HERRI XARMAGARRIAK

Ezagutu Euskal Herriko herririk politenak

FITXA

Itsasbazterrean zein barrualdean, Euskal Herri guztian barna topatuko dituzu herri xarmagarriak. Historia, arkitektura, kultura, gastronomia zein festengatik, denek badute zerbait erakutsi eta ikusteko. Hemen zerrendatxo bat duzu, baina zerorren kabuz beste hainbat deskubritzera animatzen zaitugu.

  • Denbora: + 3 egun
  • Publikoa: bikoteak, familiak, bakarrik

AZALPENA

Hondartza ederrak, historia handiko eraikinak, tradizio handiko festak, jaki eta edari goxoak… topatuko dituzu Euskal Herriko herri xarmagarrietan. Orokorrean, esan genezake, kostaldekoetan paisaia ederrak topatuko dituzula eta barrualdean, berriz, historia luzeko herrixkak. Gastronomiari dagokionez, norberari berea: batzuetan zein besteetan gozatu ahalko duzu jaki eta edari goxoez (gaztaz, txokolateaz, ardoaz, arrainaz, txakolinaz…).

Hemen Euskal Herri guztian barnako herri xarmangarri batzuk gomendatzen dizkizugu. Aitzitik, zinez animatzen zaitugu zure gisara herrixka eta bidezidorretan galtzera eta hemengo zerrenda hau luzatzera. Has gaitezen!

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Lekeitio

Euskal kostaldeko herririk politenetakoa da Lekeitio. Arrantza izan da bertako bizimoduaren motorra eta nabarmena da hori herrian. Santa Katalina itsasargian, arrantzari lotutako bizimoduari buruzko bisita gidatuak topatuko dituzu eta euskal kostaldeko bista paregabeez ere gozatu ahal izango duzu bertatik. Portuan paseotxo bat ematea ere ez da plan txarra arrantza-ontziak eta arrain salmenta ikusteko, eta bertako tabernaren batean arrain fresko-freskoa dastatzeko. Portutik gertu-gertu dagoen Andra Mariaren Zeruratzea basilikan sartu-irten bat egitea ere gomendatzen dizugu.

 

Bainutxo bat hartzeko, hor dituzu Karraspio eta Isuntza hondartzak, zein baino zein ederragoak. San Nikolas (Garraitz ere deitua) uhartea dute parez pare. Isuntzatik oinez joan zaitezke bertara marea baxua denean.

 

Festarako gogoz bazara, San Antolin jaiak gomendatzen dizkizugu irailaren aurrenean: antzar egunak (irailaren 5ean) aho zabalik utziko zaitu. Hori bai, arrantzalez jantzita joan zaitez atzerritar itxura izan nahi ez baduzu.

Elantxobe

Itsasoaren eta Ogoño itsasmuturraren artean harrapatuta dago Elantxobe. Bai, harrapatuta: ia itsasoan hasten da herria eta mendiaren magalean gora igotzen da. Etxeak eskaileran eraikita daudela dirudi eta edozein zabalgunetxo hartzen dute plazatzat. Autobusek eta ibilgailu handiek herriko plazan bakarrik har dezakete itzuli, eta plaza birakari bat erabiltzen dute horretarako. Ez dago esan beharrik: aldapa ederrak igo eta jaitsi behar dira herrian barrena ibili eta itsasoaz gozatzeko.

 

Eskualdeko harribitxi nagusia Gaztelugatxe da, Bizkaiko kostaldeko arrokazko uhartetxoa. Uhartetxora igotzeko, lurraren eta irlaren artean geratutako harkaitzen gainean eraikitako zubitxoa igaro behar da eta, ondoren, 231 eskaileratxo igo. Goian, Gaztelugatxeko Doniene edo San Juan Gaztelugatxekoa ermita dago. Ohituraren arabera, hara igotzen denak ezkila hiru aldiz jo behar du, eta desio bat eskatu. Ermitaren ondoan babesgune bat dago, mokadutxo bat eginez paisaia ederraz gozatzeko. Euskal Herriko interesgune turistiko garrantzitsua da eta 2014an, Internet bidezko herri bozketa batean Espainiako leku politena bezala izendatua izan da.

