KONTRABANDISTEN BIDEA

Zoaz Bidasoa ibaian gora

FITXA

Bidasoa ibaia Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroa elkartzen dituen ibaia da. Erratzu inguruan sortzen da eta Txingudiko badian itsasoratzen. Ibilbidearen hasieran "Baztan ibaia" izenez deitzen da, eta Doneztebera iristean hartzen du "Bidasoa" izena. Lasai ibiliko zara kirol apur bat eginez edo leku ederrak bisitatuz.

  • Denbora: + 1 egun
  • Publikoa: familiak, bikoteak, lagunartean

AZALPENA

Bidasoa ibaia istorio asko gordetzen dituen ibaia da. Euskal Herriko hiru probintzia elkartzen ditu: Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroa. Ibilbidea Hendaian hasiz gero, txalupaz edo autoz Hondarribiara gerturatuko gara, pintxo batzuk jan eta Erdi Aroko herriaren xarmaz liluratzera. Handik, Lesaka, Bera, Zugarramurdi eta Sara bisitatzera joko dugu. Bidean goazela, geldialdia egingo dugu Bidasoa ibaiaren ertzean dagoen bidegorrian paseatzeko.

Lesakatik Baztanera joango gara, fantasia eta errealitatea nahasten diren eskualde magikora. Euskal sorginen istorioek eta paisaia sorginduak denboran zeharreko bidaia egitera eramango zaituzte. Leku gutxi egongo da Baztan bezain ederrak atseden hartzeko!

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Eurovelo sarea: Getari-Bertiz bidegorria

Getari (Lapurdi) eta Bertiz (Nafarroa) elkartzen dituen mugaz gaindiko ibilbide zoragarria 2014ean zabaldu berri dute. Kostaldetik mendialde oihantsura joan zaitezke, edo alderantziz. 60 km. inguruko ibilbidea Getarin hasi eta Bertizko Jauregiko Naturgunean amaitzen da. Tartean, Donibane Lohitzune, Hendaia, Hondarribia, Irun eta Lesaka zeharkatzen ditu.

 

Mugaz gaindiko ibilbide hau Europako Eurovelo bizikleta-bidearen barnean kokatuta dago. Eurovelo bideak Ipar Poloa eta Portugal hegoaldean dagoen Sagres herria lotzen ditu. Guztira, 8.200 km. ditu.

Larrungo trena (Sara)

Larrungo trena Ipar Euskal Herriko gune bisitatuena da. Tren xarmagarri honek Larrungo tontorreraino eramango zaitu. Haurrekin bidaiatzen baduzu, ez ezazu esperientzia eder hau galdu. 

Zugarramurdi eta Sarako leizeak

Zugarramundiko leizeak: Zugarramurdi 200 biztanleko herri sorgindua da. Zugarramurdiko leizeetan ez dago estalaktitarik ezta historiaurreko aztarna baliotsurik ere, baina gune magikoa da, XVII. mendera arte, inguruko herrietako gizon-emakumeak bertara etortzen baitziren akelarrean parte hartzeko.

 

Sarako leizeak: Euskal Herriko leku bisitatuenetako bat da. Ordubeteko bisita gidatuan, geologia, historia eta euskal mitologia deskubrituko dituzu.

Elizondo

Elizondo Baztango herri nagusia da. Bertako jauretxe eta jauregi ugarien edertasuna paregabea da. Eraikinik esanguratsuena Arizkunenea jauregi barrokoa da, baina udaletxeak, Datue jauregiak, erregeordearen etxeak edo Santiago elizak ere merezi dute bisita.

 

Baztandarrek Elizondon egiten dituzte azokak eta merkatuak. Ohiturarik errotuenetakoa Baztandarren Biltzarra da. Uztailaren 3. igandean ospatzen da. Baztango 15 herrietako gazteek espreski prestatutako karrozen desfilea egiten dute. Ondoren, mutildantza dantzatzen da Elizondoko plazan.

 

Ah, eta ez alde egin Elizondotik hur osoekin egindako txokolate famatua dastatu gabe!