BIDEGORRIAK

Oinez edo bizikletan egiteko txangoak

FITXA

Euskal Herriko paisaia zoragarriak ezagutzeko modurik egokienetakoa da, bizikletaz edo oinez, bidegorri bat aukeratu eta egun-pasa bat antolatzea. Antzinako trenbide-sareak baliatuz, errepideak zabalduz, ibai ertzak aprobetxatuz… guztiz berritu da bidegorri-sarea. Gozatu lasaitasunaz eta edertasunaz!

  • Denbora: + 7 egun
  • Publikoa: bikoteak, familiak, lagunartean, bakarrik

AZALPENA

http://www.basklink.com/eu/aktibitatea/aire-zabalean/bizkaiko-zubia/getxoEuskal Herriko bidegorri sareak ehunka kilometro ditu familian edo lagunekin egun-pasa eder bat egiteko. Naturaz, pasaia ederrez eta lasaitasunaz gozatuko duzu, jendetza eta zarata handietatik urrun. Ibilbide errazak izan ohi dira, ia desnibelik gabeak, asko entrenatu eta nekatu gabe egiteko. Naturaz gozatzeko eta bazter xarmagarriak ezagutzeko modurik zuzenetakoa da.

Hemen ibilbide batzuk proposatzen dizkizugu. Bizikleta gainean edo oinetako erosoak jantzita horiek guztiak eginda dauzkazunean, jakinarazi iezaguzu eta proposamen berriekin etorriko gara. Esan bezala, ehunka kilometro eder daude zure zain!

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Arditurriko bidegorria. Oiartzun

Ibilbidea: 14 km.

Desnibela: 165m - 2,2% (joan-etorria)

Iraupena: Oinez - 3,5 ordu / Bizikletaz - 1,15 ordu

 

Arditurriko bidegorria naturan eta historian murgiltzeko bidea da. Donostiatik abiatuta, Pasaia, Errenteria eta Oiartzun zeharkatuz, 3.000 hektarea dituen Aiako Harria parke naturaleraino iristen da. Ibilbidearen zati handiena Oiartzun ibaiaren ertzetik egiten da, garai batean Arditurriko minak Pasaiako portuarekin lotzen zituen trenaren ibilbidean, hain zuzen. Guztira 14 km.-ko ibilbide laua eta lasaia da, guztiz gomendagarria haurrekin egiteko.

 

Ibilbide osoa egin nahi ez bada, Oiartzungo Iturriotz, Altzibar edo Ergoien auzoan autoa utzi eta bertatik hasi daiteke Arditurrirainoko bidea. Arditurriko meategiak bisitatzeko aukera ere badago.

Eurovelo sarea: Getari-Bertiz bidegorria

Getari (Lapurdi) eta Bertiz (Nafarroa) elkartzen dituen mugaz gaindiko ibilbide zoragarria 2014ean zabaldu berri dute. Kostaldetik mendialde oihantsura joan zaitezke, edo alderantziz. 60 km. inguruko ibilbidea Getarin hasi eta Bertizko Jauregiko Naturgunean amaitzen da. Tartean, Donibane Lohizune, Hendaia, Hondarribia, Irun eta Lesaka zeharkatzen ditu.

 

Mugaz gaindiko ibilbide hau Europako Eurovelo bizikleta-bidearen barnean kokatuta dago. Eurovelo bideak Ipar Poloa eta Portugal hegoaldean dagoen Sagres herria lotzen ditu. Guztira, 8.200 km. ditu.

Vitoria-Gasteizko gerriko berdea

Vitoria-Gasteizko gerriko berdea hiriaren inguruneak berreskuratzeko eta babesteko plan baten emaitza da. Helburua, aisialdirako gune apropos bat eskaintzearekin batera, ingurunearen balio ekologikoa babestu eta ezagutzera ematea da. Guztira 47 km. ditu eta ibilbidean zehar sei parke aurkituko dituzu, zein baino zein ederragoak.

 

Ibilbidearen zati bat aukeratu behar izanez gero, politenetako bat Zadorra Ibaiaren parkea da. Salburua parkea ere guztiz gomendagarria da umeekin joateko. Bertan, urmaelak ezagutzeko ibilbide errazak, hegaztiak ikusteko bi behatoki eta Hezeguneen Interpretazio Zentroa daude. Eraikina bera ikusgarria da eta bista ikusgarriak eskaintzen dituen balkoi irten bat du.

 

Ibilbidea egiteko udalaren bizikletak doan alokatzeko zerbitzua baliatu dezakezu.