 

Inguru haietan bazabiltza, Mundakara joatea ere gomendatzen dizugu; batez ere, surfa atsegin baduzu. Ezaguna da oso Mundakako ezkerraldeko olatua eta mundu guztitik etortzen da jendea hori probatzera. Mundakako uretan nazioarteko surf txapelketak ere ospatzen dira. Nahi izanez gero, Bakion ere topatuko dituzu olatuak eta, bide batez, txakolin goxo-goxoa dastatzeko aukera izango duzu. Bizkaiko txakolinaren sehasketako bat da Bakio.

Guardia

Arabar Errioxa eta Guardia munduan dira ezagunak bertako ardo goxoei esker. Ardoak paregabeak direla argi dago, baina inguru haietara gerturatzen bazara, botilatik haratagoko esperientziak biziko dituzu. Mahatsondoz apaindutako paisaian, herritarren eguneroko bizimoduan eta bertako kulturan murgildu eta ardoa bizi egingo duzu.

 

Erdi Aroko herritxo honek liluratu egingo zaitu. Harresiko atea gurutzatu bezain pronto jabetuko zara zertaz ari garen: kale-zidor politak, eraikin ikusgarriak eta Ebro ibaiaren magaleko mahasti eta upategiak ikusteko leku apartak.

 

Bereziki gustatuko zaizkizu udaletxeko fatxada nagusiko erlojua (orduro Guardiako dantza dantzatzen duten panpinekin), ardoaren museoa eta ibilbidea, eta herri guztia zeharkatzen duten lur azpiko upategiak. Tarterik baldin baduzu, upategi bat bisitatzea ere esperientzia polita da: ardoa nola egiten duten ezagutu eta azken emaitza zein den dastatzeko aukera izango duzu.

 

Guardiatik zazpi bat kilometrora Sorginaren Txabola trikuharria dago. Euskal Herriko trikuharririk zaharrenetakoa da eta, gain batean dagoenez, paraje ederrez gozatu ahal izango duzu bertatik.

Tutera

Nafarroako hiririk garrantzitsuena Iruñearen ostean. 802. urtean sortu zuten islamiarrek Tutera eta haiek Europan eraikitako hiririk garrantzitsuenetakoa da. 400 urtez baino gehiagoz, arabiarrak, juduak eta mozarabiarrak elkarrekin bizi izan ziren Tuteran eta elkarbizitza horrek kultura eta arkitektura zinez aberatsa utzi dute hirian.

 

Tuterako altxor artistikoa Santa Maria katedrala da, 1180an mezkita zahar baten gainean eraikia. Sarrera eta klaustro erromaniko ederrak ditu, baita erdiko nabe gotiko argitsu bat ere. 1884an monumentu nazional izendatu zuten. Ebroko zubia ere polita da benetan. 360 m.-ko luzera du eta hiriaren bista panoramiko bikainaz gozatuko duzu bertatik. Tutera oinez bisitatzeko hiria dela esaten da, eta aipatutakoaz gain, hiriko kale eta plazetan galtzea proposatzen dizugu.

 

Gastronomiari dagokionez, Ebro ibaiaren bazterretako baratze emankorretako barazkiak probatu gabe ezin zara geratu. Batez ere, orburuak, zainzuriak eta piperrak dira ospe handia dutenak. Zintzurra bustitzeko, jatorrizko izendapena duten ardo goxoak dastatzea gomendatzen dizugu.

 

Haurrekin bidaiatuko baduzu, Sendaviva parkera gertura zaitezke. Arguedasen dago (Tuteratik 15 bat kilometrora) eta bertan jolas parkea eta erdi libre ibiltzen diren animaliak topatuko dituzu.

 

Lasaitasun bila bazabiltza, Fitero leku aproposa da. Erromatarren garaiko termak dituzu zain han, gorputza eta arima biziberritzeko.

