EUSKAL FESTAK

Urte guztian duzu zer gozatua Euskal Herrian

FITXA

Euskal Herria herri festazalea da. Urte osoan aurkitzen dira festarako aitzakia paregabeak: Inauteriak, herri eta auzoetako festak, jaialdiak… Festa aukera ederra da Euskal Herriko herriak eta gure tradizioak ezagutzeko. Zu ere jai bila bazabiltza zatoz gurekin, hemen aurkituko duzu zure gustuko festa!

  • Denbora: + 3 egun
  • Publikoa: bikoteak, familiak, bakarrik, lagunartean

AZALPENA

Festa euskal kulturaren eta nortasunaren bihotzean dago. Aitzina, festa naturaren eta uztaren inguruan antolatzen zen. Tradizioek gaur arte iraun dute, garai berrietara egokituz, eta Euskal Herriko herri eta auzo guztietan antolatzen dira 3-5 eguneko herriko festak.

Herri guztiak hartu ohi du parte, zahar eta gazte. Dantza, herri kirolak, haurrentzako jokoak, lehiaketa gastronomikoak… egitarau zabala izan ohi da, egunez bezala gauez ere, giro onean festa egiteko.

Udako hilabeteetan ez da egongo egunik Euskal Herriko herriren batean festak ospatzen ez dituztenik, baina gainerako urte sasoietan ere izaten da festarako aukerarik. Seguru ondoko xehetasunetan aurkituko duzula zure gustuko planik. Ongi pasa!

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Hiriburuetako jaiak

Sanferminak Iruñean: Uztailaren 7-14 bitarte ospatzen dira hiriburua zuri-gorriz jantzi eta mundu osoko bisitariak erakartzen dituzten Sanferminak. Dudarik gabe, goizeko 8:00etako entzierroa da eguneko hitzordu garrantzitsuena, baina festak ez du etenik aste osoan zehar. 

 

Baionako festak: Uztailaren azken astean ospatzen dira. Hemen ere herritarrak eta kanpotarrak zuri-gorriz janzten dira, festarako gogoz. 

 

Andra Maria Zuriaren jaiak Gasteizen: Abuztuaren 4ean, Zeledonen jaitsierarekin hasten dira, eta abuztuaren 9an amaitu. Abuztuaren 5ean, Gasteizko Neskek eta Blusek lore-eskaintza egiten diote Andra Mari Zuriari eta, abuztuaren 7an, txikien eguna ospatzen da. 

 

Donostiako Aste Nagusia: Donostiako Aste Nagusia abuztuaren 15eko astean ospatzen da, larunbatetik larunbatera. Azken urteetan, Piratek Donostiako portuan ospatzen duten festa izaten da egunik handiena.  

 

Bilboko Aste Nagusia: Bilboko Aste Nagusia abuztuaren 15aren hurrengo larunbatean hasi eta bederatzi egunez luzatzen da. Marijaia da Bilboko Aste Nagusiko pertsonaia maitagarria. Bilboko konpartsek Arenalean antolatzen duten txozna-gunea ikusgarria da.

Tradiziozko festak

Tanborrada, Donostia (Gipuzkoa), urtarrilak 20. Donostiako egun handia. Bezperan lagunarteko afariak egiten dira elkarte gastronomiko eta txoko guztietan. Danbor-soinuak gaueko 00:00etan hasten dira eta 24 orduz ez dute etenik izaten. 

 

San Blas Azoka, Abadiño (Bizkaia) , otsailak 3. Urteroko hitzordu garrantzitsua Bizkaiko baserritarrentzat.

 

Tostadaren eguna, Arroniz (Nafarroa), otsaileko azken igandea. Oliba-olioaren uzta berria iragartzen duen festa gastronomikoa da. 

 

San Prudentzio eguna, Gasteiz (Araba), apirilak 28. Bezperan afariak izaten dira elkarte gastronomikoetan eta tanborrada egiten da. Apirialaren 28an, Armentiako zelaietan elkartzen dira arabarrak. 

 

Nafarroaren Eguna, Baigorri (Behe Nafarroa), apirileko azken igandea. Mugaren bi aldeetako nafarrek ospatzen duten egun osoko festa handia.

 

Almadiaren eguna, Burgi (Nafarroa), maiatzak 5. Eska ibaian behera Burgiraino jaisten dira almadiak. Almadiak, garai batez egurra oihanetik jaisteko erabiltzen ziren baltsak dira. 

 

Gaiteroaren eguna, Guardia (Araba), maiatzeko 2. igandea. Euskal Herriko eta inguruetako gaita-jotzaileak elkartzen dituen egun handia.

