BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2016(e)ko eka. 9(a)

Ultzama (Nafarroa), onddoetatik haratago

Ultzama (Nafarroa), onddoetatik haratago

Ultzamak, Nafarroa iparraldeko eskualde berde honek, ez ditu onddoak bakarrik ezkutatzen. Asteburu honetan mamiaren eguna ospatuko dutenaren aitzakian, murgil gaitezen baso eder haietan.

 

Ultzamaldea 14 herrixkek osatzen dute eta bailaratik erreka bat baino gehiago igarotzen da; besteak beste, izena emaiten dion Ultzama erreka. Herri inportanteena Larraintzar da. Bertan daude udaletxea, igerilekuak, ikastetxea, frontoia eta osasun-etxea, besteak beste. 14 herrixka izanagatik, Ultzaman ez da jende asko bizi, 1500 bat herritar. Beraz, behar dituzten azpiegitura guztiak izanik ere, leku lasaia da; bizitzeko zein bisitatzeko eskualde paregabea.

 

Orgiko oihana

 

Orgiko oihana da Ultzamako basorik ezagunena. Mendeetan zehar, inguruetako oihanak bezala, Orgi ere hustiatua izan da. Orgiko zuhaitzen zura erabilia izan da, besteak beste, itsasontzi eta etxeak egiteko, ehizatoki ere izan da, baita fruitutoki eta onddotoki ere. Urteetan zehar, hustiapena neurri gabea izan da, baina zorionez, 1996tik natura gune babestua da. Aisialdirako natura gune izendatu zuen orduan Nafarroako Gobernuak.

 

 

Orgi oihana Lizaso herrixkan dago. 77 hektarea ditu eta harizti eder bat da. Haritz amerikanoa eta lekuko haritza topatuko ditugu, asko ehunka urtetakoak. Fauna ere aberatsa du. Besteak beste, azeri, saguzahar, basurde eta hainbat hegazti mota ikus ditzakegu bertan.

 

Esan bezala, Orgiko oihana eremu babestua da, eta beraz, garrantzitsua da aisialdirako eremuak ongi errespetatzea; ez non-nahi eta nola-nahi ibiltzea. Hiru eremu desberdin topatuko dituzu:

 

- Arigartzeta da irisgunea: hor utzi ahalko dugu kotxea. Bada informazio-puntu bat bisitariei harrera egiteko, baita pik-nik-a egiteko gune bat ere.

- Tomaszelaieta eremuan, ibilbideak topatuko dituzu: ibilbide errezak dira, haurrekin egiteko gisakoak eta biziki atseginak. Ongi seinaleztatuta daude eta ez dago inolako galbiderik. Hiru ibilbide daude:  “Laberinto” deitzen dena (300m.), “Camino edo bidea” (1400m.) eta “Bidexka” (700m.).

- Muñagorri errekuperazio-gunea: eremu horretara ezin da sartu, publikoari itxita dago.

 

Eztia

Eztiari edo, hobeto esanda, erleen munduari zuzenduriko museo txiki bat bada Eltso herrixkan. Ezkurdi baserriaz ari gara. Polinizazioari, argizariari eta eztiari buruzko hainbat kontu ezagutuko dituzu bertan. Bisita gidatuak eskaintzen dituzte, lana nola egiten duten erakusteko.

Mamia

 

Ekainaren 12an, igandea, VII Mami Eguna ospatuko da Larraintzarren. Bistan denez, mami-dastaketak izango dira, baina festa giroa alaitzeko, artisau eta bertako produktuen merkatua, musika, eta herri kirol eta garai bateko tradizio eta lanbideen erakustaldiak ere bai.

 

Mamia egiteko Ultzamako modu tradizionala ezagutzeko parada ere izango da. Tradizionalki, gisa honetara egiten dute mamia Ultzaman: ardi-esnea lehendik su-txingarretan egoniko ontzi batean berotzen dute, gatzagia gehitu, nahasi eta bere horretan uzten dute. Horixe da mamia egiteko beren modua.

PARTEKATU POST-A