EUSKAL HERRI LEHORRA

Ezagutu Nafarroa hegoaldea eta Araba

FITXA

Inork ez du ukatuko Euskal Herria berdea ez denik eta euririk egiten ez duenik, baina baditu horretatik asko ez duten paraje ederrak ere. Nafarroa hegoaldeko Bardeak, Euskal Herriko desertu bezala ere ezagunak, dira horren adibiderik garbiena. Aterkia eta euritakoa etxean utzi eta Euskal Herriaren beste aurpegi bat ezagutzera gonbidatzen zaitugu hemen.

  • Denbora: + 3 egun
  • Publikoa: familiak, bikoteak

AZALPENA

Euskal Herria lurralde berde eta malkartsu moduan da ezaguna, baina Iruñea paretik behera, paisaia nabarmen aldatzen da. Mendiak lautada bihurtzen dira eta lurrak horitu, Ebro ibai lasai eta emaritsuari begira. Barazki, zereal, fruitu-arbola eta mahasti sail zabalak egiten dira inguru horietako paisaiaren protagonista, nagusiki nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi diren eskualdeetan.

Horrez gain, mende askoan zehar Espainia hegoaldetik eta Afrikatik zetozenen igarobide izan da eskualde hau, eta beraz, oso da aberatsa kultura eta historia aldetik: kristau, judu eta arabiarrek egin dute topo lur horietan historian zehar.

Gastronomia (batez ere, barazkiak eta ardoa), kultura eta historia gustuko badituzu, leku aproposera heldu berri zara.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Tutera

Nafarroako hiririk garrantzitsuena Iruñearen ostean. 802. urtean sortu zuten islamiarrek Tutera eta haiek Europan eraikitako hiririk garrantzitsuenetakoa da. 400 urtez baino gehiagoz, arabiarrak, juduak eta mozarabiarrak elkarrekin bizi izan ziren Tuteran eta elkarbizitza horrek kultura eta arkitektura zinez aberatsa utzi du hirian.

 

Tuterako altxor artistikoa Santa Maria katedrala da, 1180an mezkita zahar baten gainean eraikia. Sarrera eta klaustro erromaniko ederrak ditu, baita erdiko nabe gotiko argitsu bat ere. 1884an monumentu nazional izendatu zuten. Ebroko zubia ere polita da benetan. 360 m.-ko luzera du eta hiriaren bista panoramiko bikainaz gozatuko duzu bertatik. Tutera oinez bisitatzeko hiria dela esaten da, eta aipatutakoaz gain, hiriko kale eta plazetan galtzea proposatzen dizugu.

 

Gastronomiari dagokionez, Ebro ibaiaren bazterretako baratze emankorretako barazkiak probatu gabe ezin zara geratu. Batez ere, orburuak, zainzuriak eta piperrak dira ospe handia dutenak. Zintzurra bustitzeko, jatorrizko izendapena duten ardo goxoak dastatzea gomendatzen dizugu.

 

Haurrekin bidaiatuko baduzu, Sendaviva parkera gertura zaitezke. Arguedasen dago (Tuteratik 15 bat kilometrora) eta bertan jolas parkea eta erdi libre ibiltzen diren animaliak topatuko dituzu.

 

Lasaitasun bila bazabiltza, Fitero leku aproposa da. Erromatarren garaiko termak dituzu zain han, gorputza eta arima biziberritzeko.

Bardeak

Nafarroako desertua deitzen zaio. 1999an Parke Natural izendatu zuten eta, 2000an, UNESCOk, Biosfera erreserba. Euskal Herriko paisaiarik bereizienetakoa da. Oinez ibiltzeko kilometro askotxo izan daitezke, baina bizikletaz egiteko erabat da aproposa. Animatuko zara?

 

Abiapuntua Corral de los Aguilares da. Bardeetarantz abiatu, tiro-poligonoaren errepidetik. Tiro-poligonoan bertan ezkerretara doan pista hartu. Cabezo de las Cortinillas eta La Laguna pasa ondoren, 4 bat kilometrora, eskualdeko puntu ezagunenera helduko zara, Castildeterrara. Hor eskuinera hartu eta hurrengo bidegurutzeetan, egin beti aurrera. 29. kilometroan aurkituko duzun kuartel militarrean ezkerretara dagoen bide asfaltatua hartu berriz ere abiapuntura heltzeko. Euririk gabe eta bero handiegirik egiten ez duen egun baterako aproposa da honako ibilbide hau.

 

Irailaren 18an Bardeen inguruan bazabiltza, El Paso-ra gerturatu eta iparraldeko bailaretatik datozen milaka ardi Bardeetan nola sartzen diren ikustea gomendatzen dizugu.

Esako termak

Orain 60 bat urte eraiki zen Esako urtegia eta herri mordoa geratu ziren haren uren azpian. Horien artean bat, Tiermas (Aragoiko lurretan). Bertako etxe, baratza eta hainbat istorio eta bizipenekin batera, herriko bainuetxea ere presak jan zuen. Ez betiko, ordea.

 

Esako ur-mailak behera egiten duenean, irailetik aurrera, bainuetxe haren hondakinak azaleratu egiten dira. Jende andana gerturatzen da bertara orduan, lur azpitik sortzen diren ur sufretsuen eta buztinen onurez gozatzera. Kotxez edo oinez joan daiteke bertara eta tartetxo bat baduzu, egun erdi bat edo egun-pasa bat egitea gomendatzen dizugu. Esperientzia polita da, benetan.

Arabar Errioxa

Arabar Errioxa munduan da ezaguna bertako ardo goxoei esker. Ardoak paregabeak direla argi dago, baina inguru haietara gerturatzen bazara, botilatik haratagoko esperientziak biziko dituzu. Mahatsondoz apaindutako paisaian, herritarren eguneroko bizimoduan eta bertako kulturan murgildu eta ardoa bizi egingo duzu.

 

Guardiara joatea gomendatzen dizugu guk. Erdi Aroko herritxo honek liluratu egingo zaitu. Harresiko atea gurutzatu bezain pronto jabetuko zara zertaz ari garen: kale-zidor politak, eraikin ikusgarriak eta Ebro ibaiaren magaleko mahasti eta upategiak ikusteko leku apartak.

 

Bereziki gustatuko zaizkizu udaletxeko fatxada nagusiko erlojua (orduro Guardiako dantza dantzatzen duten panpinekin), ardoaren museoa eta ibilbidea, eta herri guztia zeharkatzen duten lur azpiko upategiak. Tarterik baldin baduzu, upategi bat bisitatzea ere esperientzia polita da: ardoa nola egiten duten ezagutu eta azken emaitza zein den dastatzeko aukera izango duzu.

 

Guardiatik zazpi bat kilometrora Sorginaren Txabola trikuharria dago. Euskal Herriko trikuharririk zaharrenetakoa da eta, gain batean dagoenez, paraje ederrez gozatu ahal izango duzu bertatik.