 

Hiru Behin Zerga, Izaba (Nafarroa), uztailak 13. Mugaren bi aldeetako jendea San Martingo harrian biltzen da eta biarnotarrek, Erronkariko bazkalekuak ustiatzeagatik, hiru behi ematen dizkiete erronkarriarrei.

 

Baztandarren Biltzarra, Elizondo (Nafarroa), uztaileko 3. igandea. Baztango 15 herrietako gazteek espreski prestatutako karrozen desfilea egiten dute. Ondoren, mutildantza dantzatzen da Elizondoko plazan.

 

Espartinaren Eguna, Maule (Zuberoa), abuztuak 15. Espatinak garai batean Maulen izan zuen presentzia handiaren erakusle den eguna. Espartinak nola egiten diren ikasiko duzu, eta seguru asko, pare bat erosi ere bai!

 

Orhipean, Otxagabia (Nafarroa), abuztuko azken asteburua. Herri osoak XIX. mede hasierara egiten du bidaia eta garai hartako bizimodua irudikatzen dute ofizio, jolas, jantzi etabarren bitartez. 

 

Olarizu-ko erromeria, Gasteiz (Araba). Iraileko Ama Birjinaren ondoko lehen astelehena. Gasteiztarrak Olarizu mendira igotzen dira, bertan eguna jai-giroan pasatzeko.

 

Sanmigelada, Carcastillo (Nafarroa), irailak 18. Milaka ardi menditik jaitsi eta Bardeetara heltzen dira negua bertan pasatzeko. 

 

Antzar Eguna, Lekeitio (Bizkaia), irailak 5. Herri osoa arrantzalez jantzi eta kalera ateratzen da ospakizunera. Kuadrilek batelak atondu eta, txandaka, portuan zintzilik dagoen antzarari lepoa kentzeko ahalegina egiten dute. 

 

Lapurtarren Biltzarra, Uztaritze (Lapurdi), urriko lehen igandea. Euskararen aldeko festa da, lehen aldiz 1979an ospatu zena, Bai Euskarari kanpainari bukaera emateko.

 

Urriko azken asteleheneko Azoka, Gernika (Bizkaia). Urteroko hitzordu garrantzitsua Bizkaiko baserritarrentzat.

 

Santomas eguna, abenduak 21. Donostia, Bilbo, Azpeitia... herri askotan ospatzen da Santomasetako feria. 

 

Olentzero eta Mari Domingi, abenduak 23. Euskal Herriko herri guztietan ikus daitezke Olentzero ikazkina eta Mari Domingi. 

 

 

Inauteriak

Euskal Herriko ia herri guztietan ospatzen dira inauteriak, baina bereziki tradizio handia dute ondorengo herriek: 

 

Zuberoako Maskaradak. Urtero Zuberoako herri bateko gazteek hartzen dute maskaradak antolatzeko ardura eta, igandez igande, herriz herri ibiltzen dira.  

 

Ituren eta Zubieta (Nafarroa), urtarrileko azken astelehena. 

 

Oiartzun (Gipuzkoa), inauteri aurreko asteburua. Intxixuak menditik jaitsi eta asteburu osorako herriaren jabe bihurtzen dira, herri osoan jai giroa zabalduz. Bereziki ikusgarriak dira ostiral iluntzeko Intxixuen iritsiera eta, igande iluntzean, Intxixuen agurra.

 

Tolosa (Gipuzkoa). Kuadrilek Tolosako kaleetan egiten duten desfileak ez du parekorik! Jai-giroa aparta izan ohi da, haur gazte eta helduentzat.

 

Altsasu (Nafarroa), otsaileko azken igandea.

Musika-jaialdiak

Azkena Rock Festibala, Gasteiz (Araba). Ekainak 19-20.

 

Euskal Herria Zuzenean, Lekorne (Lapurdi). Uztailak 3-5.

 

BBK Live, Bilbo (Bizkaia). Uztailaren 9tik 11ra.

 

Hondarribia Blues (Gipuzkoa). Uztailaren 9tik 12ra.

 

Gasteizko Jazz jaialdia (Araba). Uztailaren 14tik 18ra.

 

Errobiko festibala, Itsasu (Lapurdi). Uztailaren 23tik 26ra.

 

Big Festival, Biarritz (Lapurdi). Uztailaren 15etik 19ra.

 

Heineken Jazzaldia, Donostia (GIpuzkoa). Uztailaren 22tik 26ra.

 

Balea Pop, Donibane Lohitzune (Lapurdi). Abuztuaren 5etik 9ra.

 

Kutxa Kultur Festibala, Donostia (Gipuzkoa). Irailaren 4 eta 5ean.