zela ikusirik, gudari eta milizianoak Ermuara erretiratu ziren. Gero heldu ziren Gernikako bonbardaketa eta Bilbon sartzea. Euskal Herria erabat frankisten esku geratu zen orduan.

 

Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroa (Elgeta)

 

Elgetako Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroan Intxortako borrokan eta Gerra Zibilean murgilduko gara. Bi ataletan banatzen da zentroa: Espaloia kafe antzokiko erakusketa iraunkorra da bat eta 5 kilometroko ibilbide tematikoa bestea. Ibilbideak Intxortako garai bateko lubakiak, parapetoak eta babesguneak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen du.

 

Elgetako Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroak bisita gidatuak ere antolatzen ditu, hilabeteko lehen eta azken igandeetan, euskaraz eta elebitan, hurrenez hurren. Taldean joanez gero, asteko edozein egunetan egin daiteke bisita. Taldean nahiz bakarka, aurrez erreserba egitea beharrezkoa da. (Prezioa: 0-6 urte: doan / 6-16 urte: 2€ / 16 urtetik gora: 5€. Iraupena: 3 ordu eta erdi).

 

Nahiago izanez gero, bisita gure gisara ere egin dezakegu. “Elgeta Memoria” app-ak lagunduko digu horretan. Doako aplikazioa da (Android eta IOS-en dago eskuragarri) eta ibilbidean zehar gidatuko gaituen audiogida da.

 

Intxortako batailaren antzezpena (2016/04/24)

 

Aurten laugarren urtez, datorren apirilaren 24an Intxortako borrokaren antzezpena egingo dute Elgeta eta inguruetako 100 bat boluntariok. Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Elgetako Udalak antolatutako ekitaldia da, gerraren eta frankismoaren biktimak omendu eta ahaztuta gera ez daitezen. Antzezpena goizeko 11:30ean izango da Intxortako Atea oroitarriaren inguruetan. Nahi duen oro gerturatu ahal da bertara, ekitaldi irekia izango da eta. Gehiago jakiteko, begiratu gure agenda.

 

 

Informazio gehiago: www.elgetamemoria.eus / www.intxorta.org

PARTEKATU POST-A