EUSKAL HERRI BERDEA

Ezagutu Euskal Herriaren erdigunea

FITXA

Euskal Herriaren bihotzera bidaiatzea ia ikutu gabe dagoen eremu zabalera sartzea da. Aizkorri-Aratz, Urbasa-Andia eta Aralar parke naturaletan barna bidaiatzea gomendatzen dizugu. Kultura, natura eta gastronomia gustuko badituzu, merezi du paraje eder hauetan geldialdia egitea.

  • Denbora: + 5 egun
  • Publikoa: familiak, bikoteak, bakarrik

AZALPENA

Paisaia paregabeak eskaintzen dituzten hiru parke naturalek osatzen dute Euskal Herriaren bihotza. Aizkorri-Aratz, Urbasa-Andia eta Aralarko parke naturalez ari gara. GI-632, N-1, NA-120 edo NA-718 errepideak hartuta helduko zara Euskal Herriko bihotzera. Bertan, artzantza, kirola eta gastronomia nagusia diren naturguneak aurkituko dituzu. Berdin da mendizale aditua zaren edo paseo errazak egin nahi dituzun. Zure nahia turismo berdea praktikatzea bada, jakin, guztien neurriko eskaintza dagoela parke natural hauetan.

Hiru parke naturalen oinetan dauden herriak Tolosa, Beasain, Legazpi, Oñati, Altsasu eta Etxarri dira. Hiru interpretazio zentro ere badaude: Aizkorri-Aratzekoa Zegaman, Aralarrekoa Ataunen eta Urbasa-Andiakoa.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Donostia

NOLA IRITSI

Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Iruñeatik: autobusez, trenez edo autoz

Baionatik: autobusez edo autoz

Hendaiatik: trenez (topoa ordu erdi oro ateratzen da)

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Kantauri isurialdeko harribitxietako bat dugu Donostia. Garai bateko burgesiaren opor-lekua eta egun oraindik orduko tankera mantentzen duena. Donostia, 2016an, Europako kultur hiriburua izango da eta ordurako prestaketa-lanek xarma berezia eman diote hiriari.

 

Hiru hondartzetako batean bainu gozoa hartu edo paseatu ostean, parte zaharreko edozein tabernatan pintxoak jateak sortzen duen plazerak ez du parekorik eta uda partean etorriko bazara, baliteke, bide batez, jaialdiren batekin ere topo egitea: Jazzaldia uztailan eta Zinemaldia irailean, pasatzen ez uztekoak dituzu.

 

Haurrekin bazabiltza, Aquarium-a eta Igeldoko funikularra bisitatzea proposatzen dizugu. Bisita kulturalak atsegin badituzu, berriz, San Telmo museoa eta Eduardo Chillida eskulturgile sonatuaren Haizearen Orrazia ikus ditzakezu; ez zara damutuko.

Iruñea

NOLA IRITSI

Bilbotik eta Baionatik: autobusez edo autoz (Baionatik autobusez, udan soilik)

Vitoria-Gasteiz eta Donostiatik: autobusez, trenez edo autoz

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Historia gustuko baduzu, Iruñea duzu zure hiriburua: kristo aurreko lehen milurtekoan baskoiak jada Iruñean bizi zirenaren aztarnak egon badira.

 

Nafarroako hiriburua leku estrategikoa izan da historian zehar. Izan ere, Frantziaren eta Iberiar Penintsularen arteko zubi gisa hartua izan da, eta haren kale, etxe, eraikin eta herritarren artean murgiltzen bazara, hainbat istorio, guda, borroka eta bizimoduren berri izango duzu.

 

Guk alde zaharra bisitatzea gomendatzen dizugu, eta, bereziki, harresia eta katedrala ikustea, eta San Fermin jaietako entzierroaren ibilbidea egitea. Haurrekin bazabiltza, planetarium-a bisitatzea plan polita izan daiteke.

 

Iruñeatik bertatik pixka bat ateratzeko aukera edo gogoa baduzu, Xabierko gaztelua eta Jorge Oteiza eskulturgile ezagunaren museoa ikustera animatzen zaitugu.

Aizkorri-Aratz (Gipuzkoa-Araba)

Aizkorri-Aratz mendilerroak Atlantikoko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroko mendirik garaienak ditu (Aitxuri, 1.551 m). Horiek gailurreria ederra osatzen dute eta erreferente dira euskal mendigoizaleentzat. 2006an izendatu zuten parke natural, eta, guztira, 16.000 hektarea ditu naturguneak: 13.000 Gipuzkoan eta 3.000 Araban.

