EUSKAL HERRIKO ONDAREA

Arkitektura, kultura, erlijio eta paisaia ondarea

FITXA

Euskal Herriko ondarea bizitzeko era asko dago, zein baino zein aberasgarriagoak. Ondare arkitektoniko, kultural, erlijioso eta natural zabala du Euskal Herriak. Gazteluak, katedralak, basilikak, paisaiak, kaleko artea, etab., guztiak Euskal Herriaren historia aberatsaren lekuko eta guztiak oso ongi kontserbatuak.

  • Denbora: + 7 egun
  • Publikoa: bikoteak, familiak, bakarrik, lagunartean

AZALPENA

Ondare arkitektonikoa eta artistikoa bisitatuz zein paisaia ederrez gozatuz Euskal Herriaren historian eta euskal kulturan murgilduko zara. Euskaldunak ulertzeko modu aberatsa da. Euskal ondarea erlijioari lotua ageri da maiz. Leireko monasterioa, Baionako katedrala, Iruñeako katedrala eta Gasteizko katedralak, Arantzazuko santutegia edo Loiolako basilika dira adibide ederrenak. Industriaren eta arkitekturaren bilakaeraren erakusgarri da besteetan. Ezin utziko ditugu bisitatu gabe, Xabierko gaztelua (Nafarroa), UNESCOk gizateriaren monumentu izendatua duen Bizkaiko Zubia, edo Guggenheim museoa bera.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Ondare erlijiosoa

Ondare erlijiosoa bisitatzea Euskal Herriaren historian eta kulturan murgiltzea da. Katedralak aipatzekotan, Iruñeako katedrala, Baionako katedrala (gizateriaren ondare izendatua 1998an) eta, batez ere, Gasteizko katedrala nabarmenduko genituzke.

 

Ospitalepeko (Zuberoa) eliza, txikia izanagatik, balio historiko handia duen eraikina da. 1988an Frantziako Monumentu Historiko izendatua izan zen eta 1998an Gizateriaren Ondare. XII mendeko eraikina, Santiagorako Bidea egitera abiatzen zirenen abiapuntu izan zen.

 

Txikitasunetik gutxi duena, Leireko monasterioa. Nafarroako monumentu erremoniko ikusgarriena da eta historikoki ere balio handia du, bertan baitago Nafarroako lehen errege-erreginen panteoia.

 

Gipuzkoan kokatuta dauden bi ondare ere guztiz gomendagarriak dira. Arantzazuko Santutegia (Oñati) eta Loiolako basilika (Azpeitia). Arantzazu, 750 metrora kokatua, mendiz eta naturaz ingururatua dago eta balio arkitektoniko eta artistiko handia du. Loiolako basilika Jesuiten sortzaile izan zen Loiolako San Inazioren jaiotetxearen inguruan eraiki zen.

Ondare arkitektonikoa

Euskal Herriak ondare arkitektoniko handia eta zabala du. Historiaren lekuko dira eraikin batzuk eta modernitatearen erakusleiho besteak. X. mendeko Xabierko gaztelua eta Oliteko gaztelua Nafarroaren erresumaren handitasunaren bi lekuko dira. Oliteko gaztelua Erdi Aroko gaztelurik luxuzkoenetakoa izan zen Europan.

 

Kanbon (Lapurdi) kokatutako Arnaga jauregia, berriz, estilo neoeskaldunean egindako etxeetan lehenetakoa da. Egun-erdi bat pasatzeko bisita atsegina da eta lorategi ikusgarriak ditu.

 

Bizkaiko Zubiak (Portugalete) Ibaizabal ibaia alderik alde zeharkatzen du. 1888 eta 1893 artean eraikia, munduko transbordadore zaharrena da eta 2006an UNESCOk Gizateriaren Monumentu izendatu zuen. Urtero 6 milioi pertsonak erabiltzen du ibaia zeharkatzeko.