Plazaolako bide berdea. Lekunberri

Naturazaleek galdu behar ez duten ibilbidea da Plazaolako bide berdea. Bide horrek Lekunberri (Nafarroa) eta Andoain (Gipuzkoa) elkartzen ditu, 1914-1953 urteetan, Iruñea eta Donostia elkartzen zituen tren-ibilbidean barrena. Orain, Plazaolako bide berdearen 40 km.-ak mapa bakarrean jasota daude: Nafarroako 21,5 km. eta Gipuzkoako 22,1 km. Mapa Tolosako turismo bulegoan eskura daiteke.

 

Plazaolako Bide Berdea eginez, bisitariak Larraungo eta Leitzarango (biotopo natural izendatua) haran ederrez gozatuko du. Zelai eta basoak zeharkatzen dituen ibilbidea da. Malda leunak dituenez, aise egiten da bizikletaz, oinez edo zaldiz. Lekunberriko tren-geltoki zaharberrituan eskualdeko turismo bulegoa dago.

Arrazolako bidegorria. Atxondo

Ibilbidea: 10 km. (joan-etorria).

 

Ibilbidea Atxondon hasi eta Arrazola auzoan amaitzen da. Ibilbideak baserriak, zelaiak eta ermita txiki politak zeharkatzen ditu. Hasieratik ibilbidearen bi aldeetan bista zoragarriak ikusiko ditugu, baina inpresio gehien eskuinaldean ikusiko dugun Anboto mendiak egingo digu. 1.000 metroko desnibelak Alpeak gogorarazten ditu!

 

Ibilbidea guztiz egokia da haurrekin joateko, bidea erraza baita eta, gainera, animaliak ikusteko aukera handia baitago. Ardiak, behiak, zerriak, zaldiak… ikusiko dituzu. Durangaldea bisitatzera bazoaz, hutsik egin gabe gerturatu zaitez paseo bat ematera Arrazolako bidegorrira.

Bizkaiko burdin bidea (bizikletan). Portugalete

Ibilbide honek Portugalete La Arena hondartzarekin lotzen du. 12 km.-ko ibilbidea mina-arroaren eta paisaia ederraren erakusle da. Portugalete, Ortuella, Gallarta, Zierbena eta Muskiz zeharkatuko ditugu, guztiak ere burdinaren industriarekin hazi diren herriak. Guztiz gomendagarria da udan egiteko, hondartzara doazenen auto-pilaketak saihestuz, bizikletan hondartzaraino bertaraino helduko baikara.

 

Ibilbidea Portugaleten has dezakegu, edo animatuta bazaude, ibaiaren eskuinaldetik hasi eta Bizkaiko Zubia hartuz Portugaletera hel zaitezke. Portugaleten aitzina minetara heltzen zen trenaren ibilbidea hartuko dugu. N-634 errepide nagusia gurutzatu ondoren sartuko gara benetan burdinaren kolore gorrixta eta harriaren grisa nagusitzen diren eremuan. Gallarta pasata, ibilbidearen erdialdean, Enkarterrietara doan bidegorriarekin egingo dugu topo, baina hori hurrengo baterako utziko dugu. Aurrera jarraituz, malda handi xamarrean behera jarraituko dugu Zierbena herriaren gune polit bat zeharkatzeko. Pare bat kilometro gehiago eta iritsi gara Ibaizabal eta Barbadun ibaien bokalera, La Arena hondartzara.

 

Itzulera bizikletaz egin dezakegu, edo nahiago baduzu, trena har dezakegu Portugaleteraino.

Bardeak (bizikletan)

Abiapuntua: Arguedas

Ibilbidea: 33 km.

Zailtasuna: Ertaina

 

Ibilbide honek Euskal Herriko paisaia ikusgarrienetako batez gozatzeko aukera emango dizu. Ikusiko duzu, ibilbidean zehar behin baino gehiagotan izango duzu bizikletatik jaitsi eta paisaia ederraz gozatzeko tentazioa. Gure gomendioa: ez eutsi tentazioari eta gelditu!

 

Abiapuntua Corral de los Aguilares da. Bardeetarantz abiatu, tiro-poligonoaren errepidetik. Tiro-poligonoan bertan ezkerretara doan pista hartu. Cabezo de las Cortinillas eta La Laguna pasa ondoren, 4 bat kilometrora, eskualdeko puntu ezagunenera helduko zara, Castildeterrara. Hor eskuinera hartu eta hurrengo bidegurutzeetan, egin beti aurrera. 29. kilometroan aurkituko duzun kuartel militarrean ezkerretara dagoen bide asfaltatua hartu berriz ere abiapuntura heltzeko.

 

Ibilbide hau besteak baino pixka bat zailagoa da. Euririk gabe eta bero handiegirik egiten ez duen egun baterako aproposa da.