 

Geologiaren eta paisaiaren ikuspuntutik, bi inguru bereiz daitezke argi eta garbi: batetik, kareharrizko gailur malkartsuak daude, eta oinetan, larrez betetako lautadak dituzte, Urbia esaterako. Bestetik, landarediak estaltzen dituen muino eta mendixka silizeoak daude.

 

Parkea bisitatzeko gomendatzen den bidea Aizkorrirako igoera da. Oñatitik Arantzazuko Santutegira iritsi eta hortik gora egingo dugu. Aizkorriko tontorreraino ibilbide luze xarmarra da, baina nahi izanez gero Urbiako zelaietan geratu eta bertatik ikus daiteke tontorra. Urbiako zelaietan, atseden hartzeko ostatua dago.

 

San Adriango tunela ere aipatu behar dugu. Haitzulo naturala da eta, antzina, Gipuzkoa eta Araba lotzen zituen pasabide garrantzitsua zen. Bertan izen bereko baseliza dago. Handik igarotzen da erromatarrek egindako galtzada eta Donejakue Bidea. Horrez gainera, aztarnategi, dolmen, tumulu eta monolito asko daude aire librean, eta naturgunearen inguruan ondare historiko eta arkitektoniko bikaina nabarmendu behar da, Arantzazuko Santutegia eta Oñati herria bera, besteak beste.

 

Aizkorri-Aratz parke naturaleko interpretazio zentroa Anduetza baserrian (Zegama) dago.

Aralar (Goierri, Gipuzkoa)

Aralar mendilerroak zeresan berezia du euskaldunontzat, Gipuzkoa eta Nafarroa elkartzen dituen mendilerroa baita. Aralarreko parke naturalaren sarbide nagusiak Gipuzkoako bi herri dira: Zaldibia eta Ataun.

 

Txindoki (1.346 m.) da Aralarreko gailurrik bereizgarriena. Gipuzkoako mendi kuttun eta ederrenetzat jotzen da. Kare-harrian, uraren eraginez, leize, iturri, hustubide eta lurpeko ur-korronte ugari sortu dira. Baso bikainak ere badaude: Akaitz-Sastarri eta Lizarrustiko pagadiak, Itaundieta-Liezadiko artadiak, Txindokiren iparraldeko hariztiak eta baso mistoak. Alderdi horretan abeltzaintza da nagusi (latxa ardia), eta bestalde, dolmen gehien dauden Euskadiko lekua ere bada.

 

Haurrekin bidaiatzen baduzu, aisialdirako gune aproposa dago Larraitzen: erretokiak, abentura parkea, ostatuak… Egun-pasa ederra egiteko eguraldi ona baino ez da behar. Parkeko interpretazio zentroa Lizarrusti parketxean dago, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, GI-120 errepidean.

Urbasa-Andia (Nafarroa)

Nafarroako mendebaldean kokaturik, Urbasa eta Andia mendiek osatzen dute Urbasa-Andiako natur parkea.

 

Lurralde osoaren %70 pagadi ikusgarriz betea dago, hagin, ipuru eta pinuekin batera. 1.000 metrotan badira arrasoak izeneko lautadak. Zuhaitzik gabeko bazkaleku horietan bazkatzen dira zaldi, behor eta ardiak. Ardi esnearekin Idiazabal izeneko gazta goxo-goxoa egiten da.

 

Eta ez ibili erreka bila natur parkean, lurzorua kareharrizkoa baita. Beraz, ura lur barnera sartu eta arrailaz arrail, leizez leize iragazten da. Zalantzarik gabe, leku egokia da espeleologia maite dutenentzat. Bi iturburu ikusgarri daude: Urederra ibaiarena, Urbasa mendian (Bakedaon dago sarbidea), eta Andia mendian dagoen Ubagua ibaiarena (Errezun dago sarbidea). Urederrako iturburua 1987 natur erreserba izendatua izan zen. Nafarroako gune ikusgarrienetakoa da. Bisitak mugatuak dira eta aldez aurretik erreserba egitea komeni da. 700 m.-ko arroila batean sortzen da eta 100 m.-ko urjauzia utziko dizu begien gozamenerako opari.

