HIRIBURUAK

Zazpi hiriburu, zazpi bizimodu

FITXA

Utzi alde batera muga administratiboak eta bisitatu mugaren bi aldeetara dauden Euskal Herriko zazpi hiriburuak. Guztiak dira ezberdinak, baina badute elkarren artean harremanik: estuago edo lasaiago, euskal kulturak lotzen ditu. Utzi beldurrak eta konplexuak etxean eta goazen abiatzera, bidelagun izango gaituzu.

  • Denbora: + 5 egun
  • Publikoa: bikoteak, familiak, bakarrik

AZALPENA

Euskal Herriak 7 probintzia ditu, eta beraz, 7 hiriburu. Guztiak arras desberdinak dira. Batzuk kostaldean kokatuak, itsasoari eta portuari begira handitu direnak; besteak, barrualdean kokatuak, zerbitzuen eta nekazaritzaren gerizpean. Guztiek dituzte euren ezaugarriak eta bereizgarriak, bisitatzea merezi egiten dutenak.

Esan genezake Euskal Herriko hiriburutzat Iruñea har genezakeela, Nafarroa kontsidera genezakeelako Euskal Herriaren eta euskararen bihotza (euskarari “lingua navarrorum” zerbaitegatik deitu izan zaio), eta geografikoki ere Euskal Herriaren erdigunean dagoelako. Hortik hasita, ordubete inguruko distantzian gainontzeko seiak bisitatu ahal dituzu: Vitoria-Gasteiz, Bilbo, Donostia, Baiona, Donibane Garazi eta Maule.

IBILBIDEAREN MAPA

INTERESGUNEAK

Iruñea

NOLA IRITSI

Bilbotik eta Baionatik: autobusez edo autoz (Baionatik autobusez, udan soilik)

Vitoria-Gasteiz eta Donostiatik: autobusez, trenez edo autoz

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Historia gustuko baduzu, Iruñea duzu zure hiriburua: kristo aurreko lehen milurtekoan baskoiak jada Iruñean bizi zirenaren aztarnak egon badira.

 

Nafarroako hiriburua leku estrategikoa izan da historian zehar. Izan ere, Frantziaren eta Iberiar Penintsularen arteko zubi gisa hartua izan da, eta haren kale, etxe, eraikin eta herritarren artean murgiltzen bazara, hainbat istorio, guda, borroka eta bizimoduren berri izango duzu.

 

Guk alde zaharra bisitatzea gomendatzen dizugu, eta, bereziki, harresia eta Iruñeako katedrala ikustea eta San Fermin jaietako entzierroaren ibilbidea egitea. Haurrekin bazabiltza, planetarium-a bisitatzea plan polita izan daiteke.

 

Iruñatik bertatik pixka bat ateratzeko aukera edo gogoa baduzu, Xabierko gaztelua eta Jorge Oteizaren museoa ikustera animatzen zaitugu.

Vitoria-Gasteiz

NOLA IRITSI

Donostia eta Iruñeatik: autobusez, trenez edo autoz

Bilbo eta Baionatik: autobusez edo autoz

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Euskal Herriko hiriburu berde izendatuko genuke guk Vitoria-Gasteiz: besteak beste, bidegorriak eta bizikletak dira protagonistak bertan. Jakingo duzu, agian, 2012an Europako Hiriburu Berdea izan zela Vitoria-Gasteiz. Hiritik atera gabe naturaz gozatzeko eta familian bidaiatzeko asmotan bazabiltza, ez duzu helmuga txarra.

 

Guk Vitoria-Gasteiz bizikletaz bisitatzea proposatzen dizugu: ez duzu aldaparik eta inolako arriskurik izango. Hasi Ken Follet idazle ezaguna inspiratu zuen Santa Maria katedrala bisitatzetik, pasatu arte modernoaren Artium museotik eta gozatu naturaz eta animaliez Vitoria-Gasteizko gerriko berdean. Gosea eta egarria ere egingo zaizu ordurako eta aprobetxatu txangoa tripa betetzeko. Jakizu, jada ez badakizu, Vitoria-Gasteizko 2014ko Espainiako gastronomia-hiriburua dela.

 

Hiriburutik bertatik atera nahiko bazenu, gertu dituzu Arabar Errioxako mahastiak eta upategiak, baita Añanako gatzaga ere.

Bilbo

NOLA IRITSI

Donostiatik: autobusez, trenez edo autoz

Vitoria-Gasteiz, Iruñea eta Baionatik: autobusez edo autoz

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

 

Euskal Herriko hiririk handiena eta kosmopolitena da Bilbo. Azken urte hauetan hiri ilun eta industriala izatetik modernoa eta bizia izatera pasatu da, eta Guggenheim museoa da aldaketa horren ikurretako bat. Denboraren eta lanaren poderioz, Bilbo munduko hiri bisitatuenen (New York, Bartzelona…) zerrendan gora egiten ari da.

 

Bilbo bisitatzeko asmoa baduzu, honakoak dituzu galdu behar ez dituzun planak. Batetik, Guggenheim Bilbao eta arte ederren museoa. Athletic Club futbol taldearen zelai berria bisitatzera ere animatzen zaitugu, bertan haren historia eta euskal izaerarena ere ezagutzeko aukera izango duzulako. Ta ez galdu alde zaharreko 7 kaleetako eta, batez ere, Erriberako merkatuko giro aparta. Merkatuak 10.000 m2 ditu, eta Europako merkatu estali handiena da.

 

Portugaleteko Bizkaiko Zubia (UNESCOk Mundu Mailako Ondare izendatua) bisitatzeko goiz edo arratsalde bat hartzea ere merezi du. Eguna bukatzeko, Arriaga antzokian edo Euskalduna jauregian emanaldi bat ikustea ez da plan txarra.

