MENDI-IBILALDIAK

Egun-pasarako proposamen errazak

FITXA

Mendizaletasuna euskaldunen izaeraren ikurretako bat da. Iñurrategi anaiak, Edurne Pasaban eta Juanito Oiartzabal mendizaleak dira, besteak beste, horren adibide. Euskal Herriko mendiak ez dira bereziki garaiak, baina paisaia erabat da gora-beheratsua itsas bazterretik bertatik hasita.

  • Denbora: + 7 egun
  • Publikoa: bikoteak, familiak, lagunartean

AZALPENA

Familian edo lagunartean mendian ibiltzea gustuko baduzue, Euskal Herrian bertan, urrutira joan gabe, gozatu ahal izango duzu zure pasioaz. Ibilbide berdeak, oihan zaharrak, bertako fauna eta flora eta bista paregabeak ikusi ahal izango dituzue batere zailtasunik gabeko txangoak eginez. Hasteko, Euskal Herriko probintzia bakoitzean egiteko txango bana proposatzen dizuegu. Bakoitzak badu bere xarma eta denak dira politak egun erdi edo egun-pasa baterako. Kantiplora, motxila, oinetako eroso batzuk eta hankak mugitzeko gogo pixka bat da behar duzuna. Hala ere, jakizu, hori baino askoz gehiago dagoela egiteko: edozein bidezidorretatik helduko zara leku polit batera, seguru.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Ulia: mendia, itsasoa eta zeruaren espektakulua (Gipuzkoa)

Abiapuntua: Pasai San Pedro

Desnibela: 171 m.

Luzera: 7,5 km.

Zailtasuna: Erraza

 

Pasai San Pedrotik Donostiara, Ulia mendian barna, oinez joateko gonbidapena luzatzen dizuegu. Ibilbideak euskal kostaldeko ikuspegi ederrenetakoak eskaintzen ditu. Martxan jartzeko, Donostian autobusa hartu eta Pasai San Pedrora joan. Portuaren amaieran, itsasoa zabaltzen den lekuan, hasiko da ibilbidea. Ulia mendian gora egin. Bide zidorra jarraituz, galbiderik gabe helduko zarete Donostiako Gros auzoaren goiko aldera. Ibilbide osoan zehar, mendi, itsaso eta zeruak eskaintzen dituzten paisaia zoragarriez gozatuko duzue. Grosera jaitsi eta pintxo goxo batzuk dastatuz hartuko dituzue indarrak.

Holtzarteko arroila (Zuberoa)

Abiapuntua: Logibar ostatua

Desnibela: 200 m.

Zailtasuna: Ertaina, haurrentzat

 

Holtzarteko zubia 70 m. luze, 1,5 m. zabal eta 170 m. gora den zubi zintzilikaria da. Bertara joateko Larraine-ra doan bidean gora hasi baino lehen, Logibar ostatuaren ondoan autoa utzi behar da. Bide seinalatu eta erabilian gora eginez iritsiko zara 180 metroko altuera duen Holtzarteko zubira. Ibilbide aldapatsua da, baina ez oso luzea. Holtzarteko zubiak zahar eta gazte liluratzen ditu. Kontuan izan Holtzarteko zubia Iratiko baso ederraren magalean dagoela. Behin hara joanez gero, zinez merezi du pagoartean beste txango bat egitea. Irati Europako bigarren pagadi handiena da, Alemaniako oihan beltzaren ostean.

Larrunera oinez edo trenean (Lapurdi)

Abiapuntua: Sara, Azkaineko Olheta auzoa edo Bera

Desnibela: 850 m.

 

Lapurtarrentzat mendira joatea, Larrunera igotzea da. Azkainetik, Saratik edo Beratik igo daiteke Larrunera. Ez da ibilbide zaila, baina desnibel pixka bat badauka. Hori bai, behin gora igota, bertako benta batean indarrak berreskuratzeko aukera izango duzue. Mendian oinez ibiltzea nekezegi bazaizu, baina paisaia ederrez gozatu nahi baduzu Larrungo trena hartzera gonbidatzen zaitugu. Urte osoan dago zabalik. Hori bai, kontuan izan, udaran, egunero 2.000 lagunek hartzen dutela tren hori.

Adartza, Aldudeko bailara ederrean (Behe Nafarroa)

Abiapuntua: Banka

Desnibela: 450 m.

Luzera: 6,6 km.