Elizondo

Elizondo Baztango herri nagusia da. Bertako jauretxe eta jauregi ugarien edertasuna paregabea da. Eraikinik esanguratsuena Arizkunenea jauregi barrokoa da, baina udaletxeak, Datue jauregiak, erregeordearen etxeak edo Santiago elizak ere merezi dute bisita.

 

Baztandarrek Elizondon egiten dituzte azokak eta merkatuak. Ohiturarik errotuenetakoa Baztandarren Biltzarra da. Uztailaren 3. igandean ospatzen da. Baztango 15 herrietako gazteek espreski prestatutako karrozen desfilea egiten dute. Ondoren, mutildantza dantzatzen da Elizondoko plazan.

 

Ah, eta ez alde egin Elizondotik hur osoekin egindako txokolate famatua dastatu gabe!

Getaria (Gipuzkoa)

2013an munduko 46 bisitatzeko lekuen zerrendan sartu zuen The New York Times egunkariak Getaria; besteak beste Amsterdam, Marseilla eta Río de Janeiro bezalako hiriekin batera. Erdi aroan sortu eta arrantza tradizio handiko Gipuzkoako herri txiki honek badu nonbait xarma berezia.

 

Guk bertako alde zaharreko kaletxoetan galtzea gomendatzen dizugu. San Salvador eliza eta tenplu honen azpitik barrena Kale Nagusia eta portua lotzen dituen pasadizoa (Katrapona izenez ezaguna) politak dira benetan. Elkano kalean arrantzaleen etxeak topatuko dituzu. Estuak, kolore bizi eta askotakoak eta egurrezko balkoiak dituzten eraikin ederrak dira.

 

Bekatua izango litzateke herri honetatik kalean bertan dauden erretegiren batean txingorretan erretako arrain ona probatu gabe gelditzea, bertako ardo onaz lagunduta. Ez ahaztu, Getariako Txakolina jatorri deituraren bazterretan zaude.

 

Bertan jaio ziren, besteak beste, Juan Sebastian Elkano, munduari bira eman zion lehendabiziko pertsona, eta Cristobal Balentziaga, jende ospetsu askorentzako goi mailako joskintzako maisua izan zena. Azken horrek berari eskainitako museoa du.

Biarritz

Biarritz ozeanoari zabalik bizi den herria da. Biarritz oporraldia igarotzeko frantses burgesiaren hiri kuttuna izan zen. Gaur egun, Biarritzen surfaren kultura bazter guztietara hedatu da eta, urtero, ehunka surflari gerturatzen da bertako hondartzetan surf egitera. Familian etorriz gero, hutsik egin gabe bisitatu Itsasoaren museoa eta Ozeanoaren Hiria.

Donibane Garazi

NOLA IRITSI

Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Iruñeatik: autoz

Baionatik: autobusez, trenez edo autoz

Mauletik: autobusez edo autoz

 

Erdi Aroko herria da Donibane Garazi, eta garrantzitsua Done Jakue bidean, bertatik pasatzen delako Frantziatik Espainiarako bidea. Hitz ematen dizugu Donibane Garaziko harri gorrizko etxe eta kaleek liluratu egingo zaituztela.

 

Konbentzitu bazaitugu eta Donibane Garazira bazoaz edo jada han bazaude, bertako harresia bisitatzea gomendatzen dizugu, herria bera eta inguruko paraje menditsuez gozatzeko aukera paregabea baituzu hori. Behin herriko kaleetan murgilduta, gustatuko zaizu Andre Mariaren eliza, Zitadela eta Eiheraberriko zubia bisitatzea. Azken hau ikusiko duzu Donibane Garaziko ia argazki guztietan.

 

Kale zidorretan zabiltzala, hainbat merkatariren dendatxoak ikusiko dituzu, eta bertan sartzera gomitatuko zaituzte, gauza ederrak, jaki eta edari goxoak eta istorio politak poltsan hartuta aterako baitzara bertatik.

 

Donibane Garazitik pixka bat ateratzea erabakitzen baduzu, egizu bisitatxo bat Irulegira. Bertako ardoa da Iparraldean jatorrizko deitura duen bakarra.