Donostia

NOLA IRITSI

Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Iruñeatik: autobusez, trenez edo autoz

Baionatik: Pesa autobusez, Alsa autobusez edo autoz

Biarritzeko aireportutik: Pesa autobusez edo autoz

Hendaiatik: trenez (topoa ordu erdi oro ateratzen da) edo Starshipper autobusez

Donibane Garazi eta Mauletik: autoz

Tolosa (Okzinatia) eta Paue-tik: Starshipper autobusez

 

Kantauri isurialdeko harribitxietako bat dugu Donostia. Garai bateko burgesiaren opor-lekua eta egun oraindik orduko tankera mantentzen duena. 2016an Europako kultur hiriburua izango da eta ordurako prestaketa-lanek xarma berezia eman diote hiriari.

 

Hiru hondartzetako batean bainu gozoa hartu edo paseatu ostean, parte zaharreko edozein tabernatan pintxoak jateak sortzen duen plazerak ez du parekorik eta uda partean etorriko bazara, baliteke, bide batez, jaialdiren batekin ere topo egitea: Jazzaldia uztailan eta Zinemaldia irailean, pasatzen ez uztekoak dituzu.

 

Haurrekin bazabiltza, Aquarium-a eta Igeldoko funikularra bisitatzea proposatzen dizugu. Bisita kulturalak atsegin badituzu, berriz, San Telmo museoa eta Eduardo Chillida eskulturgile sonatuaren Haizearen Orrazia ikus ditzakezu; ez zara damutuko.

Baiona

NOLA IRITSI

Donibane Garazitik: autobusez, trenez edo autoz

Donostiatik: Pesa autobusezAlsa autobusez edo autoz

Bilbotik eta Gasteizetik: autobusez edo autoz 

Iruñeatik: autobusez udan soilik edo autoz 

Tolosatik (Okzitania) eta Pauetik: Starshipper autobusez

 

Iparraldeko euskal hiriburu nagusia da Baiona. Urte askoan hiri merkataria izan da Europa eta Iberiar Penintsula lotzeko leku estrategikoan dagoelako eta itsasoaren gertutasunagatik. Orduko garaietan murgiltzera gonbidatuko zaituzte bertako etxe, eraikin, eta kale dotore eta ederrek.

 

Gozozalea bazara, zorionekoa zu: Baiona txokolatearen hiriburua duzu. Edozein txokotan izango duzu txokolate goxo bat hartzeko parada; museoa ere badu, bisitatu nahi izanez gero.

 

Baionako kaleetan murgilduz gero, ezin dituzu galdu alde zaharra, Andre Maria katedrala (UNESCOk Mundu Mailako Ondare izendatua), Euskal Museoa, Bonnat-Helleu margolan-museoa eta Aturri ibaiaren bazterretik paseotxo bat egitea.

 

Hiritik pixka bat aterako bazara, zoaz Biarritzera. Euskal kostaldeko herririk xarmagarrienetako duzu hura, baita surf-aren Europako sehasketako bat ere. Eta barrualderako bidea hartu nahiago baduzu, Larrungo trenean ibiltzea proposatzen dizugu.

Donibane Garazi

NOLA IRITSI

Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Iruñatik: autoz

Baionatik: autobusez, trenez edo autoz

Mauletik: autobusez edo autoz

 

Erdi Aroko herria da Donibane Garazi, eta garrantzitsua Done Jakue bidean, bertatik pasatzen delako Frantziatik Espainiarako bidea. Hitz ematen dizugu Donibane Garaziko harri gorrizko etxe eta kaleek liluratu egingo zaituztela.

 

Konbentzitu bazaitugu eta Donibane Garazira bazoaz edo jada han bazaude, bertako harresia bisitatzea gomendatzen dizugu, herria bera eta inguruko paraje menditsuez gozatzeko aukera paregabea baituzu hori. Behin herriko kaleetan murgilduta, gustatuko zaizu Andre Mariaren eliza, Zitadela eta Eiheraberriko zubia bisitatzea. Azken hau ikusiko duzu Donibane Garaziko ia argazki guztietan.

 

Kale zidorretan zabiltzala, hainbat merkatariren dendatxoak ikusiko dituzu, eta bertan sartzera gomitatuko zaituzte, gauza ederrak, jaki eta edari goxoak eta istorio politak poltsan hartuta aterako baitzara bertatik.

 

Donibane Garazitik pixka bat ateratzea erabakitzen baduzu, egizu bisitatxo bat Irulegira. Irulegiko ardoa da Iparraldean jatorrizko deitura duen bakarra.

Maule

NOLA IRITSI

Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Iruñatik: autoz

Baiona eta Donibane Garazitik: autobusez edo autoz

 

Maule da Euskal Herriko hiribururik birjinena: Pirinioak hortxe direla esaten duten mendiak, arroilak, ibaiak eta herritxoak dira errege gizakia txikia dela nabarmen uzten duten inguru haietan. Familian zein bikotean edo bakarrik, lasaitasuna, aire garbia eta gorputza pixka bat mugitzea bilatzen ari bazara, leku egokira heldu zara.

 

Kakuetako eta Holtzarteko arroilak ikusgarriak dituzu egun-pasa baterako. Lehena, erreka bazterretik egin dezakezu, eta bigarrena, ausartzen bazara, alde batetik bestera pasa dezakezu 140 m-ko altuera duen zubi eseki batetik. Iratiko oihana da Europako bigarren pagadirik handiena Alemaniako Oihan Beltzaren ostean, eta mila aukera eskaintzen dizkizu familian edo bakarrik, udan zein neguan edota oinez nahiz bizikletan ibiltzeko.

 

Pixka bat deskantsatu eta hiriburua bisitatzeko, Mauleko gaztelura joatea gomendatzen dizugu.