 

Arkitektura modernoaren hainbat adibide ere baditu Euskal Herriak. Guztien ikurra Frank Gehry arkitekto ezagunak diseinatutako Guggenheim museoa da, baina Iberdrola dorrea (Bilbo) edo Kursaal antzokia (Donostia) ere ezinbestean ikusi beharreko eraikinak dira.

Ondare artistikoa

Euskal Herriak mundu mailako ospea izan duten eta duten artista ezagun ugari ditu. Haien lanak museoetan aurki ditzakezu, baina herri eta hirietako kaleetan paseoan zabiltzala ere ezusteko atsegin bat baino gehiago izan dezakezu.

 

Eskultura batzuk ikur bihurtzeraino integratu dira hiriaren paisaian: Chillidaren "Haizearen orrazia" (Donostia), Oteizaren "Variante ovoide de la desocupación de la esfera" (Bilbo) edo Egiazabalen "El caminante" (Vitoria-Gasteiz), kasu.

 

Beste eskultura batzuk historiaren lekuko dira. Basterretxeak, adibidez, hainbat lan egin du Euskal Herriaren historiaren oroimena berreskuratzeko. "1609an inkisizioak erretako herritarren omenez" Senperen kokatutako lana edo 1936ko gerran hildakoen oroimenez Otxandion jarritakoa adibide batzuk besterik ez dira. Novellak ere frankismoan zapaldutakoen omenezko "Gurasoen etxea" artelana egin zuen Sestaorako eta 2011an, gerra zibileko eta frankismoko biktimak oroitzeko "Urte Haietan" lana jarri zuen Aieteko (Donostia) Bakearen Etxearen belardian.

Ondare naturala

Ondare naturala hain da aberatsa Euskal Herrian, ia ezinezko egingo zaigula guztia jasotzea. Euskal Herriko ondare naturalaren lehen hurbilketa baterako gune hauek ez galtzea gomendatzen dizugu.

 

Omako basoa (Kortezubi): Naturak eta arteak bat egiten duten baso sorgindua da. Agustin Ibarrola eskulturgile eta margolariaren artelan bat da, 1983-1991 bitartean margotua.

 

Bardeak: Nafarroako desertua deitzen zaio eta 1999an Parke Natural izendatu zuten. 2000an, UNESCOk, Biosfera erreserba.

 

Urdaibai: Urdaibai Oka ibaiak sortzen duen padura da. Bizkaiko kostaldeko basa-ingurune garrantzitsuena da. Hegazti migratzaileak ikusteko leku pribilegiatua da Urdaibai Bird Center eta harrigarria da ikustea ingurunea nola aldatzen den itsas gora eta beherarekin. 1984an, UNESCOk Biosfera erreserba izendatu zuen.

 

Valderejo: Amilburu harritsuek zaindu eta gordetzen duten harana da Valderejo. Parke natural izendatua izan zen 1992an. Oso da otzana gizakiak bertan izan duen eskuhartzea: gaur egun ere ia ez da inor bizi han, bertako fauna eta flora dira inguru haietako errege.

 

Iratiko oihana: Europako bigarren pagadirik handiena da Irati, Alemaniako Oihan Beltzaren ostean. Inguru paregabe batek behar dituen edertasuna eta bakea topatuko dituzu bertan. Hankak pixka bat nekatu eta izerdi pixka bat bota beharko duzu, baina ziur mereziko duela: Zuberoako eta Nafarroako mendiez beste inondik ez bezala gozatuko duzu handik.

 

Urederra: Urederrako iturburua 1987 natur erreserba izendatua izan zen. Nafarroako gune ikusgarrienetakoa da. Bisitak mugatuak dira eta aldez aurretik erreserba egitea komeni da. 700 m-ko arroila batean sortzen da eta 100 m-ko urjauzia utziko dizu begien gozamenerako opari.

 

Kobazuloak gustuko badituzu, Sarako leizeak (Lapurdi), Isturitz eta Otsozelaiako leizeak (Lapurdi) eta Ekainberri leizeak (Zestoa-Gipuzkoa), Arrikrutz leizeak (Gipuzkoa) eta Pozalaguako leizea (Bizkaia) bisitatzea gomendatzen dizugu.