 

Aldude bailara gainetik ikusteko Adartza mendira igotzea proposatzen dizuegu. Banka herritik aurrera segitu eta 6,2 km.-ra dagoen birangoan utzi behar da autoa. 823 metroko altueran gaude. Hortik, ipar-ekialderantz gora egiten duen asfaltatutako bidetxo bakarra hartu. 10 minutura, asfaltoa zementu bihurtzen da. Abiatu eta ordu erdi ingurura, Arrolakoharria tontorrera igo gaitezke. Adartzara doan bideak, Arrolakoharria tontorra ekialdeko magaletik inguratzen du. Bide horretatik aurrera eginez iritsiko gara Adartza tontorrera, ordu t’erdiko ibilbidea eginda. Gozatu bista ederrez!

Pagasarri (Bizkaia)

Abiapuntua: Bilbo erdialdea

Desnibela: 819 m.

Luzera: 13,47 km.

 

Pagasarri bilbotarren mendia da. Jende asko igotzen da egunero Pagasarrira, Bilbotik autoa hartu beharrik gabe igo daitekeelako, eta gainera, gailurrera heltzeko bidea bide zabala eta zailtasunik gabea delako.

 

Ibilbidea plaza Biribilean hasiz gero, Hurtado Amezaga eta Irala kaleetan barna San Adrian auzoraino joango gara. Fango kiroldegirantz joan eta A-8 autopistaren gaineko zubia zeharkatuko dugu. Hor hartuko dugu gailurreraino eramango gaituen bidea. Itzulera ere bide beretik egingo dugu.

Albertia (Araba)

Abiapuntua: Albertia, gudarien mendia

Desnibela: 350 m.

Luzera: 2,8 km.

Zailtasuna: Oso erraza

 

1936 amaieran, Espainiako Gerra Zibileko bataila handia gertatu zen Legutio inguruan. 4000 gudari inguru Francoren armadaren aurka borrokatu zen. 1000 errepublikar baino gehiago hil eta 4000 zauritu ziren. Gaur egun, Albertiako mendian, bataila horretan borrokatu ziren gudarien omenezko garaikurrak daude.

 

Albertiara igotzeko, Vitoria-Gasteiz ondoan dagoen Urbina herriko biribilgunean, Landarantz daraman A-627 errepidea hartuko dugu. Larrabea golf zelaia atzean utzita, pare bat kilometrora, Landara doan bidearen sarrera dago, hondakin edukiontzi batzuekin. Bertan utziko dugu autoa. Bidea gurutzatuta, bide zabal bat hartuko dugu Manzanilla zelairaino. Bertan dago Albertiako batailaren 75. urteurrenaren karietara jarritako oroigarria. Pago artean doan bidea jarraituz, 800 metrora, gailurrera helduko gara. Gailurrean oroigarri gehiago eta bista ederrak aurkituko ditugu. Arabako lautada eta Deba ingurua ikusiko ditugu bertatik.

Xorroxin iturburura txangoa (Nafarroa)

Abiapuntua: Erratzu

Desnibela: 130 m.

Luzera: 5,6 km.

 

Ibilbidea Erratzun hasiko dugu. Lehenik Gorostapolo auzora joango gara. Auzoko ermitaren ondoan dagoen harrizko bidea hartuko dugu Iñarbegiko errekaraino. Ibilbide guztia errekaren bazterretik egingo dugu, freskotasuna sentituz. Bidea markatua dago, eta beraz, ez dugu galbiderik izango. Ibilbide laburra izanik, laster helduko gara Xorronxingo ur-jauzira. Itzulera bide beretik egiten da Iñarbegi-ko zubiraino. Iñarbegiko auzotik itzuliko gara Erratzura.

Idiazabal gaztaren ibilbidea (Gipuzkoa)

Abiapuntua: Segura

Desnibel akumulatua: 9.777 m.

Luzera: 95,7 km.

 

Idiazabal Gaztaren Ibilbidea egunean etapa bat egiteko prestatua dago. Goierri, Urola Garaia eta Deba Garaia eskualdeak zeharkatzen ditu. Aste batean egiteko ibilbide zoragarria da. Ibilbidean zehar, Idiazabal gaztaren fabrikazio- eta salmenta-prozesu osoa ikusi ahal izango duzu. Hasteko ardiak bazkatzen diren eremuetatik ibiliko zara, parke naturaletan barna. Ondoren, Idiazabal gazta ekoizten duten etxeak ikusiko dituzu eta, azkenik, Idiazabal gazta saltzen den merkatuak ezagutuko dituzu.