EUSKAL HERRI BUKOLIKOA

Murgildu Gasteiz eta inguruko paisaia lasaietan

FITXA

Itsas bazterretik pixka bat urrunduz, hiria eta herri txikiak bikain ezkontzen diren Euskal Herriko eskualdea ezagutzea proposatzen dizugu. Gasteiz eta inguruez ari gara. Euskal Herriko eskualde hau aproposa da familian bidaiatzen dutenentzat, lasaitasuna nahi dutenentzat zein gastronomiazaleentzat.

  • Denbora: + 3 egun
  • Publikoa: familiak, bikoteak, lagunartean

AZALPENA

Gasteiz hiritarrentzat pentsatutako hiria da, bertakoentzat zein bisitarientzat. XII. mendean sortuz geroztik, txukun eta eder hazi da: kale zabalak, belardiak, bidegorriak… topatuko dituzu edonon, hirian barrena lasai eta eroso mugitu ahal izateko, oinez zein bizikletan. Aldaparik ez du, lautada batean dago eta. Gasteiz da Europan bizi-kalitate maila altuenetakoa duen hirietako bat.

Handik pixka bat aterata, urrutira joan gabe, biztanle gutxiko herrixka nekazariak eta ia gizakia ezagutzen ez duten inguru naturalak topatuko dituzu. Haurrekin edota lasai zure gisara ibiltzeko, hau baino plan hobeak gutxi topatuko dituzu. Gure gomendioa: ez bisitatu gabe utzi Arabar Errioxa eta bertako ardo-upategiak, eta Añanako Gatzaga.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Vitoria-Gasteiz

NOLA IRITSI

Donostia eta Iruñeatik: autobusez, trenez edo autoz

Bilbo eta Baionatik: autobusez edo autoz

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Euskal Herriko hiriburu berde izendatuko genuke guk Vitoria-Gasteiz: besteak beste, bidegorriak eta bizikletak dira protagonista bertan. Jakingo duzu, agian, 2012an Europako Hiriburu Berdea izan zela Vitoria-Gasteiz. Hiritik atera gabe naturaz gozatzeko eta familian bidaiatzeko asmotan bazabiltza, ez duzu helmuga txarra.

 

Guk Vitoria-Gasteiz bizikletaz bisitatzea proposatzen dizugu: ez duzu aldaparik eta inolako arriskurik izango. Hasi Ken Follet idazle ezaguna inspiratu zuen Santa Maria katedrala bisitatzetik, pasatu arte modernoaren Artium museotik eta gozatu naturaz eta animaliez Vitoria-Gasteizko gerriko berdean. Gosea eta egarria ere egingo zaizu ordurako eta aprobetxatu txangoa tripa betetzeko. Jakizu, jada ez badakizu, Vitoria-Gasteizko 2014ko Espainiako gastronomia-hiriburua dela.

 

Hiriburutik bertatik atera nahiko bazenu, gertu dituzu Arabar Errioxako mahastiak eta upategiak, baita Añanako gatzaga ere.

Arabar Errioxa

Arabar Errioxa munduan da ezaguna bertako ardo goxoei esker. Ardoak paregabeak direla argi dago, baina inguru haietara gerturatzen bazara, botilatik haratagoko esperientziak biziko dituzu. Mahatsondoz apaindutako paisaian, herritarren eguneroko bizimoduan eta bertako kulturan murgildu eta ardoa bizi egingo duzu.

 

Guardiara joatea gomendatzen dizugu guk. Erdi Aroko herritxo honek liluratu egingo zaitu. Harresiko atea gurutzatu bezain pronto jabetuko zara zertaz ari garen: kale-zidor politak, eraikin ikusgarriak eta Ebro ibaiaren magaleko mahasti eta upategiak ikusteko leku apartak.

 

Bereziki gustatuko zaizkizu udaletxeko fatxada nagusiko erlojua (orduro Guardiako dantza dantzatzen duten panpinekin), ardoaren museoa eta ibilbidea, eta herri guztia zeharkatzen duten lur azpiko upategiak. Tarterik baldin baduzu, upategi bat bisitatzea ere esperientzia polita da: ardoa nola egiten duten ezagutu eta azken emaitza zein den dastatzeko aukera izango duzu.

 

Guardiatik zazpi bat kilometrora Sorginaren Txabola trikuharria dago. Euskal Herriko trikuharririk zaharrenetakoa da eta, gain batean dagoenez, paraje ederrez gozatu ahal izango duzu bertatik.

Vitoria-Gasteizko gerriko berdea

Vitoria-Gasteizko gerriko berdea hiriaren inguruneak berreskuratzeko eta babesteko plan baten emaitza da. Helburua, aisialdirako gune apropos bat eskaintzearekin batera, ingurunearen balio ekologikoa babestu eta ezagutzera ematea da. Guztira 47 km. ditu eta ibilbidean zehar sei parke aurkituko dituzu, zein baino zein ederragoak.

