BLOGA

BESTE
2016(e)ko mai. 13(a)

Mater Itsasontzi Museoa, euskal kostaldeko egurrezko azken atunontzia museo bihurtua

Mater Itsasontzi Museoa, euskal kostaldeko egurrezko azken atunontzia museo bihurtua

Maiatzaren 15a familiaren nazioarteko eguna da eta hilaren 18a, museoen nazioarteko eguna. Bi aldagai horiekin sortu dugu formula, gaurko proposamena: Pasai San Pedroko Mater Itsasontzi Museoa, familian bisitatzeko museo eder eta berezia.

 

Eta zergatik diogu xarmanta eta berezia? Ur gaineko museo bat delako, euskal arrantza-ontzi tradizional bat museo bihurtua, eta ibiltaria gainera. Badu horrek guztiak bere historia.

 

Mater arrantza-ontzia euskal kostaldeko egurrez eta modu tradizionalean eraiki zen azken atunontzia da. 1990ean eraiki zen eta Getarian 13 urtez itsasoan ibili ostean erretiratu egin zuten. Mater Bi altzairuzko atunontzia erreleboa hartzeko prest zen. 2003an Galiziako kostaldean hondoratu zen Prestige petrolio-ontziak isuritako txapapotea garbitzea izan zen bere azken lanetako bat.

 

Pasaiako Itsas Gela Elkarteak erosi zuen orduan, desegin eta egur pila bat izan ordez atunontziari bigarren bizi bat emateko. Halaxe sortu zen Mater Itsasontzi Museoa 2005ean.

 

Pasai San Pedroko portuan dago museoa (Albaola Itsas Faktoriarako bidean, norbaiti datuak erreferentziatzat balioko balio). Dena esaten hasita, Mater Itsasontzi Museoa kanpotik ez da oso erakargarria eta atentzio handirik ere ez du ematen, baina besterik da barrura sartzea. Museo xumea da, baina sekula arrantza-ontzi batera sartu ez direnentzat zinez esperientzia polita dela esango genuke. Finean, itsasontzi bat kanpotik edo barrutik ikustea ez da batere gauza bera.

 

Arrantzan aritzeko gisan kontserbatzen denez, euskal arrantzaleak nola bizi diren eta modu tradizionalean arrantzan nola egiten duten ikusi eta ikasiko dugu Mater Itsasontzi Museoan. Ikusgarria da, egia esan, barnealdean espazioak zein handiak eta zein ondo antolatuta dauden ikustea: arraina gordetzeko lekua, marinelen jantoki eta logelak, kapitainaren txokoa, arrantzarako tresneria... Dena dago ondo pentsatu eta neurtuta.

 

Arrantza-teknika tradizionalek ere badute beren xarma. Itsasoak, lurrak bezala, baditu bere zikloak. Urtaro edo garai bakoitzean arrain-mota bat edo batzuk arrantzatzen dira eta bakoitza arrantzatzeko teknika berezi bat erabiltzen da. Horiek guztiak esplikatzen dituzte Mater Itasontzi Museoan. Haurrekin joan nahi dutenentzat, gainera, azalpen horiek guztiak jokoekin laguntzen dituzte eta Pasaiako badian itsasontzian ateraldi bat ere egiten dute.

 

Eta gaua itsasontzian pasako bagenu edo izurdeak ikustera joango bagina?

 

Pasaiako Itsas Gela Elkartearen helburua euskal itsas ondarea babestu eta jendeari erakustera ematea da. Hori horrela, Mater Itsasontzi Museoko bisita gidatuez gain, beste hainbat ekintza eskaini eta egitasmo burutu ere egiten dituzte.

 

Itsasora irteerak, itsasontzian egonaldiak eta hainbat gisatako tailerrak, adibidez. Zetazeoak ikusteko irtenaldiez, gaua itsasontzian pasatzeaz, lonjak bisitatzeaz eta arrantza tailerrez ari gara, besteak beste. Gainera, nabigaziorako baimena izateak museoa portuz portu ibili ahal izatea dakar. Hala, itsas bidaiak adibidez, euskal kostaldeko portu desberdinetatik egin daitezke; ez Pasaiatik bakarrik. Espainiar estatuko itsasontzi bakarra da lehen arrantzarako erabilia izan eta egun itsasora ateratzeko baimen guztiak dituena.

 

* ORDUTEGIA: ostegunetik igandera, 11:00-14:00/16:00-19:00 (ostegun eta ostiraletan, goizetan itxita. Igande arratsaldetan itxita).

* PREZIOA: Helduak: 7€/Haurrak: 5€ (txakolin eta hegaluze dastaketa barne).

* Taldeentzat urte osoan egin daitezke jarduerak edozein egun eta ordutan, aurrez erreserba eginda.

 

* Ohar garrantzitsua: Mater Itsasontzia ez da Pasai San Pedroko portuan egongo maiatzaren 12tik 24ra. Euskal kostaldean ibiliko da itsasotik hondakinak jasotzen. Egitasmoan parte hartu nahi baduzu, hemen informazio guztia: Hondakinen Arrantza 2016.

 


Mater Itsas Museoa · Arraunlari kalea (San Pedroko portuan). 20110 Pasaia · Tel.: 619 814 225 · info@matermuseoa.com · www.matermuseoa.com

PARTEKATU POST-A