EUSKAL KOSTALDEA

Gozatu kostaldeko herritxoez eta jendeaz

FITXA

Euskal kostaldea Angelutik (Lapurdi) Muskizeraino (Bizkaia) hedatzen da. Tartean, ospe handiko hainbat herri zoragarri aurkituko duzu: Biarritz, Donostia, Zarautz edo Lekeitio, besteak beste. Aipamen berezia merezi duten bi gune ere badaude: Zumaiako flysha (Gipuzkoa) eta Gaztelugatxeko ermita (Bizkaia).

  • Denbora: + 5 egun
  • Publikoa: familiak, bikoteak, bakarrik

AZALPENA

Euskal kostaldea 165 kilometroko kostalde harritsua eta zatitua da. Geldialdia merezi duten herrien xarmak milaka bisitari liluratzen du urtero. Europako surfaren gune saihestezina ere bilakatu da. Mundu mailan ezagunak diren uhainak ditu: Ziburu eta Hendaia bitartean sortzen den Belharra, Biarritzeko, Donostiako eta Zarautzeko hondartzak, eta Mundakako uhaina. Ur kirolak praktikatu nahi badituzu, EVI-nautika taldeko profesionalek lagundu zaitzakete.

Eta atseden hartzea tokatzen denean, hutsik egin gabe dastatu kostaldeko gutiziak. Bereziki gomendatzen dizugu Hondarribian edo Donostian pintxo batzuk jatea, Ziburu (Lapurdi) edo Lekeitio (Bizkaia) gisako portu txiki batean arraina dastatzea, Getariako Maisor etxean esperientzia-gastronomiko bat bizitzea eta, Getaria eta Mungiako txakolina dastatzea.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Donostia

NOLA IRITSI

Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Iruñeatik: autobusez, trenez edo autoz

Baionatik: autobusez edo autoz

Hendaiatik: trenez (topoa ordu erdi oro ateratzen da)

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Kantauri isurialdeko harribitxietako bat dugu Donostia. Garai bateko burgesiaren opor-lekua eta egun oraindik orduko tankera mantentzen duena. 2016an Europako kultur hiriburua izango da eta ordurako prestaketa-lanek xarma berezia eman diote hiriari.

 

Hiru hondartzetako batean bainu gozoa hartu edo paseatu ostean, parte zaharreko edozein tabernatan pintxoak jateak sortzen duen plazerak ez du parekorik eta uda partean etorriko bazara, baliteke, bide batez, jaialdiren batekin ere topo egitea: Jazzaldia uztailan eta Zinemaldia irailean, pasatzen ez uztekoak dituzu.

 

Haurrekin bazabiltza, Aquarium-a eta Igeldoko funikularra bisitatzea proposatzen dizugu. Bisita kulturalak atsegin badituzu, berriz, San Telmo museoa eta Eduardo Chillida eskulturgile sonatuaren Haizearen Orrazia ikus ditzakezu; ez zara damutuko.

Biarritz

Biarritz ozeanoari zabalik bizi den herria da. Biarritz oporraldia igarotzeko frantses burgesiaren hiri kuttuna izan zen. Gaur egun, Biarritzen surfaren kultura bazter guztietara hedatu da eta, urtero, ehunka surflari gerturatzen da bertako hondartzetan surf egitera. Familian etorriz gero, hutsik egin gabe bisitatu Itsasoaren museoa eta Ozeanoaren Hiria.

Urdaibai (Bizkaia)

Urdaibai Oka ibaiak sortzen duen padura da. Bizkaiko kostaldeko basa-ingurune garrantzitsuena da. Hegazti migratzaileak ikusteko leku pribilegiatua da eta harrigarria da ikustea ingurunea nola aldatzen den itsas gora eta beherarekin. 1984an, UNESCOk Biosfera erreserba izendatu zuen.

Gaztelugatxe (Bermeo, Bizkaia)

Gaztelugatxe Bizkaiko kostaldeko arrokazko uhartetxoa da. Uhartetxora igotzeko, lurraren eta islaren artean geratutako arkaitzen gainean eraikitako zubitxoa igaro behar da eta, ondoren, 231 eskaileratxo igo. Goian, Gaztelugatxeko Doniene edo San Juan Gaztelugatxekoa ermita dago. Ohituraren arabera, hara igotzen denak ezkila hiru aldiz jo behar du, eta desio bat eskatu. Ermitaren ondoan babesgune bat dago, mokadutxo bat eginez paisaia ederraz gozatzeko. Euskal Herriko interesgune turistiko garrantzitsua da eta 2014an, Internet bidezko herri bozketa batean Espainiako leku politena bezala izendatua izan da.

Zumaiako flysch-a (Gipuzkoa)

Zumaiako flysch-a leku ikusgarria da geologo adituentzat, natura maite dutenentzat, paisaia ederrez gozatzen dutenentzat zein haurrentzat. Bakoitzak bere zoriona aurkituko du leku paregabe honetan. Milioika urtetako historia jasotzen duen gune ikusgarriak denboran zehar bidaiatzeko aukera eskaintzen du. Euskal Kostaldeko Geoparkea zinez lagungarri da irakurketa hori egiten ikasteko. Bisita gidatu baten bitartez, flysch-aren ibilbidea itsasontziz ala oinez egitea zinez gomendatzen dizuegu.