 

Ibilbidearen zati bat aukeratu behar izanez gero, politenetako bat Zadorra Ibaiaren parkea da. Salburua parkea ere guztiz gomendagarria da umeekin joateko. Bertan, urmaelak ezagutzeko ibilbide errazak, hegaztiak ikusteko bi behatoki eta Hezeguneen Interpretazio Zentroa daude. Eraikina bera ikusgarria da eta bista ikusgarriak eskaintzen dituen balkoi irten bat du.

 

Ibilbidea egiteko udalaren bizikletak doan alokatzeko zerbitzua baliatu dezakezu.

Añanako Gatzaga

Gesaltza Añanako udalerrian dago Añanako gatzaga, Vitoria-Gasteiztik 30 bat kilometrora. Munduan bakarra den paisaia hau 6000 urtetik honako lanaren fruitua da.

 

Belaunaldiz belaunaldi, eskualde horretako gizon eta emakumeek inguruko iturburuak aprobetxatzen jakin izan dute gizateriarentzat ezinbestekoa den “urre zuria”, gatza, lortzeko. Horretarako, eskuz eta zentzuak agindu bezala, eskulan profesional eta espezializaturik gabe, egungo azpiegitura guztia eraikitzen joan dira. Ura iturburuetatik putzuetara ekartzeko lau kilometro luzeko egurrezko kanalak daude. Terrazak eskailera moduan eraikita daude, harria, egurra eta buztina erabiliz eta, azpian, gatza gordetzeko biltegiak dituzte. Azpiegitura ezohiko, ezezagun, herrikoi eta tradizional moduan defini daiteke.

 

Egun oraindik martxan dago eta zinez animatzen zaitugu bertaratu eta gatz-gizonak lanean ikustera. Nahi izanez gero, bisita gidatuak ere badira.

Naturaguneak

Mordo bat topatuko dituzu inguru hauetan, baina honakoak behintzat bisitatzea gomendatzen dizugu guk.

 

Valderejo: Amilburu harritsuek zaindu eta gordetzen duten harana da Valderejo. Parke natural izendatua izan zen 1992an. Oso da otzana gizakiak bertan izan duen eskuhartzea: gaur egun ere ia ez da inor bizi han, bertako fauna eta flora dira inguru haietako errege.

 

Gorbeiako parke naturala: Bizkaia eta Araba lotzen dituen mendi-lerroa da Gorbeia eta izen bereko mendi-muturra da altuena (Gorbeia, 1480 m.). Bertako metalezko gurutzea ezaguna da euskal mendizaleen artean.

 

Oinez, bizikletaz zein zaldiz ibil zaitezke bertan, bideak ondo seinaleztatuta daude. Bi interpretazio zentro daude: bat Bizkaian (Areatzako parketxea) eta bestea Araban (Baias interpretazio zentroa).

 

Albertiako muinoa: 1936 amaieran, Espainiako Gerra Zibileko bataila handia gertatu zen Legutio inguruan. 4000 gudari inguru Francoren armadaren aurka borrokatu zen. 1000 errepublikar baino gehiago hil eta 4.000 zauritu ziren. Gaur egun, Albertiako mendian, bataila horretan borrokatu ziren gudarien omenezko garaikurrak daude.

 

Albertiara igotzeko, Vitoria-Gasteiz ondoan dagoen Urbina herriko biribilgunean, Landarantz daraman A-627 errepidea hartuko dugu. Larrabea golf zelaia atzean utzita, pare bat kilometrora, Landara doan bidearen sarrera dago, hondakin edukiontzi batzuekin. Bertan utziko dugu autoa. Bidea gurutzatuta, bide zabal bat hartuko dugu Manzanilla zelairaino. Bertan dago Albertiako batailaren 75. urteurrenaren karietara jarritako oroigarria. Pago artean doan bidea jarraituz, 800 metrora, gailurrera helduko gara. Gailurrean oroigarri gehiago eta bista ederrak aurkituko ditugu. Arabako lautada eta Deba ingurua ikusiko ditugu bertatik.

 

Zadorrako urtegiak: Vitoria-Gasteiz eta inguruetan ez duzu itsasorik topatuko, barrualdean zabiltza eta. Hala ere, izango duzu bainutxo bat hartu eta uretako kirol eta ekintzez gozatzeko aukera, ez larritu. Garrantzitsua da hori haurrekin eta udan bidaiatuko baduzu, batez ere.

 

Zadorra ibaian behera datozen urak biltzen dituzten bi urtegi daude: Ulibarri-Ganboakoa eta Urrunagakoa (azken hau, Legutianoko urtegia edo Santa Engrazia urtegia izenez ere ezaguna). Biak hala biak daude aisialdirako eta turismo aktiborako prestatuak. Arrantzaleen kuttuna da Urrunagakoa eta Ulibarri-Ganboakoak 45 km.-ko ibilbidea du urtegiaren bueltan, bizikletan zein oinez inolako zailtasunik gabe egiteko modukoa. Horrez gain, bainurako ondo egokitutako guneak eta ur-kirolak (belaontzia, wind-surf-a, piragua…) praktikatzeko hainbat aukera topatuko dituzu bertan.