Sara

Sara xarma eta aberastasun kultural handiko herrixka da. Bere plazak, giroak eta, batez ere, etxeek liluratu egingo zaituzte. Mugako herria da Sara eta bere historia, ondarea eta tradizio guztiak kokapenari azkarki lotuak daude.

 

2500 biztanleko herrixka paraje zoragarrian kokatua dago. Inguratzen duen mendi ezagunena Larrun da, oinez zein trenez igo dezakezuna. Ondarea ere oso da aberatsa: XVII. mendeko Ortillopitz etxea bisitatzera gonbidatzen zaitugu edo Sarako leizeetan murgiltzea. Gastronomiari dagokionez, nekez egingo duzu bisita Saran euskal bixkotxa dastatu gabe. Nahi izanez gero, euskal bixkotxaren museoa ere bisita dezakezu.

Donibane Lohitzune

Donibane Lohitzune herri xarmagarrietan xarmagarrienetakoa da. Ezin zara ondotik pasa geldialditxo bat egin gabe. Donibane Lohitzuneko kale nagusia Gambetta kalea da, komertzio politez jositako oinezkoentzako kale animatua. Bertan dago ere Luis XIV.a eta Maria Teresa Austriakoa espainiako infanta ezkondu ziren eliza.

 

Itsasoaz gozatzeko, hondartza ederra duen herria da, baina paseo polit bat ere egin dezakezu portutik hasita, hondartza zeharkatuz, puntan dagoen Santa Barbara menditxoraino. Haurrak badituzu, Gambetta kalean gora eginda eskuinetara geratzen den Ducontenia parkean, pic-nic egin eta jolasteko leku zoragarria dago.

 

Ta merkatuak atsegin badituzu, jakin, asteartero eta ostiralero inguruetako baserritarren ekoizpenak erosteko aukera izango duzula.

Santa Engrazi

Zuberoako herri xarmagarrienetakoa da Santa Engrazi. Euskal Herriko mendi ederrenen artean gordetako 300 biztanle eskaseko herri honetan lasaitasuna eta paraje berdeak dira nagusi. Herria bera eta bertako Erdi Aroko eliza ikustea gomendatzen dizugu guk. Eliza oso izan da garrantzitsua historian zehar, Konpostelako bidean baitago. UNESCO-ko gizateriaren ondasunen artean da eta garai batean, Gaztelako erreinuko errege-erreginak ere etortzen ziren bertara.

 

Santa Engrazitik ez oso urrun, Kakuetako arroilak eta Holtzarteko zubia topatuko dituzu; biak ala biak ikusgarriak eta egun berean ikusteko modukoak. Kakueta arroila bat barru barrutik ikusteko aukera aparta da. Eskailerak eta aldapak jaitsiz, konturatzerako arroila barruan izango zara. Harkaitzezko paretak izugarriak dira eta ura ezin garbiagoa. Tunela igaro eta errekaren alde batera eta bestera eramango zaituzten hainbat zubi ere zeharkatuko dituzu. Amaieran, ur jauzi eta kobazulo eder batera iritsiko zara. Nahiz arroilak aurrera jarraitzen duen, prestatutako bidea hemen bukatzen da. 

 

Holtzarteko zubira joateak ere merezi du. Holtzarteko zubia 70 m. luze, 1,5 m. zabal eta 170 m. gora den zubi zintzilikaria da. Bertara joateko Larraine-ra doan bidean gora hasi baino lehen, Logibar ostatuaren ondoan autoa utzi behar da. Bide seinalatu eta erabilian gora eginez iritsiko zara 180 metroko altuera duen Holtzarteko zubira. Ibilbide aldapatsua da, baina ez oso luzea. Holtzarteko zubiak zahar eta gazte liluratzen ditu. Kontuan izan Holtzarteko zubia Iratiko baso ederraren magalean dagoela. Behin hara joanez gero, zinez merezi du pagoartean beste txango bat egitea. Irati Europako bigarren pagadi handiena da, Alemaniako oihan beltzaren ostean.