 

Informazio zentroa Olazagutia portuaren gainaldean dago, NA-718 errepidean. Seberinoren borda interpretazio zentroak ere merezi du geldialdia, artzainen bizimodua irudikatzeko.

Ondarea

Arantzazuko Santutegia (Oñati, Gipuzkoa), 750 metrora kokatua, mendiz eta naturaz ingururatua dago. Balio arkitektoniko eta artistiko handia du.

 

Loiolako basilika (Azpeitia, Gipuzkoa). Jesuiten sortzaile izan zen Loiolako San Inazioren jaiotetxearen inguruan eraiki zen.

 

Irantzuko monasterioa. (Abartzuza, Nafarroa). XII-XIV. mendeko tenplu erromanikoa da eta klaustro gotiko ikusgarria ere badu. Ondoan interpretazio zentro bat ere badu eta ondo-ondotik mendian bueltatxo polit bat emateko hainbat bide ateratzen dira.

Mendi-probak

Zegama-Aizkorri mendi maratoia: Zegama-Aizkorri mendi maratoia Aizkorri-Aratz parke naturalean egiten da eta Zegamako herrian du irteera eta helmuga. 2002. urtetik ospatzen da eta gaur egun mundu mailan ospatzen den kirol honetako froga esanguratsuenetakoa da. Horren erakusgarri da urtero Zegamara hurbiltzen diren mundu mailako korrikalariak eta kirol hontako jarraitzaileak ez diren nahiz diren jendearen artean sortzen duen grina. Froga hau herrian ospatzen den urteko ekitaldirik nagusiena da eta herri guztiak egiten ditu bolondres lanak. Froga ospatzen den asteburuan, giro ezinhobea bizi daiteke Zegaman nahiz Aizkorri-Aratz parke naturalean.

 

Goierriko Bi Haundiak traila: Goierriko 2 Haundiak frogak Beasainen du irteera eta helmuga, eta Goierri eskualdea igarotzen du bere bi parke naturaletan barrena: Aizkorri-Aratz eta Aralar. Goierriko eta Euskal Herriko mendi tontor esanguratsuenak igarotzen ditu: Aizkorri eta Txindoki, hain zuzen ere. Ibilbideak 88 kilometro dauzka eta 6.000 metroko desnibel metatua.

 

Ehunmillak traila: Froga honek Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalak igarotzen ditu eta 168 kilometrotako ibilbidea du eta 11.000 metroko desnibel metatua.

Gastronomia

Tolosako babarruna: Babarruna puru-purian dagoen jakia da. Ez da beti horrela izan, baina azken urteetan gorakada handia izan du eta euskal jatetxe sonatuenetaraino heldu da. Euskal Herrian leku askotan ekoizten da egoskari hau, baina Tolosakoa da ezagunena, jatorrizko izendapena ere badu azken honek.

 

1256az geroztik larunbatero Gipuzkoako herri horretan egiten den azokari zor dio sona hori. Tolosan elkartzen ziren Nafarroatik, Aragoitik eta Gaztelatik etorritakoak, bertatik igaro behar baitzuten Frantziara joateko. Gipuzkoan ekoiztutako babarrun kopurutik, autokontsumorako behar zena kendu ondoren geratutakoa Tolosako azokan merkaturatzen zen, eta garrantzi handikoa izaten zen hortik estatuko gainerako herrietara egiten zen babarrun-esportazioa.

 

Idiazabal gazta: Jatorrizko izendapena du gazta honek eta Neolitikotik gaur egunera arteko historia. 8.000 urtean zehar iraun du egun euskal artzainek erabiltzen duten gazta egiteko erak. Ardi latxaren esnearekin egiten dute jaki goxo hau. Ardi mota honek ez du esne asko ematen, baina bai kalitate oso onekoa. Idiazabal gazta duzu horren adibide.

 

Merkatuak: Tolosakoa (Gipuzkoa) larunbatetan eta Ordiziakoa (Gipuzkoa) asteazkenetan, XI-XII. mendetik hona ospatzen diren azokak dira. Bata zein bestea erreferentzia dira Euskal Herriko nekazal produktuentzat: Idiazabal gazta, Tolosako babarruna, onddoak, baserriko fruta eta barazkiak, arkumea… Tarterik baldin baduzu, joan zaitez bueltatxo bat ematera.